Prentsa oharra

EH Bilduk aste honetako osoko bilkurara bi mozio eramango ditu, horietako bat Podemosekin batera, etxergabekoentzat plazak eta baliabideak ez murrizteko eskatzeko Gaur egun, kalean inoiz baino pertsona gehiago bizi dira Donostian; Udal Gobernuak berak onartzen dituen datu objektiboak dira. Negu gorriak eta Covid-19aren ondoriozko osasun neurrien eraginez, egungo baliabideak oso motz geratu dira, eta agerian utzi dute.

Eneko Goiaren Gobernuaren aurreikuspen falta. Hau da, etxegabekoen inguruko kudeaketa oso txarra izan da, inoiz baino kudeaketa hobea eta, batez ere, baliabide gehiago behar zirenean.

Alde batetik, EH Bilduk osteguneko osoko bilkuran eskatuko du Infernu auzotik atera zituzten eta gaur egin kalean bizi diren pertsonei irtenbidea emateko. Eta Udaltzaingoak pertsona horiek jazartzeari uzteko eskatuko dugu.

Donostiako Herritarren Sareak eta Parte Zaharreko bizilagun-talde batek azaldu duten bezala, Infernutik atera ziren pertsona horietako askok Konstituzio plazako arkupeetan igarotzen dute gaua. Eragile horiei esker, gauero afari bero bat, mantak eta berokiak dituzte.

Abenduaren erdialdean, pertsona horiek handik alde egiteko lehen “gonbidapena” jaso zuten Udaltzaingoaren aldetik. Gehienak Kontxako arkupetan babestu ziren, baina eguraldi txarra zela eta, Konstituzio Plazara itzultzea erabaki zuten, eta Udaltzaingoak areagotu egin zuen jazarpena. Izan ere, udal Gobernuak berak berretsi du Udaltzaingoak 150 esku-hartze egin dituela kalean bizi diren pertsonekin, eta zigor ekonomikoak ohiko administrazio-prozedura direla.

Negu gorriko egun hauetan, kalean bizi diren pertsonak oso egoera ahulean daude. Goia alkateari eskatzen diogu, arazo larri honi benetako konponbidea emateko gizarte teknikari gehiago bidal ditzala, Polizia gehiago bidali beharrean.

Eta, bigarrenik, osteguneko osoko bilkuran salatuko dugu, oraingo honetan Podemosen eskutik, ez dela baliabide berririk eskaini Ate Irekiak zerbitzurako, Covid-19ren protokoloak eskatzen dituzten 20 pertsonen muga gainditzeko. Gogoan izan zerbitzu honek ez duela inoiz plaza mugarik izan, baina orain, gehien behar zenean, 20 plazara murriztu da aforoa gehien behar dutenei irtenbide gehiago eman gabe.

Gainera, udal zerbitzuen artean deskordinazio uneak izan dira, eta ondorioz, 20 plaza horiek ere ez ziren bete gau batzuetan.

Ate Irekien zerbitzua gaueko aldi baterako egonaldietarako pentsatuta dago, eta baldintza meteorologiko bereziki gogorrak iragartzen direnean irekitzen da. 2019an, lau gau ireki ziren urtarrilean eta otsailean. Egun horietan 83 pertsonak erabili zuten zerbitzua. Orain arte zerbitzu hau Abegi Etxean zegoen, baina pandemia dela eta, aurten Uban jartzea erabaki da, segurtasun neurriak mantendu ahal izateko.

Eneko Goiaren Udal Gobernuaren kudeaketa txar hori ez dator bat beste administrazio batzuek jarri dituzten aparteko neurriekin, adibidez, Errenteriako Udalak, abenduaren 15etik martxoaren 15era aterpetxe iraunkor bat irekitzea erabaki baitu.

Joan den astean iragarritako Hestia zentroa lekuz aldatzeari Udal Gobernuak egin duen iragarpenari dagokionez, alde batetik, esan behar da ez duela plaza gehiago eskainiko, San Bartolemetik Jai Alairen kokaleku berrira pasatzea da asmoa. Eta, beste aldetik, gogoratu behar da Hestia Eguneko Zentroa 2015. urtean martxan jarri zela, Bilduren gobernupean. Etxerik gabeko 20 lagunentzako eguneko arreta zerbitzua zen. Garai hartan ez zen derrigorrezkoa eguneko zentro bat irekitzea, baina borondate politikoa izan zen hura martxan jartzea. Aldiz, 2016. urtean (Goia alkate zela), legezko betebeharra ezarri zen eguneko zentro bat irekitzeko, eta hobetzeko eta zerbitzu gehiago jartzeko betebeharra zegoen. Ondorioz, 2016. urteaz geroztik, urtez urte iragarri eta atzeratu da eguneko zentroaren hobekuntza. 2020an ere bazegoen sartuta aurrekontuan, baina pandemiaren aitzakiarekin atzeratu zen. Hau da, urtez urte saldu dute eguneko zentro berriaren irekiera.

Beste behin ere, agerikoak dira Udal Gobernuak dioenaren eta egiten duenaren arteko kontraesanak. Izan ere, zaurgarritasun handiko egoeretan, kudeaketa-eredu “polizial” baten alde egiten ari da, gizarte zerbitzuen kudeaketa hobetsi ordez. Gainera, babes soziala indartzea gehien behar den garai hauetan, plazak eta baliabideak murrizten ari dira.