Prentsa oharra

Uliako aterpetxean izan da. Rafa Irastorza egiatarra paseatzen ari zela, joan zen abenduko 13an katagorri exotiko mota bat eskutik jatera beldurrik gabe hurbildu zaio; argazkiak atera dizkio eta animaliaren hainbat irudi Parkea Bizirik-eko kide bati bidali dizkio. Urtxintxak itxura ona eta bizkortasuna erakutsi ditu.

Gure inguruan animalia honi buruzko aipurik ez dagoenez, argazkiak Gipuzkoako beste naturalista batzuei birbidali dizkiegu. Argazkiak bolo-bolo hedatu dira eta hartzaile guztiak zur eta lur gelditu dira, harik eta Itsas Enara Elkarteak identifikatu eta bere izen arrunta eta zientifikoa ezagutzera eman dituen arte: Indotxinako katagorria (Callosciurus finlaysonii).

Gure inguruko katagorri arruntaren (Sciurus vulgaris) antzeko tamaina duen urtxintxa bat da. Indotxinan, Birmanian, Thailandian, Laosen, Kanbodian, Mekongen deltan (Vietnam) eta Singapurren oso hedatua dago. Italian ezarritako espezie bat da, herrialdearen iparraldean eta hegoaldean dagoena.

Parkea Bizirik elkartetik, naturan maskotak askatzea edota espezie exotikoak ezartzea, jada kili-kolo dauden ekosistemen orekentzako, mehatxu larria izan daitekeela gogorarazi nahi dugu eta, halaber, bertako flora eta fauna espezieak desagertzea ekar dezakeela, gehienak legeak babesten dituenak.

Ulia mendiak badu bere urtxintxa autoktonoa, katagorri arrunta. Fruituak bildu eta lurrean zulatzen dituen zulo txikietan lurperatzen ditu, hobeto kontserbatzeko. Zulo horietako batzuk gerora ahaztu egiten ditu; orduan, fruituak ernetzen dira eta urtxintxak, ekosistemen basoberritzearekin eta landare-espezieen sakabanatzearekin laguntzen du.

Trantsizio Ekologikoko Ministerioak, Ulian agertutako Indotxinako urtxintxa espeziea “Europan biodibertsitatea mehatxatzen duten espezie aloktono inbaditzaile okerrenen” artean katalogatu du. Animalia exotiko horiek maskota gisa saltzeak eta erosteak espezieen legez kanpoko trafikoa bultzatzen du eta ingurumenean zein animalien bizitzan kalte larriak eragiten ditu.

Gertuko adibide bat jartzearren, Urtxintxa gris amerikarra Irlandan eta Erresuma Batuan ezartzeak, mardulagoa eta gainartzaileagoa dena, autoktonoa den katagorri arruntaren populazioen gainbehera ekarri du.

Bertako espezieen zaintza eta kontserbazioa babesteko asmoz, Naturkoneko hainbat naturzalek (Gipuzkoako elkarte naturalistak biltzen dituen kolektiboa), Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen departamentuei albistea helaraziko dietela jakinarazi dute.