Prentsa oharra

  • Eraikuntza podcastan Euskadiko garapenerako GKE-ek biltzen dituzte herritarren eta erakundeen lekukotzak, proposamenak eta konpromisoak, COVID-19aren ostean irtenbidearen parte izateko.
  • Ekimen berritzaile horrek hausnarketa bultzatu nahi du herritarren artean hauei buruz: solidaritatearen eta norbanako ekintzen eta ekintza kolektiboaren garrantzia, eta krisi hau baliatzea gizarte bidezkoago eta solidarioago baten oinarriak ezartzeko.
  • Bigarren atal honetan, aipatutako berreraikitzearen balioak mahairatzen dituzte.

Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundeak, nazioarteko lankidetzan lan egiten duten 79 euskal GKE biltzen dituen sareak, plazaratu du Eraikuntza podcastaren bigarren atala. Guztira lau soinu-atal dira, eta egungo pandemiaren, ondorioei eta irtenbideei buruzko hainbat gai jorratzen dituzte.

“Gure kaleetan barrena ibili gara, jendearekin eta erakunde sozialekin eseri eta hitz egiteko, euren istorioak eta egungo egoerari buruz dituzten iritziak, bizipenak, beldurrak eta proposamenak ezagutzeko”, azaldu du kolektiboak. Lan honen helburua da era guztietako ideiak eta iradokizunak biltzea, gure gizartea berriro sortzeko indarra izan dezagun. “Berreraikitze hori hainbat baliotan oinarrituko da, besteak beste, lankidetzan, sormenean, solidaritatean, konpromisoan eta denon ongizatean. Entzuten jakiteko eta ekarpenak egiteko unea da”, adierazi dute.

“Proposamen berritzaile honen bidez, hausnarketa bat sortu nahi dugu herritarrengan, pertsona bakoitza irtenbidearen parte izateaz, eta ekiten hasteko garrantziaz, nork bere aukeren arabera eta bere eremu indibidual eta toki-eremutik, kolektibora eta orokorrera iritsi ahal izateko”, azpimarratu dute.} “Herritar arduratsuak, kontzientziadunak eta kritikoak sortzen lagundu nahi dugu, baita euren ordezkari politikoekin zorrotzak izango diren herritarrak ere, politika solidarioak eta bidezkoak defini ditzaten, are gehiago, une hauetan”, argitu dute.

Berreraikitzea lau ataletan

Lehenengo atalak Zein mundu eraiki nahi dugu COVID-19aren krisiaren ostean? du izena eta argitaratua izan zen 2020ko abenduan. Pandemia amaitzen denerako, herritarren amets eta nahiak biltzen dituen soinu-muntaketa atsegina da. “Gure inguruan grabatutako lekukotzak dira. Gure gizartearen aniztasuna islatzen dute, baina katarsi hori gizarte berri baten oinarriak finkatzeko baliatzeko beharra partekatzen dute. Garapen-eredu berri bat da, eta, bertan, hutsala eta azalekoa baztertu eta mundu hobea eraiki behar dugu, pertsona guztientzat eta leku guztietan, inor bazter utzi gabe”, baieztatu dute.

Argitaratu berri izan den bigarren atal honek Zer balio behar ditugu? du izenburutzat, eta “egungo krisiaren osteko gizarte berriaren oinarria osatzen duten balioen errepasoa egiten du. Elkartasuna, justizia soziala, laguntza, zaintza, guztien ona, ardurazko eta zentzuzko kontsumoa eta aniztasuna dira eraiki behar dugun beste mundu horren oinarriak”, adierazi dute.

Jakinarazi dute, gainera, hurrengo asteetan beste atal batzuk plazaratuko dituztela gizarte-eraldaketaren xedea lortzeko beharrezkoak diren itunak jorratzeko, edota herritarrak euren gain hartu behar dituzten konpromiso indibidualak desiratzen ditugun aldaketa global horiei laguntzeko.

Eraikuntza podcastaren lehenengo bi atalal entzun daitezke Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundearen Ivoox kanalean: https://cutt.ly/GhHVeed