Prentsa oharra

Duela egun batzuk zabaldu zen militarrak badoazela Loiolako kuarteletatik eta 20 hektarea geldituko direla libre edo. Haritzalden pozten gara Urumearen ordua izan daitekeelako. Udalak aukera paregabea du orain arteko politikari buelta emateko eta Loiolako Erriberan eta Amaran galdutako padurak berreskuratzeko bertan. Urteak ibaiari berea dena kenduz, tokirik gabe utziz eta uholdeak zirelako kexu agertuz. Hormak eta porlana izan da irteera, ibaia itoz eta kanala bilakatuz. 20 hektarea Donostian Plaiaundi naturalago bat sortu ahal izateko, Ametzagaina-Lau haizetarekin lotuz eta korridore berdea sustatuz.

Esan bezala, Loiolako auzoan uholdeak ekiditeko neurri oso eraginkorra izateaz gain, garai hauetan hain beharrezko ditugun berdeguneak balorean jartzeko aukera dugu, hezegune berri bat eratuz. Gainera Euskadiko Lurralde Antolaketa Gidalerroekin (LAG-DOT) bat dator, ondorioz, Donostiako Udalak lehen interesatua izan beharko luke Plangintza tresna lotesle hori betetzen.

Egun indarrean dagoen, baina aldi berean erabat agortuta bezain zaharkituta dagoen 2010eko Plan Orokorra onartzeko fasean Haritzalde Naturzaleen Elkarteak arrazoibide eta alegazioak aurkeztu zituen hemen aipatzen dugun proposamena luzatuz. Orduan ez zen onartu. Are gehiago, horren harira Donostiako Ingurumen Kontseiluak antolaturiko bileran gure proposamena bromatzat hartu zuten. Gure eskaria berretsi eta gero erotuta geundela esan ziguten aintzat hartu gabe.

Erokeria gurea omen da, baina behar ez dugun metroa edota inoiz egin den obrarik garestiena eta hain azkarra izateko mantsoen doan Abiadura Handiko Trena bezalako proiektuak garapena omen dira, tajuzkoak. Lanek ikaragarrizko gastu ekonomikoa izateaz gain, ingurumen inpaktu handi eta itzuliezinak sortuko dituzte. Horietan gastatuko dena ez da osasun arlora, hezkuntzara edo gizarte laguntzetara joango. Erotuta gu, baina Urumea bailarako lur emankorra, Gipuzkoako onenetarikoa, xahutzen ari gara porlanaz betez.

Azpiegitura horietatik etorri beharko dira elikagaiak, zeren eta udalerriak eta inguru gertuak kontsumitzen ditugunetatik %1a baino ekoizteko gauza ez baita. Noizbait garraioa moztuko balitz, zer? Halabeharrez harria eta zementua jaten hasi beharko genuke.

Geuk onarturiko legeak bete nahi izatea eta dugun ondare naturala eta biodibertsitatea kontserbatu nahi izatea, lurralde antolaketan eta planifikazio ofizialetan onartuta dauden naturguneak, parkeak eta korridore berdeak defendatu eta bultzatu nahi izatea radikala izatea omen da. Hori bai eromena! Trafiko, kutsadura eta zarata ekarriko dituzten egitasmoak aldiz, parkinak herrigunean edo merkataritza gune erraldoiak bultzatzea herritarrengan, bere beharizanetan, pentsatzea izango da. Denda txikiak itolarrian dauden honetan frankizia eta kate komertzial handiei alfonbra gorria jartzea aurrerakoia izango da. Geratzen zaizkigun berdegune eta eremu naturalak okupatzea, artifizializazio maila emendatzea eta egituren hesi efektua areagotzea garapen jasangarritzat salduko digute.

Zein da zoroa? Non dago koherentzia? EAJ Gascoren PSEk aurkeztu zuen metroaren egitasmoaren kontra agertu zen, besteak beste Eusko Trenek baduelako zer hobetu eta non inbertitu honezkero abian duen trenbide sarean. Orain hirian zuloak nonahi azaltzen ari direla, babestu ez ezik bultzatzen du. PSE, Odon Elorza buru zuela, errauskailuaren kontra agertu ez ezik, aritu zen, Donostian ez zutela nahi adieraziz. Egun defentzaile sutsuenak beraiek. Abestiak dioen bezala: “hau eromena, hau eromena, berekoikeriaren dema”.

Eta amaitzeko, erotzeko modukoa den egoera honetan, Loiolako Kuarteletan egin nahi duten hirigintza operazio gozo-oparoan batzuei begiak dir-dir jarri zaizkie, txiribitaz beteak, dolarraren ikur bikoitzak aurpegia argitzen. Ez da oraindik ezer aprobatu eta honezkero etxeak salgai. Hortik entzuten da zine zuzendari baten abizena duen enpresa atzean dabilela eta Chillidaren ikurra duen banketxearen finantziazioa ere itxita dutela, aspalditik gainera. Etxebizitzen prezioak ere zurrumuruetan dabiltza. Hemen, nork agintzen du? Nor da eroa?