Prentsa oharra

Ianko Ganboa: “zerga-tasaren nolabaiteko igoeratik aurrera, albo-ondorio negatiboak handiegiak dira ez ikusiarena egiteko”

“Gaur egungo krisi egoera ez da oposizioak planteatzen duen zerga igoerari ekiteko garaia. Eraginkorrak eta erabakigarriak izan behar dugu. Gipuzkoak inoiz baino gehiago behar du herritarrei eta gure industria-sareari egoera zail honetan laguntzeko zerga-politika. Ez da une egokia zerga-igoerak planteatzeko, zerga-bilketan eragin negatiboa izan baitezakete. Gure helburua argia da: gure zerga-sistemaren etekinik handiena lortzea, ekonomia suspertzen laguntzeko, enpleguaren suntsiketa geldiarazteko eta gure gizarte-politiken sistemaren iraunkortasuna bermatzeko, zergak malgutzeko beharrezkoak diren neurriak aplikatuz, pandemiaren hasieratik egin dugun bezala” adierazi du Ianko Ganboak, EAJ-PNVko batzarkideak Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren, Sosietateen gaineko Zergaren eta Ondasunaren gaineko Zergaren Foru Arauak aldatzeko proposamenari buruzko eztabaidaren ondoren. “Elkarrekin Gipuzkoak planteatzen duen zerga-igoerak – jarraitu du bozeramaile abertzaleak – Gipuzkoa, inguruko zerga-ingurunetik isolatzera eramango luke”.

“Ondarearen gaineko Zergari dagokionez, gogora ekarri behar da – adierazi du Ianko Ganboak – Elkarrekin Gipuzkoak igoera bat ezarri nahi dion zerga horren egoera. Europa osoan Ondarearen gaineko Zerga: Gipuzkoan, Araban, Bizkaian, Nafarroan, Norvegian, Portugalen eta Suitzan aplikatzen da, besteak beste. Europa osoan atzerakada nabarmena duen zerga da, eta, hala ere, egungo krisialdian zerga horren igoera planteatu nahi da. Ez egoki deritzogu – azpimarratu du –.

“Azken finean, Elkarrekin Podemosen proposamenaren aurka bozkatu dugu, uste dugulako fiskalitatea ez dela egoeraren araberako tresna bat, egiturazko tresna bat baizik. Erreforma fiskalaren ondorioek ez dute balio epe laburreko larrialdi egoerei aurre egiteko. Aitzitik, epe ertain eta luzerako tresna da. Covid-19aren krisiak – jarraitu du – ziurgabetasun handia sortzen du gizartean eta, beraz, jarduera ekonomikoan, eta ez dugu ziurgabetasun gehiago gehitu behar egungo egoeran. Eta, azkenik, diru-bilketa ez delako zerga-tasen funtzio lineala; zerga-tasaren nolabaiteko igoeratik aurrera, albo-ondorio negatiboak handiegiak direlako ez ikusiarena egiteko. Eta zein dira ondorio negatibo horiek? – azpimarratu du Ianko Ganboak – Tasen igoerak eragile ekonomikoak susta litzake aberastasun gutxiago sortzen duten erabakiak hartzera, zerga-oinarria murriztearen truke; izan ere, haien finantza-egoera hain txarra da krisiaren ondorioz amore ematea erabakitzen duelako, edo “ingeniaritza fiskalaren” bidez optimizazioa bilatzen ahalegin handiagoa egitea erabakitzen duelako, bere negozioaren optimizazioa bilatzen baino”.

Amaitzeko, Ianko Ganboak adierazi duenez, “krisialdi egoera honetan, eraginkorrak eta erabakigarriak izan behar dugu, babes sozialeko sistemaren iraunkortasuna bermatzeko (garai hauetan hain emaitza ona eman digun sistema); suspertze ekonomikoari bultzada emateko eta enpleguaren suntsiketa geldiarazteko”. “Azken batean – amaitu du – Gipuzkoarroi krisia gainditzen lagunduko diguten neurriak aplikatzeko”.