Prentsa oharra

Igandean, otsailak 7, Txomin Eneako Ibai Parkean, Urumearen altzoan, zuhaitz landaketa herrikoia burutuko dugu Lanberri Auzo Elkartearen laguntzaz. 60 lagun 5 txandatan eta bertako 60 zuhaitz landatuko ditugu: Haltzak, zume gorriak, lizarrak, haritzak, astigar txikiak, erramuak eta gorostiak.

Koronabirusa dela eta, araudia eutsiz neurri bereziak ezarri dira eta, esaterako, aurretik ezinbestekoa zen izen ematea. Aurrekoetan bezala zerrenda ireki eta hura ordu gutxian bete zen. Esan bezala txandatan burutu da 10:00etan hasita ordu erdiko saioetan. Landaketa puntu baloitzeko familia bat egongo delarik.

Bertako zuhaitz landaketak izan dira nagusiki Haritzalde Naturzaleen Elkarteak U30 ALDAKETALDIA ekimenari egin dizkion ekarpenak. Ekintza sinbolikoak ongi daude, baina leloak dioen bezala, aldaketa sakona behar da eta U30 deiadarra da, baina abiapuntua beharko luke. Beste mundu bat posible ez ezik behar-beharrezkoa delako. Planeta hemen hasten delako, gertutik hasi, bertatik.

U30 ALDAKETALDIA
U30 Aldaketaldia Larreko Mahaiak sustatutako ekimena da eta honako hau du helburu: urtarrilaren 30aren bueltan, ahal den herri, auzo, ikastetxe eta lan-zentro guztietan klima-, bioaniztasun- eta, oro har, ingurumen-larrialdia salatzeko ekintzak antolatzea, betiere ikuspegi lokaletik.

Norabide aldaketa sakona eta berehalakoa behar da. Trantsizio ekologiko eta sozialki justu baten alde urratsak emango dituen jendartea aktibatu eta saretzea ezinbestekoa delako Haritzalde Naturzaleen Elkarteak bat egin du ekimenarekin. Argi dugu bizitzaren aldeko norabide-aldaketa hori ez dela gauzatuko horren alde egiten duen euskal gizarte aktibo eta saretua ez badugu.

IBAR BASORIK EZ DUEN IBAI PARKEA
Txomineko landaketa iaz, martxoan, burutzekoa zen, baina bizi dugun krisialdi ekologikoaren ondorioa den koronabirusaren pandemiak ez zigun utzi. Asko ginen Ibai Parkea amesten genuenok, batez ere Loiolako Erriberan eginiko kanalizazio basatiaren ostean. Elkarte eta gizarte mugimendu ezberdin bildu ginen ibaiaren inguruan eta ibai ertz naturalak bermatuko zituen Ibai Parkea irudikatu genuen, hango baserriak balioan jarriz, ibar basoa berreskuratuz eta Urumearen interpretazio zentroa bertan kokatuz. Ibai ondoko paseo ederrak eta ibilaldi gidatuak egin genituen eta ideia zabaldu zen. Urteak aurrera egin eta baieztatu zen ibai parkea egingo zela, baina etxegileen propaganda bidez jakin behar izan genuen proiektua zein zen eta orduan konturatu ginen han ez zela basorik izango. Berdegune bai, baina basorik ez eta ibai batek ibaiertzetako landaredia behar du, Ibar basoa alegia. Hortik gure proposamena eta burutuko dugun ekintza: lehenengo metroetan bada ere, ibaiaren landaredia berreskuratzea zuhaitz eta zuhaizxken lanaketaren bidez.

Hauxe Txomin Eneako lehenengoa izango da, baina ez azkena. Bide batez, Zaldibarren hildako bi langileei eta haien senideei homenaldi xumea eskaini nahi diegu. Joakin, Alberto, gogoan zaituztegu.

U30 ALDAKETALDIAn Haritzalderen parte hartzea:
• Urtarrilak 24. Donostia. Zuhaitz Landaketa herrikoia Loiolako Erriberan.
• Urtarrilak 30. Donostia. MANIESTAZIOA.
• Otsailak 5. Altzo. Hitzaldia eta gorosti baten landaketa.
• Otsailak 6. Altzo. Zuhaitz landaketa herrikoia.
• Otailak 7 . Donostia. Zuhaitz landaketa herrikoia Txomin Eneako Ibai Parkean.


B PLANETARIK EZ DAGOELAKO, LARRIALDI EKOLOGIKOAREN AURREAN, EKIN!