Prentsa oharra

Inork ez du zalantzan jartzen Donostia dela etxebizitza eskubidearekin lotutako arazo gehien dituen euskal hiria. Izan ere, etxebizitza prezio garestiena duen Estatu osoko hiria gara.

Pandemiarekin edo pandemiarik gabe, Donostiako etxebizitza garestitzeko prozesuak bere bidea jarraitzen du. Higiezinen sektoreko iturrien arabera, salerosketa %9 garestitu da 2020an, pandemiaren erdian. Eta Idealista atariaren arabera, beste errekor historiko batekin amaitu da 2020. urtea, Donostian alokairuaren prezioa 15 €/m²-ra iritsiz. Horren ondorioa oso ezaguna da: donostiar asko, batez ere gazteak, auzoak uztera behartuta daude inguruko herrietara bizitzera joateko.

Adibidez, Grosek 1.000 biztanle galdu ditu azken hamarkadan, biztanleen %7. Horren atzean dago, besteak beste, pisu turistikoen hazkundea. Izan ere, garai batean jendea bizitzeko erabiltzen ziren etxebizitza asko turismorako erabiltzen hasi dira.

EH Bilduk eskuratu ahal izan dituen datuen arabera, Donostiako Etxegintzan erregistratutako eskaerei dagokienez, babestutako etxebizitza bat eskuratzeko 21.427 eskaera aktibo daude Donostian. Etxebizitza Planaren (2018) arabera, Donostiako etxe baten batez besteko tamaina 2,4 pertsonakoa da etxe bakoitzeko. Beraz, Donostiako biztanleen %27k babes ofizialeko etxebizitza beharko luke.

Aldakoenea-rako Udal Gobernuaren proposamena aztertzean, deigarria egin zaigu Egia auzoan 1.963 eskaera aktibo daudela eta Grosen 2.341.

Errealitate gordin horren aurrean, administrazio publikoen erantzuna oso eskasa da. Eta Eneko Goiaren etxebizitza-politika negargarria da. Donostiako etxebizitzaren prezioak sortzen dituen arazo larriei aurre egiteko ez dago etxebizitza-politika aktiborik. Eta arazoak okerrera egiten jarraitzen du.

Etxebizitzaren arazoa konpontzeko estrategia integrala behar da gure hirian. Neurri desberdinak jarri behar dira martxan: etxebizitza hutsak merkatura ateratzea, pisu turistikoak mugatzea, legez alokairuaren prezioa mugatzea… Eta beste jarduera-ildo bat etxebizitza babestuen udal-parkea handitzea da, batez ere alokairu sozialean. Baina argi esan behar da, babes ofizialeko etxebizitzei dagokienez, Goia alkatearen helburua ezarritako gutxienekoak betetzea dela, eta Erdigunetik zenbat eta urrunago eraikitzen badira, hobeto.

Aldakoenean, adibidez, Udal Gobernuaren proposamena da eraiki beharreko etxebizitza eta zuzkidura-bizitokien betebeharrak Altzan eraikitzea, eta ez Egia eta Gros arteko eremu horretan. Are gehiago, Donostiako Etxegintzaren hurrengo lau urtetarako aurrekontuan ez da aurreikusten Aldakoenearako babestutako etxebizitza bakar bat ere.

Hau da, Egian eta Grosen babestutako etxebizitza eskatzen ari diren milaka pertsonentzat etxebizitza libre bat erostea izango da aukera bakarra.

Beste kasu askotan Udal Gobernuak ez du eskatzen babestutako etxebizitzak eraikitzea: Luisa Enea, Igara… Eta Mundaiz eta Amara-Easo hirigintza-proiektuari buruz iristen zaizkigun informazioen arabera, Udal Gobernuaren asmoa Aldakoenearen ildotik joatea da.

Bestalde, oraindik ez dira entregatu Txomin Eneko alokairu sozialeko etxebizitza guztiak. Donostiako etxebizitza-politikaren beste erronka bat da mekanismoak ezartze etxebizitza babestuak esleitzeko prozesua azkarragoa eta eraginkorragoa izan dadin.