Prentsa oharra

• Sortuk kontzentrazioa deitzen du abenduaren 15ean 19:00etan Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren parean.

• Mikel Zabalzaren hilketaren gaineko egia, justizia eta erreparazioa eskatzen die urrats hori eman ez dutenei: PSOE, Guardia Zibila eta Espainiako Estatua.


Duela bi aste pasatxo, azaroaren 26an, hogeita hamabost urte bete ziren Guardia Zibilak Mikel Zabalza orbaizetarra bere Altzako etxean atxilotu zuenetik. Polizia operazio berean, Mikelekin batera, beste hiru lagun gehiago atxilotu zituzten, artean Idoia Aierbe Bidebietako bizilaguna. Torturatuak izan ondoren, baldintzarik gabe aske utzi zituzten. Mikel izan ezik. Abenduaren 15ean bere gorpua Bidasoa ibaian agertu zen, tortura zantzu nabarmenekin. Bertsio ofizialaren arabera, ordea, guardia zibilaren eskuetatik ihes egin zuen Mikelek, eta ihesean bere burua bota zuen ibaira, igeri egiten jakin ez eta eskuak lotuta edukita.

Hogeita hamabost urteren ondoren, gertatutakoaren egiak atxilo jarraitzen du Intxaurrondoko kuartelean, bertsio ofizialean itota. Izan ere, gaur egun, gezurrean tematzera inor ausartzen ez bada ere, aitortza ofiziala ez da iristen. 2010. urtean, epaitegiek auzia ixtea erabaki zuten. Mikelen heriotza argitu gabe geratzen zela baieztatu zuten, eta torturapean erail izanaren hipotesia irekita utzi.

Atzera begiratu eta euskal gatazka politikoaren testuinguruan gertatutakoaz kontakizunak egiten ari garen honetan, torturak zigorrik gabeko orbana izaten jarraitzen du. Euskal Memoria Fundazioak, besteak beste, 5.657 tortura kasu egiaztatu ahal izan ditu, eta errolda etengabe hazten ari da. Zenbaki horrek, torturak Euskal Herrian suposatu duen drama sozial eta humanoaren argazki osatu gabea eskaintzen digu, baina, aldi berean, agerian uzten du ez garela kasu isolatuez ari.

Tortura gertakari masiboa izan da, sistematikoa, bizitza zibil osoa hartu duena. Eta horrek erakusten du herri hau jazartzeko Estatuek baliatu duten gerra-bitarteko bat izan dela. Salaketa publikoa, torturatuaren gorputz ahitua eta ezerezte psikologikoa, edo Mikelen kasuan bezala heriotza bera, ez dira froga nahikoa izan basakeria horri sinesgarritasuna kentzen ziotenentzat. Duela hogeita hamabost urte, begien bistakoa zena ukatzen saiatu zen Espainiako Gobernua. Eta asmatu nahiz defendatu zuten gezurra hain nabarmena izan zen, ezen guztiz agerian geratu baitzen estatua edozer egiteko prest zegoela torturaren erabilera ukatzeko.

Baina torturak salatu dituen herritarrak, ukazioari eta kriminalizazioari ez ezik, salatuaren zigorgabetasunari ere aurre egin behar izan dio. Ukazioa eta inpunitatea, horixe izan da tortura Euskal Herrian. Atxiloaldian Mikel kustodiatzeko ardura zuen guardia zibileko teniente Gonzalo Perez Garcia, esaterako, komandante mailara igo zuten gerora.

Gaur, orain, ez da inondik ere nahikoa ahapeka onartzea 1985ean gauzak ez zirela gertatu Guardia Zibilak esan zuen moduan. Espainiako Estatuak egia zor du. Guardia Zibilaren eta Estatuko erakunde nagusien ardura zuen PSOEk ere egia zor du. Egia jakin behar dugu: nortzuk torturatu zuten Mikel, noren aginduz, nork antolatu zuen gezur hori guztia. Behingoz onartu behar dute tortura erabili duela euskal herritarren kontra, hori ez dela bidezkoa eta, batez ere, ez dela berriro gertatuko. Eta, jakina, Mikelen familiak justizia eta erreparazioa behar du.

Guardia Zibilaren historia Euskal Herrian, tortura, hilketa eta gezurraren bidez idatzitako historia da; beldurraren bidez iraunarazitako okupazio baten historia. Horregatik guztiagatik,

• Mikel Zabalzaren hilketaren inguruan egon den 35 urteko inpunitatea amaitu dadila eta egia,
justizia eta erreparazioa exijitzen dugu.
• Guardia Zibilak Euskal Herria uzteko beharrezko urratsak lehenbailehen eman daitezela eskatzen
dugu.

Elkarretaratzea deitu dugu Intxaurrondoko kuartelaren aurrean, abenduaren 15ean, Mikelen gorpua
agertu zen egunean, arratsaldeko 19:00etan.