Prentsa oharra

Duela gutxi, Kutxak eta Donostiako Udal Gobernuak (EAJ-PSE) erabaki dute hirigintza operazio polemiko bat abiaraztea Aldakoenean, Egian, Groseko mugan. Hurrengo egunetan, hirigintza-hitzarmena jendaurrean jarriko da eta, ondoren, HAPOko aldaketa puntual bat tramitatzen hasiko da, zenbait hilabete luzatuko dena.

Eta operazioa polemikoa dela diogu bi hirigintza eremu lotzea erabaki dutelako: Aldakoenea eta Altzako Eraikuntzaren Institutua. Horrela, proiektuaren sustatzaileek Aldakonean etxebizitza babestuak eta ekipamenduak eraikitzeko legezko betebeharren zati bat gainetik kentzea lortu nahi dute. Gaur egun bertan bizi direnentzat ordezko bizitokiak eraikitzera mugatuko dira, eta aldiz, gazte eta adinekoentzako bizitokiak, kirol-guneak eta hirigintza-proiektu berri orotarako beharrezkoak diren gainerako zerbitzuak kentzeko
asmoa dute. Horrela, auzoa zuzkidura-elementu berdinekin geratuko da, baina presio demografiko handiagoarekin.

Hala, etxebizitza librearen eraikuntza maximizatzea lortu nahi dute hiriaren erdigunean, non irabazi-marjinak askoz handiagoak diren. Eta beste guztia Altzara eramango dute, Egia-Gros bezain espekulagarria ez den eremu batera. Beraz, ahalik eta etekin pribatu handiena bilatzen du operazi honek, ahalik eta kostu txikienarekin. Operazio espekulatiboa da gehienbat.

Beste aldetik, gogoratu behar da Eraikuntza Institutua eta operazioan sartzen diren Aldakoeneako eremuak Kutxa-renak direla. Hau da, helburu sozialak zituen finantza-erakunde bat izan zena, orain, espekulazioaren arauen menpe dagoen inmobiliaria huts bat da.

Udal Gobernuak Kutxari operazioa abian jartzeko eman dion babesak azalpen bakarra du: Donostiako EAJren eta PSEren apustu ideologikoa, praktika espekulatibo horien zilegitasuna defendatzeko.

Gainera, Udal Gobernuak dio Aldakoeneako operazioaren helburuetariko bat eremuaren irisgarritasun arazoak konpontzea dela. Hala ere, irisgarritasun arazo handiagoak dituzten Aldakoneako beste zati batzuk kanpoan utzi nahi dituzte. Hau da, zati pribatuarentzat etekin ekonomiko handiagoa duten eremuetan bakarrik eragin nahi da. Udal Gobernuak azalpen asko eman beharko ditu operazio honek izan beharko lukeen “interes orokorra” justifikatzeko.

Bestalde, hiri-ereduaren ikuspegitik, guztiz onartezina da herritarrak modu horretan banantzea, babestutako etxebizitzak periferiara eramanez eta Erdiguneko lursailak errentarik altuenetarako erreserbatuz.

Donostiako auzoen arteko desberdintasunak gero eta handiagoak dira urtetik urtera, eta hirigintza-operazio honek desberdintasun horiek areagotu egingo ditu. Hiria kohesionatzeko neurriak hartu beharrean, EAJk eta PSEk desorekak biderkatzeko apustua egin dute.

EH Bilduren ikuspegitik, onartezina da Egian ahalik eta babestutako etxebizitza kopuru txikiena eraiki nahi izatea, eta Altza eta periferiako gainerako auzoak lotarako-auzo hutsak izatera kondenatzea. Azkenean, Aldakoenea operazioa aurreikusita dagoen bezala onartzen bada, pauso erraldoi bat emango da Egia auzoko gentrifikazio-prozesuan. Izan ere, ia ezinezkoa izango da etxebizitza beharrean dauden Egiako bizilagunak Aldakoenean eraikiko diren etxebizitza babestuetan bizitzea. Eta gauza bera esan daiteke Groseko bizilagunei buruz ere.

Bi auzo hauetan ia ez dago etxebizitza babesturik egiteko eremurik. Grosek 1.000 biztanle baino gehiago galdu ditu azken hamarkadan, gehienak gazteak, batez ere alokairuaren prezioaren garestitzeagatik eta pisu turistikoen presioagatik; eta Egia bide beretik doa.

Aldakoenean egin beharreko esku-hartzea aukera paregabea da bi auzo horietako bizilagunentzat, gazteentzat eta hain gazteak ez direnentzat, konponbideak emateko. Aukera hau ez aprobetxatzea akats historikoa izango litzateke Donostiarentzat.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk harremanetan jarri da Altza, Egia eta Groseko eragileekin, proiektuaren berri emateko eta alternatiba bat diseinatzeko, bai Aldakoenea eremurako, bai Eraikuntzaren Institutuaren eremurako, bi helbururekin: 1) auzoen arteko desorekak ezabatzeko norabidean urratsak ematea eta 2) donostiar guztien etxebizitza-eskubidea bermatzea.