Prentsa oharra

Maria Eugenia Arrizabalaga: “Etorkizuna Eraikiz programaren bitartez lurraldeko eragileekin partekatu eta haien eskutik landutako proiektu estrategikoak garapen maila aurreratuan ditugu. Gipuzkoan beraz, plangintza aurreratua dugu”

“Europako funtsei buruz dugun iritzia argia da: etorriko diren funtsetatik ahal dugun gehiena lortzea eta ahalik eta modu eraginkorrenean aplikatzea, Gipuzkoa eta Euskadi eraldatzeko, Europak ezarritako irizpideen arabera.. Hori baita gure iritzian, Gipuzkoaren interes orokorrari egin diezaiokegun ekarpenik onena” adierazi du Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJ-PNV bozeramaile Maria Eugenia Arrizabalagak, COVID-19ak sortutako kalteei aurre egiteko Europatik iritsiko diren diru-laguntzen inguruan. “Gipuzkoako Foru Aldundiak – jarraitu du – proiektu benetan estrategikoak aurkeztu dizkio Eusko Jaurlaritzari, abenduaren 29an “Euskadi Next” dokumentuan txerta ditzan herrialdeko proiektu gisa. Izan ere, data horretan aurkeztu behar zaizkio Espainiako Gobernuari. Nolanahi ere, jakin badakigu “Europa Next Generation”-eko irizpideak Espainiako Estatuak berrinterpretatuko dituela eta politikoki defendatu beharko ditugula – gaineratu du –“.

“Azken hilabete hauetan, Gipuzkoako Foru Aldundia ahalegin handia egiten ari da, zehaztugabetasunari aurrea hartu nahian, Eusko Jaurlaritzak Estatukoari aurkeztuko dizkion lehentasunezko proiektu estrategikoak hautatzeko. Jakitun izanik azken hitza Europako Batzordeak izango duela, baina kontuan hartuta Espainiako gobernuak zer proiektu aurkeztuko diren erabakitzeko ahalmena izango duela – azpimarratu du Arrizabalagak –“. “Baina gai honetan, aurreko legealdian abian jarritako Etorkizuna Eraikiz programari esker, Foru Aldundiak lana aurreratuta izatea lortu du, proiektuak bat baitatoz Europak ezarritako irizpideekin. Azken batean – gaineratu du –, lurraldeko eragileekin batera garatu eta partekatutako proiektuak baitira eta Europak zehazten dituen irizpideekin bat datozenak: Mubil, elektromugikortasun jasangarriaren polo teknologia (trantsizio energetiko-klimatikoa); Ziur, gure industria ekoizpenean zibersegurtasuna bermatzeko proiektu digitala (trantsizio teknologiko-digitala); Natur Klima, aldaketa klimatikoari aurre egiteko estrategia, ekonomia zirkularra eta lurraldearen erresilientzia lantzeko proiektua (trantsizio energetiko-klimatikoa); eta Adinberri, zaintzarekin eta erronka demografikoarekin lotutako egitasmo berritzailea (trantsizio sanitario-soziala), besteak beste. Guztiak ere, Europako irizpideekin bat egiten dutenak, elkarlan publiko-pribatuan oinarrituak”.

Amaitzeko, EAJ – PNV bozeramaile Maria Eugenia Arrizabalaga EH Bilduri zuzendu zaio: “EH Bilduren jarrera ulergaitza da, Aldundiak aurkeztuko dituen proiektuak bertan behera uztea eskatzen baitu, herritarrek ez gaituztelako hautatu eztabaida antzuetan aritzeko, ezta politika negatiboetarako ere, gizarte bezala dituzten arazoei erantzun eta aurre egiteko baizik. Hori da Foru Gobernuaren helburu nagusia, Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei erantzutea. Eta gu behintzat horretan ari gara – amaitu du –“.