Prentsa oharra

Gaur, ostirala, Real Sociedad Challenge erronkaren amaiera-ekitaldia egin da Reale Arena estadioan. Sustapen Ekonomikoko udal-arloak Donostia Sustapenaren bitartez eta Real Sociedad-ekin batera martxan jarritako proiektu horretan, 14 eta 18 urte arteko 257 ikasle donostiarrek hartu dute parte. Hain zuzen, Reale Arena estadioan zaleengana gehiago hurbiltzeko espazio bat diseinatzeko erronka bete behar zuten ikasle horiek. Ideia original onenaren saria Aldapeta Maria ikastetxeko ‘Los Txiribitones’ taldearentzat izan da, Real Sociedaden historiari eta etorkizunari buruzko “scaperoom” baten proposamenagatik. Marisol Garmendia Sustapen Ekonomikoko zinegotziaren eta Jokin Aperribay Real Sociedadeko presidentearen eskutik jaso dituzten sariak, eta online zuzenean jarraitu ahal izan da Reale Arena estadioko ekitaldia.

Marisol Garmendia Sustapen Ekonomikoko zinegotziaren esanetan, “oso pozik gaude helburu argi batekin martxan jarritako ekimen honek izandako emaitzarekin: gazteei prestakuntzarako eta sormenerako prozesu bat eskaintzea, kasu honetan, Reale Arena bezalako leku erakargarri batean”. Estadio barruan zer egotea nahiko luketen irudikatu behar izan dute gazteek, 3Dko diseinu-programen bitartez. Ideia-fasean dauden proposamen horiek baliagarriak izango dira Real Socidadentzat gazteen interesak ezagutzeko, eta espero dugu aurrera eraman ahal izango direla.

Jokin Aperribay Realeko presidenteak, bestalde, eskerrak eman dizkie ikastetxe eta ikasle guztiei ekitaldian parte hartzeagatik. “Proiektuetan parte hartzea azken emaitza bezain garrantzitsua da. Reala pertsonei zuzenduta dago, eta, beraz, horrelako ekimenak beti sartzen dira gure klubean “, esan du presidenteak. Gainera, proiektuaren helburuetako bat “Reale Arena hiriaren ikono bihurtzea eta gaztetxoentzako topagune izatea” izan da.

Real Sociedad Challenge proiektua Sustapen Ekonomikoko udal-arloaren estrategiaren barruko ekimena da, eta Donostia Sustapenaren bitartez jarri zen martxan, donostiar gazteek berrikuntzarekin lotutako gaitasunak garatu eta lantzea bultzatzeko helburuarekin. Iazko urrian egindako Berrikuntzaren VII. Astea-WeekINN baliatu zen Real Sociedad Fundazioarekin partekatutako proiektua abian jartzeko. Esan bezala, teknologia berriak ezagutuz eta erabiliz gazteek beren talentua azaleratzea da proiektuaren helburua.

Real Sociedad Challenge-n lehenengo edizio honetan, hiriko sei ikastetxek hartu dute parte: St Patrick´s English School, Ekintza Ikastola, Santo Tomas Lizeoa, Jesuitak Donostia, Salesianos Donostia Ikastetxea eta Aldapeta María Ikastetxea. Zehazki, 257 ikaslek hartu dute parte, prestakuntza-ibilbide baten bitartez eta 3D teknologiaren laguntzarekin, Reale Arena estadioan bizikidetza-eremu bat sortzeko proposatutako erronkan.

Bi hilabetez, Sketch up, Design Thinking eta Elevator Pich saio teknikoak eraman dituzte aurrera, diseinu arloko gaitasun teknikoetan eta, halaber, sorkuntzarekin, prozesuen diseinuaren eta proiektuen aurkezpenarekin lotutako gaitasunetan sakontzeko.

Erronka gainditzeko, Reale Arena estadioan zaletuekin eta zaletuen artean bizikidetza-espazio berriak sortzeko, zaletuekin emozionalki konektatuko duten esperientzia berezi berriak sortzeko eta Reale Arenaren erabilera berriak −partida egunetan nahiz lanegunetan− proposatzeko eskatu zitzaien parte-hartzaileei.

Estadioko espazio zehatz bat eman zitzaien, eta 3D tresnen bitartez, beren ideiak modu birtualean irudikatzen joan ziren.

Prozesua amaitzean, hiru proposamen aukeratu ziren erronkaren bost kategorietako bakoitzean. Hauek dira ideia irabazleak:

• Ideia original onena. Ezingo diozu ihes egin sentimendu txuri-urdinari – Real Sociedaden historiari eta etorkizunari buruzko “scaperoom” bikoitza. Aldapeta María ikastetxeko “Los Txiribitones” taldea.
(Pablo Briz, Rubén Castelar, Iñigo Ramos, Iñigo Arrese eta Hugo Irigaray).
• Egunerokotasunean zaleekin konektatzeko ideia onena. ERREALETIK HARATAGO: Janari osasuntsua prestatzen ikasteko espazioa. 4B JESUITAK taldea (Ander Erro, Alex Amunarriz eta Juan Gil.)
• Partida egunetan zaleekin konektatzeko ideia onena. Erreala Guztiontzat-Denok bizi dezakegu Erreala: Ekintza ikastetxeko 7 taldea (Elene Beristain, Beñat Telleria, Telmo Unanue, Daniel Maeso eta Hector Lasarte).
• “Claim” – mezu/esaldi iradokitzaile onena. REALZALEKU. Aldapeta María ikastetxeko 2CF taldea (Jon Lanchas, Iñigo Atorrasagasti, Iñigo Aguirre, Asier Zelaia eta Xabier Rubio).
• Diseinu teknikorik onena. Ekintza 4 taldea (Iraide, Laida, Aitor, Diego L., Pablo).
• Aipamen berezia aurkezpen onenari. St Patrick´s English School ikastetxeko Los Txirinbolos taldea
(Martin Horsfield, Guillermo Muñoz, Asier Gomez, Ignacio Quemada eta Unai Zurdo).

Proiektuak baloratzeko orduan, kontuan izan dira espazioaren diseinuarekin lotutako alderdiak eta proposatutako erronkarekin lotutakoak: helburu-publikoa, espazioaren askotariko erabilera asteko egun desberdinetan, etab. Real Sociedad-eko bi ordezkarik eta Donostia Sustapeneko bi ordezkarik osatu dute epaimahaia.