Nota de prensa

D’Museoaren eta Arteko Galeriaren arteko lankidetzari esker, aldi baterako erakusketetarako Donostiako Elizbarrutiaren D’Museoa espazioak SOMNIUM ARTIFICUM. EL SUEÑO DE LOS ARTISTAS-ARTISTEN AMETSA erakusketa hartuko du gaurtik aurrera. Elizbarrutiaren Museoak Nori Ushijima pintore euskaldun-japoniarraren gai erlijiosodun lanekin aurkezten duen erakusketa bereziaren izenburua da SOMNIUM
ARTIFICUM. 1993an, Donostiara iritsi berri –hemen bizi izan zen hamar bat urtez–, accesit bat lortu zuen Ushijimak SOMNIUM ARTIFICUM. EL SUEÑO DE LOS ARTISTAS–ARTISTEN AMETSA proiektuarekin. Urte hartan, Zuloaga plazako hormarako Ideia Lehiaketa antolatu zuen Donostiako Udalak, eta ekimen hartara aurkeztu zen artista japoniarra.

Ohol gainean tratteggio teknikarekin eta egitura arkitektoniko klasikoarekin egindako formatu handiko marrazkia da erakusketa hau osatzen duten 15 lanetako bat. Lan horrez gain, eduki mistikodun bere ibilbideko margolan eta marrazki onenetako batzuk jasotzen dira erakusketa honetan.

ARTISTEN AMETSAK Ignacio Zuloaga erakusten digu Beobide, Uranga, Sert, Zubiaurre, Arrue, Bienabe Artia, Kaperotxipi, Baroja eta Unamuno bere lagun artistekin, haiek plaza begiesten duten bitartean, Zuloaga familiaren txakurraren eta pintorearen bustoaren aurrean. Atze-oihala bailitzan, hiriko paisaia. San Sebastianen estatuari begira dago taldea, eta Zuloaga hura margotzen ari da bere paletarekin. Santua
modelo modura erabili izan du Ushijimak paperean zein oihalean egindako lan askotarako. San Sebastianen formatu handiko bi mihise ikus daitezke aretoan, 2010ean egindakoak biak, baina teknika eta estilo ezberdinekin.

Las manos de Cronos, Pecado original, Creación de Adán eta Ví nculos dira bisitariak aurkituko dituen beste margolanetako batzuk, eta maisu errenazentista handien teknikak eta lanak –Rafael, Leonardo eta Michelangelorenak, besteak beste– ondo baino hobeto ezagutzen dituen artista honek dituen estilo-aniztasuna eta baliabide piktorikoak ezagutu ahal izango ditu. Horma nagusian, formatu handiko bi mihise gailentzen dira, Adán eta Eva, freskoaren teknikarekin egindakoak, aretoari fantasiazko traza onirikoa transmitituz.

Tokioko Unibertsitatean Arte Ederren ikasketak egin ondoren, 23 urterekin, Italiara joan zen bizitzera Nori Ushijima; lehenengo, Peruggian, eta gero Erroman, non mundu klasikoa eta zaharberritzeen eta grabatuen tekniken jakintza arnasten diren. Erromako Zaharberritzeen Institutu Nagusian jardun zuen, ikasten eta, aldi berean, Tiziano, Caravaggio, Giotto, Veronés eta beste artista batzuen lanak zein fresko etruskoak
zaharberritzeko lanetan.

Haren hitzetan, “zaharberritze-lanek maisu handien margolanetan irakurtzen irakasten dizute, eta haien artera hurbiltzen zaitu, haien artea berresten dizu, emozioraino”.

SOMNIUM ARTIFICUM erakusketak artistak bere sentimenduak irudikatzerakoan duen emozioa islatzen du, eta lan egiteko duen moduaz jabetzen erakusten digu, ezagutzen dituen antzinako teknika guztiak aplikatuta –hala nola freskoa, enkaustadura, arrautza-tenplea eta kaseina–, orain begiesten ditugun oihal hauetan. Hor ditugu, esaterako, Maddona bikotea; Ama Birjinaren kamerinoko marrazki bikainak – Valvanerako Monasteriorako bozetoa; haren ondoan dagoen aingerua, muralerako beste zirriborro itzel bat; edo Artzain Ona irudikatzen duen sangina, Donostiako katedraleko aldarean dagoena, eta artistak aurten bertan, 2020an, egin duena.

Euskadin bizi izan zenean, tamaina handiko hainbat mural egin zuen Ushijimak freskoaren teknikarekin; Kapera Sixtinoko Sibila Delphica apaiz emakumea, Valvanerako Ama Birjinaren aurkikuntza, Cefiroren ametsak eta Galata morente (hilzorian dagoena) irudikatzen ditu, eta 14 metroko margolan ikusgarria, Gipuzkoako usadio eta ohiturei buruzkoa, Pio Caro Barojaren Gipuzkoa dokumentalean inspiratuta dagoena.

Beste sorkuntza ikusgarri batzuen artean, 2009an tamaina handiko beste mural bat egin zuen lihozko oihalean, Berasaluzeko San Joanen Bataioa, Mendaroko ermita eraberriturako.

Erretratugile bikaintzat hartzen da, eta horren adibide da Plazaola dohatsuaren erretratua, Santa Maria eliza horretan bertan dagoena, Bakearen eta Pazientziaren Kristo Santuaren kaperan. Erakusketa osatzen duen eta, indar bisual handiz eta mistizismo sakonez, urrezko mendeko margolaritza gogora ekartzen digun Ecce Angelus lan aparta da beste adibide bat.

Erlijioarekin eta mistikarekin lotutako bere lanen lagin txiki bat da SOMNIUM ARTIFICUM; Nori Ushijimaren lana hurbiletik ikusteko aukera. Esperimentatzeko jaiotako artista jakin-nahia da Ushijima, zentzuzko eraikuntza konplexuen, amets erreal eta fantasiazkoen bitartez gizatiarra denari eta jainkotiarra denari buruz hitz egiten digun eklektiko bat.