Prentsa oharra

Donostiako Egia kaleko 22. zenbakian, Sarebek (Banku Berregituraketatik datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietatea) pultsu bat du lau etxebizitzetako bizilagunekin. Erakunde horrek eta bere kudeatzaile nagusietako batek, Haya Reale Estate, ez dituzte alokairukontratuak berritu nahi. Izan ere, 12 auzokideri eragiten diete alokairukontratu horiek, eta gaur egungo kontratuak amaitu ahala, maizterrak botatzeko prozesuak bultzatzeko mehatxua egiten dute. Kudeatzaileak ez du elkarrizketarik egin nahi izan negoziazioa irekitzeko eta, une honetan, 82 urteko emakume bat egoera irregularrean dago, alokairua ordaintzen ari da kontratua amaitu arren, eta ez daki noiz jasoko duen gutuna etxetik botatzeko datarekin.

Argi utzi nahi dugu Sareb Espainiako Estatuak eta Europako Kontseiluak sortu zutela 2012an, “aktibo toxikoak” (banku-kontabilitatean gainbalioetsitako ondasunak) erosteko, hau da, finantza-sistema
salbatzeko. 2008an burbuila lehertu eta prezioak jaitsi zirenean, ikusi zen bankuek aktibo toxiko horiek beren merkatuko benetako balioagatik kontabilizatzen bazituzten porrotean deklaratuko zirela eta, erortzean, Espainiako ekonomia guztia haiekin arrastaka eraman, eta, Europako bankuak ere arriskuan jar zitzaketela. Horregatik sortu zen Sareb, 4.800 milioi euroko kapitalarekin: %55 jatorri pribatukoak eta %45 jatorri publikokoak. Erakunde horrek, ustez, helburu publiko bat du, baina komisio handiak kobratzen dituzten eta zerbitzu hau emateagatik dirua irabazten duten erakunde pribatuek kudeatzen dute. Gainera, Europako Batasunak 50.000 milioi euro baino gehiagoko mailegua zion entitateari.

Diru hori Espainiako estatuak itzuli behar du, nahiz eta Sarebek erositako aktibo toxiko horien salmentek kopuru hori biltzea ez lortu.

Bestetik, salatzen dugu Haya Real Estatek, Cerberus Capital Management L.P. buitre-funtsekoak, milioi askoko komisioak jaso dituela Sareben ondasun higiezinez arduratzeko, hau da, hainbat etxebizitza saldoprezioan saltzeko, batez ere, inbertitzaileei eta funts-putreei. Ondasun horien artean daude Egia 22ko lau etxebizitzak, eta eraikin berean dauden beste bi pisu eta 300 m2-ko merkataritza-lokal bat. Gaur egun hutsik
daude, saltzeko une egokiaren zain.

Egoera horren aurrean, Donostialdeko Maizterren Sindikatua eta Egia Bizirik auzo-elkarteak dei egiten diegu Donostiako eta, bereziki, Egiako herritar guztiei, Egia 22ko maizterrak babesteko eta defendatzeko mobilizazioekin bat egin, eta, finantza-erakunde horien jarduerari aurre egitera. Sarebi exijitzen diogu kaltetutako pertsonen alokairukontratuak orain arteko baldintza beretan berritu ditzala. Bestetik,
Donostiako Udalari dei egiten diogu Sarebekin harremanetan jartzera, hutsik dauden bi pisuak eta lokala Udalaren jabetzara pasa daitezen, eta, etxebizitzak alokairu sozialeko parkera eta lokala kudeaketa
komunitarioko ekipamendu publikoa izatera pasatzea aldarrikatzen dugu.

Horrenbestez, funts publikoekin “erreskatatu” diren etxebizitzak herribeharren zerbitzura jartzea exijitzen dugu, etxebizitza eta hiriak merkantilizatzeari uzteko lehen urrats gisa.

Horrela, eta lehen urrats hau elkarrekin ematen hasteko, dei egiten diegu Egia eta Donostiako herritarrei abenduaren 12an, larunbata, eguerdiko 12etan, Egiako Plaza Haundi-n egingo den informaziobatzarrean eta prentsaurreko jendetsuan parte hartzera.