Prentsa oharra

  • Euskadiko garapenerako GKE-ek Eraikuntza podcasta aurkeztu dute. Podcast horrek herritarren eta erakundeen lekukotzak, proposamenak eta konpromisoak biltzen ditu, COVID-19aren ostean irtenbidearen parte izateko.
  • Ekimen berritzaile horrek hausnarketa bultzatu nahi du herritarren artean hauei buruz: solidaritatearen eta norbanako ekintzen eta ekintza kolektiboaren garrantzia, eta krisi hau baliatzea gizarte bidezkoago eta solidarioago baten oinarriak ezartzeko.
  • Proposamen horrekin agur esaten diote 2020 urte asaldatuari eta ongietorria eman diote urte berriari, herrialde guztiak eta pertsona guztiak suspertzeko urtea izango delakoan.

Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundeak, nazioarteko lankidetzan lan egiten duten 79 euskal GKE biltzen dituen sareak, abian jarri du Eraikuntza podcastaren lehen atala. Guztira lau soinu-atal dira, eta egungo pandemiaren, ondorioei eta irtenbideei buruzko hainbat gai jorratzen dituzte.

“Gure kaleetan barrena ibili gara, jendearekin eta erakunde sozialekin eseri eta hitz egiteko, euren istorioak eta egungo egoerari buruz dituzten iritziak, bizipenak, beldurrak eta proposamenak ezagutzeko”, azaldu dute kolektibokoek. Lan honen helburua da era guztietako ideiak eta iradokizunak biltzea, gure gizartea berriro sortzeko indarra izan dezagun. “Berreraikitze hori hainbat baliotan oinarrituko da, besteak beste, lankidetzan, sormenean, solidaritatean, konpromisoan eta denon ongizatean. Entzuten jakiteko eta ekarpenak egiteko unea da”, adierazi dute.

“Proposamen berritzaile honen bidez, hausnarketa bat sortu nahi dugu herritarrengan, pertsona bakoitza irtenbidearen parte izateaz, eta ekiten hasteko garrantziaz, nork bere aukeren arabera eta bere eremu indibidual eta toki-eremutik, kolektibora eta orokorrera iritsi ahal izateko”, azpimarratu dute.} “Herritar arduratsuak, kontzientziadunak eta kritikoak sortzen lagundu nahi dugu, baita euren ordezkari politikoekin zorrotzak izango diren herritarrak ere, politika solidarioak eta bidezkoak defini ditzaten, are gehiago, une hauetan”, argitu dute.

Berreraikitzea lau ataletan

Lehenengo atalak Zein mundu eraiki nahi dugu COVID-19aren krisiaren ostean? du izena. Argitaratu berri izan da, eta, pandemia amaitzen denerako, herritarren amets eta nahiak biltzen dituen soinu-muntaketa atsegina da. “Gure inguruan grabatutako lekukotzak dira. Gure gizartearen aniztasuna islatzen dute, baina katarsi hori gizarte berri baten oinarriak finkatzeko baliatzeko beharra partekatzen dute. Garapen-eredu berri bat da, eta, bertan, hutsala eta azalekoa baztertu eta mundu hobea eraiki behar dugu, pertsona guztientzat eta leku guztietan, inor bazter utzi gabe”, baieztatu dute.

Lehenengo atal hori Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundearen Ivoox kanalean entzun daiteke: https://cutt.ly/GhHVeed

Aurki egingo da bigarren atala, eta bertan herritarrek adieraziko dute berreraikitze hori zein balioren gainean egin behar den; izan ere, balio horiek izango dira desiratzen dugun mundu horren oinarriak. Hirugarren atalean, parte-hartzaileek gizarte-eraldaketaren xedea lortzeko beharrezkoak diren itunak jorratuko dituzte; Afrikako atsotitz batek dioen bezala, urrun iritsi bahi badugu, elkarrekin joan behar dugu. Saila amaitzeko, desiratzen ditugun aldaketa global horiei laguntzeko herritarrak euren gain hartu nahi dituzten konpromiso indibidualak biltzen dituen atala izango dugu.