Prentsa oharra

Nosferatu ziklo berria Aragoiko zinemagileari eskainita egongo da, haren jaiotzaren 120. urteurrenean: hark zuzendu zituen 32 filmak proiektatuko dira eta Buñuel + PLUS programak eskaintza osatuko du Buñuelen bizitzarekin eta lanarekin lotura duten 18 titulurekin

Donostiako Zinemaldiak urte osoko jaialdiaren kontzeptua sendotzen du, eta modu egonkorrean txertatzen da pantaila partekatuaren programazioan, Zinemaldia + PLUS programarekin

Pantaila talentua garatzeko bide gisa eta publikoaren eta zinemagileen arteko topagune gisa sendotu da.

Tabakalerak 2021erako zinema-denboraldi berria aurkeztu du. Zentroko pantaila partekatuan programatzen duten erakundeek (Euskadiko Filmategia, Donostia Zinemaldia, Donostia Kultura, Elías Querejeta Zine Eskola eta Tabakalera) urtarrilean emango diote hasiera denboraldi berriari. Berriro ere, bazkideak batzean oinarritutako programa horren izaera berezia azpimarratu nahi dugu. Bertan, historia eta klasikoak naturaltasun osoz eta zinema garaikidearekin etengabeko elkarrizketan bizi dira. Eta berretsi egiten dugu prestakuntzarekin, ikerketarekin eta zinema egiteko prozesuei eta ikus-entzunezko hizkuntzaren iraganari eta etorkizunari buruzko hausnarketarekin dugun konpromisoa. Era berean, publikoak aretoarekin duen leialtasuna azpimarratu eta eskertu nahi dugu; izan ere, COVID-19ak eragindako murrizketen garai honetan ere, herritarren erantzuna gogotsua izan da, eta Tabakalerako zinema kulturarekin topatzeko gune seguru bihurtu dute.

Urtarrilaren 6an, asteazkenean, Nosferatu zikloa hasiko da Tabakaleran. 2021ean Luis Buñuel (Calandra, Teruel, 1900 – Mexiko Hiria, 1983) zinemagile espainiarrari eskainita egongo da, bere lehen bi filmak proiektatuko dira: Un perro andaluz (Un chien andalou, 1929) eta La edad de oro (L’Âge d’or, 1930).
Zikloa Donostia Kulturak, Euskadiko Filmategiak, Elías Querejeta Zine Eskolak, Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak antolatu dute, Institut Valencià de Cultura – Filmoteca de la Generalitat Valenciana erakundearen eta Bilboko Arte Ederren Museoaren lankidetzarekin.

Atzera begirakoak Aragoiko zinemagilearen zuzendari lana eskainiko du, eta urtean zehar proiektatuko diren 32 filmez dago osatuta. Programazio hori osatzeko, Buñuel + PLUS izeneko beste 13 saio egingo dira. Saio horietan Buñuelen bizitzarekin eta lanarekin lotura duten filmak ikusi ahal izango dira. 

Zikloarekin batera bi liburu argitaratuko dira, bat gaztelaniaz eta bestea euskaraz, Calandrako zuzendariaren lanari eskainiak. Lehena, Luis Buñuel, Nosferatu bildumako 17. zenbakia, JesúsAngulok eta JoxeanFernándezek koordinatu dute, eta urtarrilean argitaratuko da. Bigarrena, Norferatu bildumako 9. zenbakia, HarkaitzCanok idatzi du, eta udaberrian argitaratuko da.

Luis Buñuel, zalantzarik gabe, zinemaren historiako zinemagile miretsienetako bat da, hainbat artista belaunaldiren erreferentzia. Ia 50 urteko ibilbidean, zeina batez ere Frantzia eta Mexiko artean garatu baitzuen, Espainian egindako zenbait sartu-irtenekin (nabarmenak), XX. mendeko artearen klasiko batzuk utzi zituen, hala nola, Viridiana (1961), El ángel exterminador (1962), Belle de Jour (1966), Tristana (1970) edo El discreto encanto de la burguesía (Le Charme discret de la bourgeoisie, 1972).

Buñuel + PLUS, Luis Buñuelen atzera begikoari laguntzen dion fokua, berez, zinemaren historia bat da, errepaso bat, Buñuel hezi zuten filmetatik zinema garaikideraino, non eragin horren ezaugarriak bereiz daitezkeen. Mi último suspiro (1982) memoria-liburua abiapuntu hartuta, zuzendariarengan eragina izan zuten eta haren eragina jaso zuten 13 filmen aukeraketa bat aurkeztuko dugu. “Buñuel unibertsoa”, non harreman zuzenak eta elkarrizketa tematiko, politiko, zinemazale eta formalak bereiz daitezkeen.

Gerturatze hori buñueliar unibertsoarekin zerikusia duten ehun izenburu baino gehiagoko zerrenda zabal batekin osatzen da, eta Elías Querejeta Zine Eskolako komisariotzako hirugarren promozioko ikasle talde batek sortutako eragin horiei buruzko gogoeta egiten duten testu sorta batekin. Urtean zehar Tabakalerako webgunean aurkeztuko ditugu.