Prentsa oharra

Eduardo Crespo, Mina Fitzpatrick, Manuel Muñoz Rivas, Magdalena Orellana eta Marina Palacioren film-proiektuak izan dira Ikusmira Berriak programaren zazpigarren edizioan izena eman duten 409 proiektuen artean hautatu direnak. Zehazki, aurten % 220 igo da aurkeztutako proiektu kopurua, iaz 185 aurkeztu baitziren. Ikusmira Berriak Donostiako Zinemaldiak, Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroa – Tabakalerak eta Elias Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatzen duten egonaldi-programa bat da, ikus-entzunezko proiektuak garatzera bideratuta dagoena.

  • EAEkoa: Y así seguirán las cosas, Marina Palacio.
  • NESTekoa: Mina Fitzpatricken Wandervogel.                                            
  • EQZEkoa: Magdalena Orellanaren Hasta que el lugar se haga improbable.
  • ESPAINIAKOA: Manantial, Manuel Muñoz Rivas.
  • NAZIOARTEKOA: La gruta del viento, Eduardo Crespo.

Eduardo Crespo (Crespo, Argentina, 1983) zuzendaria, gidoilaria eta argazki-zuzendaria da, eta nazioarteko kategorian izan da hautatua. Donostiako Zinemaldiko Atal Ofizialean lehiatu zen azken edizioan Nosotros nunca moriremos filmarekin. EQZEko lehen promozioko ikasle Marina Palacio (Donostia, 1996) izan da Euskal Autonomia Erkidegoko sortzaileen kategorian hautatutako zuzendaria, eta berak ere Zinemaldiaren 68. edizioan hartu zuen parte, zehazki, Zabaltegi-Tabakalera atalean, Ya no duermo film laburrarekin. Magdalena Orellana (Buenos Aires, 1990) izango da EQZEko bigarren promozioko ordezkari. Besteak beste, honako toki hauetan egon da bere lana ikusgai: TheFilmmakers’- Coop, Círculo de Bellas Artes, Cineteca, MediaLab Prado, BilbaoArte, CCCB eta Madrilgo Erkidegoko Sala de Arte Joven. Espainiako kategorian, hautaketa-batzordeak Manuel Muñoz Rivasen alde (Sevilla, 1978) egin du apustu. Hain zuzen, 2017ko Berlinale zinemaldian aurkeztu zuen bere lehen film luzea: El mar nos mira de lejos. Nest kategorian Mina Fitzpatrick (Estatu Batuak, 1989) izan da hautatua. 2017an, Donostiako zinema-ikasleen nazioarteko topaketan hartu zuen parte, Ikusmira Berriak egonaldian garatuko duen proiektuaren izen berbera zuen film labur batekin; alabaina, oraingoan film luze bat egingo du.

Hautaketa-batzordea erakunde antolatzaileen –Nazioarteko Kultura Garaikidearen Zentroa-Tabakalera, Donostiako Zinemaldia eta EQZE– ordezkariek osatzen dute, eta hautaketa anitza egin dute, filmen bidez landutako gaiei eta proiektuak aurkeztu dituzten zinemagileen ibilbideei dagokienez. Zehazki, honako gai hauek jorratuko dituzte beren egonaldietan: aita eta alaba baten berrelkartzea Italiako Toscanako haitzuloetan (La gruta del viento); Ipar Poloaren misterioetarako espedizio-forma duen fantasia bat (Hasta que el lugar se haga improbable); parrizidioa egozten dioten gazte baten erretratua, Texaseko desertuaren indarkerian eta arroztasunean sartuta ere, bere tokiaren bila dabilena (Wandervogel); senar-emazte edadetu batzuen azken bidaia, Cazorla mendilerroan barna Guadalquivir ibaiaren iturburuaren bila; eta nerabezarotik haurtzarorako trantsizioa –denbora atzeraka doa–, Palentziako herri bateko lagun-talde baten bizitzan oinarrituta (Y así seguirán las cosas).

Egonaldia zortzi astekoa izango da. Pandemiaren eboluzioak eta agintariek horretarako oztoporik jartzen ez badute, hautatutako bost zinemagileak martxoaren 15ean iritsiko dira Tabakalerara, eta apirilaren 25era arte garatu ahal izango dituzte beren proiektuak. Irailean itzuliko dira, Donostiako Zinemaldiarekin batera, egonaldiaren azken bi asteak egiteko; izan ere, proiektua garatuago egongo da, eta, beraz, haren berri eman ahal izango diote zinemagintzaren industriari. Fase horretan, pitching saiorako prestakuntza emango zaie (proiektuaren aurkezpena), Zinemaldian egongo diren industriako profesionalekin bil daitezen. Proiektu bakoitzak 5.000 euroko laguntza jasoko du, garapen-prozesuan aurrera egiteko. Zinemagileek ekainean jasoko dute laguntza hori, egonaldiaren azken bi asteei ekin baino lehen proiektua garatzen jarraitzeko aukera izan dezaten. Gainera Irusoin ekoiztetxeak Irusoin Postprodukzio Saria emango dio hautatuko proiektuetako bati. Hain zuzen, saria postprodukzio-lana egitea izango da: soinua, kolorea, grafismoa eta DCP masterra.  

Ikusmira onak

COVID-19ak eragindako zailtasunei aurre egin behar izan bazieten ere, ikusmira onak dituzte Ikusmira Berriak programaren 2020ko edizioan hautatutako bost proiektuek. Diego Céspedesek zuzendutako eta Giancarlo Nasik ekoitzitako (Quijote Films) La misteriosa mirada del flamencok Torino Film Lab- TFL Production Award – Creative Europe Media saria irabazi du; zehazki, 50.000 euro. EQZEko lehenengo promozioko ikasle Gabriel Azorínek zuzendutako eta Carlos Pradok ekoitzitako (Dvein Films) Anoche conquisté Tebasek Sevillako Zinemaldiko Koprodukzioen Foroko RTP saria irabazi du; zehazki, 100.000 euro. Jessica Sarah Rinlanden Monólogo Colectivok Rotterdamgo Zinemaldiko Hubert Bals Fund(HBF) funtsaren babesa jaso du. Jaione Cambordak (Esnatu Zinema) O corno do centeo lana koproduzitzeko hitzarmen bat sinatu du Miramemirako Andrea Vázquezekin (O que arde), eta AGADICen (Galiziako Xuntaren laguntzak) 249.000 euroko dirulaguntza bat jaso du. Azkenik, Elena Martín Gimenoren (Vilaüt Films SL) Creatura ere koprodukzioan egingo dute Lastor Mediak eta Avalon-ek.

2018 eta 2019ko edizioetatik nabarmentzekoak: Arantza Santestebanen (Txintxua Films / Hiruki Filmak) 918 gau Zinemaldiko WIP Europa programan egon zen ikusgai, eta Raven Jacksonen Dirt Roads Taste of Salt, aldiz, Tribeca Film Institute Network eta Film Independent Producing Lab-en.   

Donostiako Zinemaldiaren azken edizioan ere Ikusmira Berriak programaren egoitzetan garatutako lanak ikusi ahal izan dira hainbat ataletan: Grigory Kolomytsev-en Chupacabra (New Directors atalean), Leonardo Van Dijl-en Stephanie (Zabaltegi-Tabakalera atalean) eta Aitziber Olaskoagaren Jo ta ke (Zinemira atalean). Horrez gain, azken urteotan Ikusmira Berriak egonaldietan landutako hainbat proiektu ikusmira onak dituzte 2021erako: Manuel Abramovich-en Pornomelancolía eta Helena Girón eta Samuel M. Delgadoren Eles transportan a morte.

Ikusmira Berriak Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzak utzitako ondarearen parte da.