Prentsa oharra

Arrakastatsua lehen egunetik. Jarri ahala, jendea gelditu eta, ikusminez zein pozez, galderak egiten zizkigun. Hilabete egon behar zuen, eta zabaltzea besterik ez zaigu geratu.

Abendua eta urtarrila. Gaur, urtarrilaren 31n, jaso egin dugu. Oinezkoen jario etengabea gelditu eta hitz egiten zigun: “Zorionak”, “Zergatik ez duzue denbora gehiago uzten?”, “Zer egingo duzue orain?”, “Eros al diezazueket argazkietako bat nire iloben gelan jartzeko?”, “A zer nolako poza Erakusketa!”. Adineko emakume bat gelditu egin da eta, larrituta, galdetu du: “Zer egin dezakegu Antondegi olatu artifizialen proiektutik salbatzeko?” Begietara begiratu eta, hitzik egin gabe, elkar ulertu dugu: “Beste ingurumen-eraso bat gehiago argi gorriak piztuta dituen Planetari”.

Metro gutxitara, beste emakume batek biolina jotzen zuen, Oier, Eneko eta Unax pozik eta distiratsu agertzen diren argazkiaren aldamenean; Amara auzoko 3 anaia txiki dira, Donostiako Ulia mendian habia-kutxetako bat ikuskatze lanetan ikusten zaie. Camille Saint-Saënsen beltxarga, Jules Massenet-en Thaïs meditazioa, Pachelbel-en Kanona re maiorrean, Johann Sebastian Bach-en suiteak, Gounod-en Agur Maria, bezalako sinfoniak… Ezin ederragoa izan da.

Natura eta Kultura elkartzea erabat artifizializatutako leku batean, gainean tren-geltoki bat eta azpian autobus-geltoki bat dituela. “Arrakasta didaktikoa izan da”, esan du Europa ekialdeko kutsua duen biolinistak. “Ezin duzue imajinatu zenbat irakasle haur taldeekin, hemen, lurpeko pasabidean gelditu diren, Egiako Parkera bidean, Erakusketaren mezu naturalista zabaltzeko” gehitu du.

Argazki guztiak jaso ditugu eta zinta itsasgarria hormetatik kendu dugu. Denbora eta ahalegina kostatu zaigu. Dena garbi geratu da, lehen han ezer egon ez balitz bezala. Nahiago genuke laster naturarekin horrela jokatuko bagenu.

Orain Erakusketa ibiltari bilakatu behar dugu, herri eta hirietan aurkeztu eta zabaldu, gure Lur maitearen omenez.