Prentsa oharra

Egiari Zor Fundazioaren ordezkaritza batek parte hartu du gaur Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Batzordean, EH Bilduren ekimenez. Ordezkaritza osatu dute Ainara Esteranek, Egiari Zor taldearen bozeramaileak, Belen Aguilarrek, BVEk hildako Justo Elizaran donostiarraren bikoteak, eta Mikel Paskualek, inkontrolatuek belaunean tiro egin zioten donostiarrak. Egiari Zorrek Estatuaren biktimei buruzko Euskal Legearen (5/2019 Legea) ezarpenean laguntzea eskatu die Udal taldeei.

Egiari Zor Fundazioa 2012. urteaz geroztik ari da lanean Estatuak eragindako edo sustatutako indarkeriak jasan dituzten biktimen eskubideen alde. Fundazioa osatzen dute erailak izan ziren pertsonen senitartekoek, eta zaurituak edo torturatuak izan ziren pertsonek.

2019ko irailaren 27an epea zabaldu zen giza eskubideen urraketen biktimak apirilaren 4ko 5/2019 Legearen babespean aitortzeko eskaerak aurkezteko. Lege horrek aldatu egin zuen uztailaren 28ko 12/2016 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoan 1979 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasandako biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematekoa.

Legearen helburua honakoa da: funtzionario publikoek beren eginkizunetan edo beren eginkizunetatik kanpo eragindako giza eskubideen urraketen biktimak aitortzea; taldean edo modu isolatuan, indibidualki eta kontrolik gabe jarduten zuten partikularrek eragindako eskubide urraketak aitortzea; eta, urraketa horien ondorioz, pertsonen bizitzan edo osotasun fisiko, psikiko, moral edo sexualean izandako eraginak aitortzea.

Laburki esanda, Legearen bidez aitortza jaso dezakete 1979tik 1999ra bitartean estamentu ofizialek praktikara eramandako edo sustatutako biolentziek EAEn eraildako, torturatutako edo larriki zauritutako pertsonek (edo urraketaren unean EAEn bizi zirenek). Egiari Zorreko kideek adierazi duten bezala, ehunka dira, milaka ziurrenik, denbora tarte horretan Estatuak praktikara eramandako giza eskubideen urraketak jasan zituzten pertsonak. Baina onartu dute aipatu legearen babesean aitortuak izateko egin beharreko
kudeaketa ez dela batere erraza izaten ari.

Hizlariek azaldu dutenez, biktima izaera aitortzeko eskaera egiten duten pertsonek eskabidea aurkeztu behar dute. Hori euskadi.eus atarian elektronikoki bete dezakete, edo, bestela, eskabide-eredu normalizatua egoitza elektroniko horretan bertan deskargatu eta Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean zerbitzuko edozein bulegotan aurkeztu.

Egia Zor Fundazioak ere laguntza ematen die eskaera egiten dutenei. Eskaera horretan, giza eskubideen urraketa gertatu zen testuinguruaren deskribapena jaso behar da, eta biktima-izaera frogatzeko garrantzitsutzat jotzen diren txosten, ziurtagiri eta dokumentuak erantsi behar zaizkio. Hala ere, dokumentaziorik ez badago, inolako arazorik gabe egin daiteke eskaera.

EH Bildu Estatuaren biktimen eskarien alde agertu da esplizituki, eta bat etorri da Egiari
Zorren egin dituen eskaerekin. Izan ere, oso garrantzitsua da indarkeria-zikloaren testuinguruan giza eskubideen urraketa guztiak aitortzeko bidean aurrera egitea.

Estatuak eragindako tragediaren inguruko egia osoa aitortzea, ezagutzea eta ezagutzera ematea ere ezinbestekoa da, bermatzeko giza eskubideen urraketen biktima bat bera ere ez dela geratuko dagokion babesik eta aitortzarik gabe.

Zehazki, Egiari Zor Fundazioak hiru eskaera hauek egin dizkie udal taldeei:
• Aitortza adieraztea Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan zituzten biktimei, eta egokitzat jotzea 5/2019 Legeak eskainiko dien erreparazioa, biktima horiek duten egia, justizia eta memoriarako eskubideak egikaritzeko urrats garrantzitsua izanik.
• Animatzea giza eskubideen urraketen biktima gisara errekonozimendua eta erreparazioa jasotzeko eskaera aurkezteko borondatea duten donostiarrak prozedura hori martxan jartzeko eskabidea aurkeztera. Horrez gain, hori posible izan dadin, pertsona horiei aholkularitza eta laguntza emateko konpromisoa ere hartzea eskatu diote Udalari.
• Udalak, gertuko erakundea izanik, dituen ohiko komunikazio-bideak erabiltzea, eskaera prozedurak abiatzeko interesa izan dezakeen pertsona oro informatuta egon dadin dagozkion eskubideen inguruan.

Udal taldeak ekimen instituzional bat adostuko dute Egiari Zor planteatutako eskaeren inguruan.