Prentsa oharra

José Luis Rebordinosek Frantziako kulturarekin eta zinemagintzarekin izandako loturaren barruan biltzen du ohorezko sari hau.

Roselyne Bachelot-Narquin Frantziako kultura-ministroak gutun baten bidez jakinarazi dio Donostia Zinemaldiaren zuzendariari Frantziako Errepublikako Arte eta Letretako Ordenako zaldun izendatu dutela (chevalier de l’Ordre des Arts et des Lettres). Frantziako Kultura Ministerioak 1957tik ematen du ohorezko aintzatespen hori, eta Frantziako Errepublikako lau ministro-ordenen arteko kondekorazio nagusietako bat da.

Arteen eta Letren Ordenaren bidez, »arteen edo literaturaren alorrean eginiko sorkuntzengatik bereizi diren pertsonak saritzen dira, edota Frantzian zein mundu zabalean arteen eta letren distirari eginiko ekarpenagatik nabarmendu direnak». Ordena horrek hiru gradu ditu: zalduna, ofiziala eta komendadorea. Gutxienez hiru hamarkadako ibilbidea duten artista, idazle edo intelektualei ematen zaie zaldun gradua.

Frantziako kultura-ministroak helarazitako eskutitzean nabarmentzen denez, azpimarratzekoak dira José Luis Rebordinosek »kulturaren alde eginiko ekarpena eta izaniko konpromisoa». Bestalde, Gautier Lekens Frantziaren Espainiako enbaxadako ministro kontseilariak eskerrak eman dizkio Rebordinosi, «bere ekintzekin kultura frantsesa proiektatzen» laguntzeagatik.