Prentsa oharra

Duela gutxi, Donostiako EH Bilduko udal taldeak adierazpen bat egin zuen Udal Gobernuari norabidea aldatzeko eskatuz 2021erako, Donostiako hiri eredua krisi sakonean murgilduta dagoela argudiatuz.

Izan ere, pandemiak gogor kolpatu du Donostiako eredu sozio-ekonomikoa, inguruko hiriei baino gehiago, eta lehenagotik zetozen desorekak eta joera negatiboak areagotu ditu. Horregatik, aurtengo aurrekontuaren eztabaida estrategikoa dela uste dugu. Hau da, ez gara beste aurrekontu arrunt bati buruz hitz egiten ari.

Aurrekaririk gabeko krisi sanitario, ekonomiko eta sozial batean murgilduta gaude, eta krisi honek agerian utzi ditu, besteak beste, Donostiako hiri-ereduak zaintza arloan dituen gabezia larriak, auzoen arteko desberdintasunak areagotu egin dira eta klima-aldaketaren aurkako neurrietan atzeraka ari garela ikusi da. Horregatik, aurtengo kontuek balio behar dute Donostiak esparru horietan duen norabidea zuzentzeko eta gizarte eta hiri gisa ditugun erronka handiei aurre egiteko.

Antza denez, Udal Gobernuak laster aurkeztuko du aurrekontu proiektua, baina esan behar dugu orain arte ez digutela arrazoirik eman udal politiken norabidea aldatuko dela pentsatzeko. Alderantziz, Eneko Goiaren Gobernua behin eta berriz harri berberetan estropezu egiten ari da: Donostiaren ikuspegi zentralista eta zentralizatzailea indartzen ari da, proiektu faraonikoen eta anti-ekologikoen aldeko apustu itsuarekin jarraitzen du, desberdintasunak areagotzearen aurrean beste aldera begiratzen du, etab. Eta hori guztia, gainera, eragile sozialekin eta oposizioarekin inolako elkarrizketarako eta akordiorako esparrurik martxan jarri gabe.

Hala eta guztiz ere, EH Bildutik norabidea aldatzeko gure eskaera berretsi nahi dugu eta, horregatik, Eneko Goia alkateari eskatzen diogu krisi honek eskatzen duen maila izateko eta ez dezala aurrekontu proiektu kontinuista aurkeztu. Gure udal-taldeak uste du badela garaia gutxieneko oinarri politiko partekatuak adosteko, 2021erako baina baita epe ertain eta luzera ere. Zentzu honetan, EH Bilduk argi dauka: krisi egoera honetatik ateratzeko funtsezkoa da sistema publikoa indartzea eta lan duina sortuko dituen egitasmoak sustatzea.

Lehenik eta behin, inork ez luke ulertuko Gobernuak zaintza sistema publikoa indartzeari uko egitea. Pandemia garaian ikusi ditugu egungo ereduaren gabezia larriak, pribatizazioaren ondorio kaltegarriak, sektoreko langileen lan prekarietatea, etab.

Donostiak zaintza-sistema berri bat behar du, eta 2021ko aurrekontu honek bide horretan lehen urratsa suposatu behar du.

Bigarrenik, auzoetako programak lehenetsi behar dira, eta alde batera utzi behar da eredu zentralista, hau da, zentrotik eta zentroarentzat pentsatua dagoena. Donostia auzoak dira eta komunitate bakoitzaren behar ekonomiko eta sozialei erantzun behar zaie.

Eta, hirugarrenik, hiri honek aurrerapauso bat eman behar du klima-aldaketaren aurkako borrokan. Ezin da legegintzaldi hau pasatzen utzi egitasmo handirik martxan jarri gabe, eta metro-pasantea martxan jarri arte itxoitea; alegia, gutxienez 2024 arte. Gainera, ziur gaude pribatizazioen aurretik zerbitzu publikoak lehenesten dituen hirieredu batek, eta auzoetan proiektu ekonomiko traktoreak sustatzen dituen hiri-eredu batek, enplegu gehiago eta hobea sortuko duela eta gure hiria sozialki kohesionatuko lukeela.

Azken finean, egungo egoera salbuespenezkoa da eta, beraz, aurrekontu egitasmoak ere salbuespenezkoa izan behar du. Goia oker dabil uste badu pandemiaren azken txanpan gaudela eta, pasatu ondoren, Donostia Covid-a iritsi aurreko hiri bera izango dela. Alde batetik, atzoko datuek erakusten duten bezala, zoritxarrez, osasun-krisia oraindik luzatu egingo delako, eta, bestetik, nahi edo ez, etorkizunean ezer ez delako berdina izango.

Ez dago beste alternatibarik: hiri honek norabidea aldatu behar du eta 2021erako aurrekontu proiektua bide horretan lehen urratsa izan behar da.