Prentsa oharra

Arantza Gonzálezek gaitzetsi egin du EAJ eta PSE egungo zerga-eredu atzerakoiarekin amaitzearen aurka daudela, PFEZaren, ondarearen eta sozietateen gaineko foru-arauak aldatzeko proposamenak aintzat hartzeari uko egin diotelako. Proposamen horiek hiru lurraldeetan aurkeztu dira, errenta baxuei zerga-karga murrizteko eta pertsona ahulenei laguntzeko.


Donostiako Elkarrekin Podemos-IUk salatu du Aldundiak uko egiten diola justizia fiskala igotzeari eta aberastasuna birbanatzeari; izan ere, uko egiten dio koalizio aurrerakoiak proposatutako zerga-erreforma aintzat hartzeari. Proposamenaren helburua da ordainketa-justiziako irizpideetan oinarritutako sistema bat ezartzea eta egungo zerga-eredu atzerakoiarekin amaitzea, zeinak kapital-errentak lan-errenten gainetik pribilegiatzen baititu.

Foru Gobernua sostengatzen duten alderdiek, EAJk eta PSEk, Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran baztertu egin dute Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren, Ondarearen gaineko Zergaren eta Sozietateen gaineko Zergaren foru arauak aldatzeko Elkarrekin Podemos-IUk bultzatutako proposamenak aintzat hartzea. Aldaketa horiek erreforma fiskal sakon eta harmonizatuaren proposamen batean txertatzen dira. Ezkerreko koalizioak hiru lurraldeetan aurkeztu du proposamen hori, eta errentarik txikienei zerga-karga nabarmen murriztea eta altuenei tasak handitzea dakar.

Arantza Gonzalez Elkarrekin Podemos-IU alderdiko batzarkideak salatu duenez, Foru Gobernua osatzen duten alderdiek, PPren babesarekin, zerga progresibotasuna eta errentaren eta aberastasunaren banaketa
erreskuratzeko aldaketak egiteari uko egiten diote. Une honetan, are beharrezkoagoa da euskal erakundeek beren zerga-gaitasunak erabat garatzea pandemiaren ondorio larriei aurre egiteko, krisiak milaka familia zaurgarritasun-egoeran utzi baititu. Pandemiaren osasun, ekonomia eta gizarte ondorioak direla eta, administrazio publikoek gastu ahalmena handitu behar dute, susperraldiaren buru izateko eta
beste erronka batzuei aurre egiteko.

Ildo horretan, Gonzalezek ukatu egin du proposamenak zergak igotzea proposatzen duenik; izan ere, helburua justizia fiskala eta aberastasuna birbanatzea da, gizarte bidezkoagoa eta berdintasunezkoagoa lortzeko. Hori dela eta, Elkarrekin Podemos-IUko batzarkideak azaldu du proposatutako hiru zergen erreformek ondorio praktikoetarako izango luketen eragina.

Horri dagokionez, Gonzalezek nabarmendu du Foru Gobernuak berak PFEZaren erreforma aintzat ez hartzeko txostenean onartzen duela zergaren diseinu progresiboagoa proposatzen dela, eta, hala ere, uko egiten diola aldaketa horri ekiteari, argudiatuz Zerga Koordinaziorako Organoak 2014. eta 2018. urteetako

erreformen azterketa burutu behar duela, egoera egonkortzen denean, Covid-19ren ondorio ekonomikoak
barne. Ondare eta Sozietateen gaineko Zergen erreformak aintzat ez hartzeko ematen duen justifikazio bera
da, eta, beraz, egoera ahulean dauden pertsonei mesede egingo dien sistema fiskal bidezkoago eta progresiboago bat ezartzearen aurka egiteko.

Jokoaren gaineko zergak
Era berean, EAJk eta PSEk Elkarrekin Podemos-IUk bultzatutako jokoaren inguruko bi foru arau roposamenak aintzat hartzearen aurka egin dute. Koalizio aurrerakoiak Gipuzkoan jokoaren gaineko zerga arautzen duen 1/2005 foru-araua aldatzea proposatu zuen, bai eta joko-jardueren gaineko zergaren foru-arauaren proposamen bat ere, lurraldea Arabarekin eta Bizkaiarekin harmonizatzeko, 2014tik zerga hori beren zerga-arauen artean baitute.

Bi proposamen horiek gure gizarteko sektore askorentzat – Batez ere gazteentzat – Jokoak dakarren gaitzari aurre egiteko testuinguruan planteatzen dira, eta, horregatik, zerga-tasetan igoera batzuk proposatzen dira, desustagarria izan dadin. «Neurri horien helburua ez da gehiago biltzea, jokoak osasun publikoan, gazterian eta gizartearen zati zabaletan dituen ondorio kaltegarriak murriztea baizik», azpimarratu du Gonzalezek. Hala ere, gaitzetsi duenez, Foru Gobernuak ez du aintzat hartu nahi izan, lurralde barruan jokoaren gaineko inposizioak duen pisu espezifikoari buruzko hausnarketa beharrezkoa dela argudiatuta.