Nota de prensa

Martutene aldean, Antondegin, olatu artifizialen gainean surf egiteko proiektu bat “erreskatatu” du orain dela gutxi Eneko Goia Donostiako alkateak. Olatuok aisialdiari zuzendutako gune zabalago baten bihotza izango lirateke.

“Erreskatatu” egin duela esan dugu proiektu hau 2017tik tartean behin azaleratzen baitute, iritzi publikoan nolako harrera izan dezakeen testeatu nahian edo.

Alkateak orain berriro atera izana ez da inondik inora kasualitatea. Izan ere, orain dela 15 egun Donibane Lohizunen antzeko proiektu bat atzera bota dute, besteak beste, herritarren artean oposizio handia izan delako (ia 70.000 lagunek sinatu dute proiektu horren aurka). Gauzak horrela, Donibaneko proiektuan inplikatutako enpresetako batek Donostiako aukerari heldu dio, alkatearen babesarekin.

Eguzkik proiektu zentzugabe hori gaitzesten du honako arrazoi hauengatik:

a) Donostian, itsasoan, nahiko olatu natural dago; ez du zentzurik olatu artifizialak sortzen ibiltzeak.

b) Berez naturan, itsasoan bertan, egiten den kirol bat praktikatzeko, ez da logikoa itsasotik 2 kilometrora laku artifizial bat eraikitzea.

c) Ez da jasangarria ez bidezkoa natura- eta nekazaritza-eremu bateko 10 hektarea okupatzea standing handiko atrakzio turistiko bat eraikitzeko. Nork surfeatuko du 30 edo 40 euro orduko ordainduta, baldin eta itsasoan doan eta modu naturalean egiteko aukera badu?

d) Donostiak noizbait utzi beharko dio inguru naturala modu sistematikoan urbanizatzeari. Antondegi Gainak balio handiak ditu paisaia, ornitologia eta nekazaritza aldetik. Hura urbanizatzea jasangarritasunaren eta ingurunearen zaintzaren printzipio guztien aurka doa.

e) Olatu artifizialek ur geza xahutzen dute. Beraz, urria eta zaindu beharrekoa den ondasun batetik milioika litro alferrik galduko dira, aisialdiaren aitzakian. Proiektatu duten lakuaren kapazitatea 10 igerileku olinpikorena baino handiagoa izango da. Atera kontuak aztarna ekologikoa nolakoa izango den.

Ura xahutzeaz ari gara, baina gauza bera esan dezakegu olatu artifizialak sortzeko eta inguruko establezimenduak elikatzeko beharko litzatekeen energiaz.

Itsasoan surfeatuz, berriz, ez dago ez ur- ez energia-xahuketarik.

f) Alkateak aditzera eman du obrak Udalak –donostiarron poltsikoetatik, alegia– ordaindu beharko lituzkeela. Gero, gunearen esplotazioa lehiaketa publiko bidez enpresaren bati esleituko litzaioke. Krisi ekonomiko, sanitario eta laboralean bete-betean gaudela kontuan izanik, horrelakorik planteatzea ere? Olatu artifizialak sortzea gizarte-erreskaterako politiken barruan sartuko al da?

Udalak ez al du oraindik ikasi golf-zelaiaren edota zezenak hiltzeko Illunbeko plazaren porrotetatik?

Donostiarron sosak porrot egiteko itxura guztiak dituen beste proiektu batean konprometitu behar al dira? 12 milioi euro aipatzen dira.

Surfzaletasun handia dago, bai, baina ez zaigu serioa iruditzen surfzaletasunaz baliatzea beharrezkoa ez den, jasangarria ez den eta aurrera egiteko aukerarik ez duen proiektu bat bultzatzeko.

Surfrider Europak aspaldi gaitzetsi zituen olatu artifizialen parkeak, jasangaitzak direlako, negozio partikular-kutsua dutelako eta surfaren gakoetako bat desnaturalizatzen dutelako, hau da, kirola giro natural batean errespetuz egitea.

Gauzak horrela, Eguzkitik alkateari eskatzen diogu Antondegiko proiektua berriro tiraderan gordetzeko eta, oraingo honetan, ahal dela, betiko.

Donostiak ez du olatu artifizialik behar, itsasoan nahiko olatu natural dago eta.