Prentsa oharra

Xabier Otxoa: “ Udalekin koordinatuta, ludopatiari buruzko informazio-kanpaina bat abian jarri behar dugu Gaztelekuetan eta kultura-zentroetan, prebentzioan eragiteko “

“Elkarrekin Gipuzkoa batzarkide taldeak joko-jardueren gaineko zergari % 20ko igoera aplikatzeko egindako proposamenari dagokionez, gogorarazi behar da joko-jardueren gaineko zerga-figura araudi komuneko zerga hitzartu bati dagokiola. Horrek esan nahi du, lurralde historikoetako Batzar Nagusiek mugatua dutela edukia aldatzeko araugintza-ahalmena. Beraz, joko-jardueren gaineko zerga-tasak igo nahi izanez gero, egungo egoeraren azterketa sakona egin beharko litzateke, eta, gainerako lurralde historikoekin koordinatuta, Euskadin bizi diren operadore, antolatzaile edo joko-jarduerak garatzen dituztenen zerga-arauak ezarriko lirateke”, adierazi du Xabier Otxoak, Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJ-PNV batzarkideak, joko jardueraren gaineko zerga arautzen duen Foru Araua aldatzeko proposamenaren inguruan, Osoko Bilkura amaitu ostean. “Elkarrekin Gipuzkoa taldeak Foru Arauaren proposamenean proposatzen duena % 20ko igoera da, berdin diolarik Estatuak egun ezarritako tasak. Egia da – jarraitu du Xabier Otxoak – Foru Aldundiak ez duela jokoaren jardueren gaineko zerga arautzen duen Foru Arau espezifikorik onartu, funtsean araudi komuneko zerga itunduei buruz aipatu dudan arrazoiagatik. Hala ere, horrek ez du esan nahi erregulaziorik ez dagoenik; izan ere, 7/2014 Legearen 36. artikuluaren 1. zenbakian adierazten da Estatuak unean-unean ezarritako funtsezko eta formazko arauen arabera arautuko dela. Beraz, horri buruzko araudi bat dago indarrean”. 

“Oposizioaren proposamenean adierazten da – adierazi du EAJ-PNVko batzarkideak –zerga-tasaren igoeraren arrazoia negozio horien errentagarritasuna murriztea dela, bai eta horien hedapenari eusten lagunduko dioten pizgarri ekonomikoak sartzea ere. Baina, benetan aztertu al da hori eraginkorra den? – azpimarratu du –. Nire ustez, proposamen horrek zertxobait murriztuko lituzke operadoreen onura garbiak, baina ez du balioko haien hedapena geldiarazteko”.

“Azkenik, adierazi nahi nuke – jarraitu du Xabier Otxoak – EAJ-PNV batzarkide taldetik erakunde guztiei eskatzen diegula kasu bakoitzean neurri egokiak har ditzatela ludopatiaren aurka borrokatzeko, sentsibilizazio-kanpainak garatzeko, publizitatea debekatzeko, baina adikzio-kasuetan hartu beharreko lehen urratsa eta garrantzitsuena zein den ahaztu gabe, prebentzioa, alegia”. “Horregatik guztiagatik – ondorioztatu du ordezkari abertzaleak –, udalekin koordinatuta, Gaztelekuetan eta kultur etxeetan ludopatiari buruzko informazio-kanpaina bat egitearen alde bozkatu dugu, hitzaldien eta beste ekimen batzuen bidez. Eta era berean Foru Aldundiari eskatu, sailen arteko lankidetzan pandemia-garai hauetan apustuek Gipuzkoako gizartean duten eragina azter dezala, , kolektibo eta espazio kalteberetan prebentzio-lanak antolatuz”.