Prentsa oharra

Donostiako Administrazioarekiko Auzien 2. zenbakiko Epaitegiak 10/2021 epaia argitaratu zuen 2021eko urtarrilaren 25ean. Epai horretan dio Donostiako Alde Zaharreko ostalaritza establezimendu eta lokaletako fatxadetako toldo guztiak “legez kanpokoak eta klandestinoak” direla eta bidezkoa dela dagokien kasuetan “zigorrak ezartzea eta legez kanpoko obrak eraistea”.

Epai horrekin amaituko da azken 9 urteetan –gure elkartea sortu zenetik honako ibilbide ia osoan– bizi izan dugun odisea bat, eta zein bere tokian jartzen ditu auzi honetan inplikatutako alderdi guztiak.

Gatazkaren jatorria
Urteotan hainbat salaketa egin eta Udalak erantzuten ez zuela ikusirik, 2017ko udaren amaieran ARARTEKOArengana jo genuen, babes eske. Hain zuzen ere, gure eskaria zen ARARTEKOAk irizpena ematea zarata, irisgarritasun, mugikortasun, zikintasun, zabor, ingurumen eta abarrei loturik auzoan genituen arazoei buruz, zeinak baitira, neurri handi batean, Alde Zaharreko kaleetako fatxadetako toldoek zuzenean eraginak.

2018ko otsailean emandako ebazpenean, ARARTEKOAk “txartel gorria” atera zion EAJk eta PSEk osatutako udal gobernuari. Hain zuzen ere, ebatzi zuen Udalak ezin zituela alde batera utzi hirigintza diziplinan bere gain dituen eskumenak, legezkotasuna berrezarri behar zuela eta, kasuan kasuko zigorrez gainera,
agindu behar zuela Donostiako Alde Zaharreko ostalaritzako establezimendu eta lokaletako fatxadetako toldo, kartel, plaka eta gainerako instalazio guztiak kentzeko. ARARTEKOAren ebazpenari kontra eginez, ordea, eta Udalaren beraren ebazpenari entzungor eginez (2018ko martxoan bere webgunean argitaratu zuen Udalak horri buruzko ebazpena), garai hartan Donostiako Udaleko zinegotzi eta alkateorde zen Ernesto Gascok lasaitasunezko mezua helarazi zion Alde Zaharreko ostalaritza sektoreari, jendaurrean esanez toldoak, egon, egongo zirela auzoan, era batera edo bestera. Hortxe iradoki zuen, beraz, EAJren eta PSEren udal gobernuaren jarduera praktiko eta erreala zein izango zen.

Hala, bada, handik urtebetera arte ez zuen Donostiako udal gobernuak urratsik egin eta ez zituen bere gain hartu zegozkion ardurak. Toldoa kentzeko agindu zien 122 establezimenduri. Eta, establezimenduek agindua betetzeari uko egin ziotelarik, ohartarazitako lokaletako bakoitzari hileko 600 euroko isun
hertsatzaileak ezarri zizkien.

Administrazio bidea agortutakoan, 42 enpresarik administrazioarekiko auzi errekurtsoa ezarri zuten, eta aurtengo urtarrilaren 25ean jakin dugu errekurtsoaren emaitza, haien asmoen kontrako epaia argitara eman denean.

Epaia

Epaiak arrazoia ematen dio Udalari, eta, jakina, baita gure elkarteari ere, errekurtsoan kodemandatua zen heinean. Baina, gatazka honetan, benetan ulergaitza gertatzen dena da nola litekeen hiriko udal gobernua “harrizko gonbidatu” modura jardutea, nolabait esateko. Ez soilik bere burua ikusi duelako nahi ez zuen auzi batean sartua, baizik eta nabarmen gelditu delako 9 urte hauetan ez duela egin ezer, ezertxo ere ez, Alde Zaharreko auzokideen interes orokorra babesteko.

Interpelatu nagusia izanik ere, eta epaia jada argitaratuta dagoelarik ere, Donostiako udal gobernuak ez du oraindik jendaurreko adierazpenik egin. Beste behin ere, bere arduretan inhibitzen ari da. Iritzi publikoa intoxikatzen du; “udaleko iturriak” aipatuz, hedabide batzuetako informazioetan gure elkarteari leporatzen zaio malgutasunik ez izatea indarrean dauden arauak defenditzeko garaian, eta esaten dute udal gobernuak ez duela inolako asmorik toldoak berehalakoan ken ditzaten agintzeko. Benetan larria, epaiak hiriko gobernuari ohartarazten baitio behartuta dagoela han esaten dena betetzera. Donostiako udal gobernua gezurretan ari da, eta legea urratzen du, modu kontzientean.

  1. Gezurretan ari da, ezkutatzen ari delako epaia eman zuen epailearen
    ekimenez, eta 2020ko azaroaren 13ko Dekretuari jarraituz, zeinaren
    arabera erabaki baitzen autoen epeak bertan behera uzteko aukera,
    gehienez hirurogei egunez, COVIDak sortutako gaur egungo egoeran
    akordioren batera iristeko, gure elkartearen legezko ordezkariak
    proposamen bat egin ziola Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteari, baina ezin
    izan zela akordiorik adostu, nahiz eta alderdi guztiek erakutsi zuten
    horretarako borondate zintzoa. Azpimarratu beharra dago denbora tarte
    horretan ez enpresariak ez Udala ez zirela gure elkartearekin
    harremanetan jarri akordioa lortzeari begira.
  2. Eta legea urratzen du, modu kontzientean, zeren, epaia gorabehera, ez
    baitu inolako neurririk hartuko; eta erakutsi du arazoaren parte dela –eta
    ez soluzioarena–, aditzera eman baitu “ad hoc” arautegi berri bat
    babestuko duela, ostalariek toldoak izan ditzaten, agerian utziz, horrela,
    hirigintza arauak eta udal ordenantzak ez direla onartzen interes
    orokorraren mesederako, sektore jakin baten interes partikularraren
    mesederako baizik, ostalaritzaren mesederako, kasu honetan.
    Oso larria da EAJk eta PSEk beren betebeharrak bete gabe jarraitzea, udal
    gobernua gatazka honetatik “kanpo” balego bezala; beste edozeinen modura
    eragile “neutrala” balitz bezala; liskar hau gure elkartearen eta Alde Zaharreko
    ostalarien arteko kontua balitz bezala. Eta zertarako hori guztia? Ezkutatzeko
    arazo honetan bera dela arduradun nagusia eta zuzena.
    Ez dakigu de facto akordiorik ote duten udal gobernuak eta Gipuzkoako
    Ostalarien Elkarteak, gatazka honetan nahastutako lokalek toldoak kendu behar
    ez izateko eta urraketatik eratorritako isunak ez ordaintzeko. Baina begi bistakoa
    da sektore ekonomiko batzuei doan ateratzen zaiela nahi dutena egitea.
    Bereziki, beren konplizeak Donostiako Udaleko gobernuan egonik.
    Esan bezala, epai honekin amaituko da gatazka hau, parte batean, behintzat.
    Izan ere, oso litekeena da alderdi demandatzaileko ostalariek errekurtsoa
    ezartzea EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, denbora irabazteko, epaia legez
    geldituta dagoela justifikatzeko, toldoak ez kentzeko, isunak ez ordaintzeko eta,
    bitartean, Udalari denbora emateko Alde Zaharrerako Plan Berezi bat onartu eta
    bide horretatik toldoak ezartzea baimentzeko.
    Baina azken hitza toldoak ezarri nahi dituzten eraikinetako bizilagunek dugu. Izan
    ere Jabetza Horizontalaren Legeak eskumena aitortzen digu gure osasuna eta
    ondarea babesteko hartu beharreko erabaki egokiak hartzeko.