Prentsa oharra

Donostiako EH Bilduko udal taldeak gaur jakin ahal izan du Auzitegi Gorenak 2250/20 kasazio-errekurtsoaren aurkako probidentzia eman duela, urtarrilaren 21eko datarekin.

Errekurtso hori pisu turistikoen ordenantza delakoari dagokio. Probidentzia horretan, Auzitegi Gorenak “errekurtsoa ez dela tramitera onartzen” adierazten du. Ez onartzea irmoa denez, ezin da haren aurkako errekurtsorik aurkeztu. Halaber, kostuak Udalari ezartzea ebatzi du.

EH Bildu berehala jarri da Udalarekin harremanetan Auzitegi Gorenaren probidentziaren xehetasunak ezagutzeko, eta nahiz eta udal talde honek probidentzia horren eduki osoa eskuratzeko ahaleginak egin, oraindik ez digute eman. Era berean, honek udal gobernu honen gardentasun maila erakusten du. Izan ere, nabarmendu behar da probidentziaren data urtarrilaren 21ekoa dela, eta Goia alkateak ez diela azalpenik eman nahi izan orain arte udal taldeei, ezta herritarrei ere, nahiz eta gai oso garrantzitsua izan.

Hala ere, ondoriozta dezakegu 2020ko urtarrilean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia irmoa dela, eta, beraz, pisu turistikoen Ordenantza jada “erabat baliogabea” dela. Oraingoan, erabaki judizial honek ondorio praktikoak bai izango ditu epe laburrean. Izan ere, oraindik ez da amaitu Eneko Goiaren Gobernuak “lehen solairuko araua” betetzen ez zuten ehunka pisu turistiko legeztatzeko abian jarritako HAPOren ad hoc aldaketarako tramitazioa. Bestela esanda, Donostian, orain, “lehen solairuko araua”
dago indarrean.

“Lehen solairuko araua” betetzen ez zuten eta EAJ-PSEren ordenantza berriak legeztatu zituen ehunka pisu turistikoen egoera legala oso konplikatua da orain. Hurrengo egunetan zehatzago aztertuko dugu eta ondorioak donostiarrei jakinaraziko dizkegu.

Izan ere, iragarritako txapuza juridiko baten kronikaren aurrean gaude. EH Bilduk behin eta berriz adierazi izan du hau gerta zitekeela, ordenantza batek ezin duelako hirigintzako erabilerak arautu, hori HAPOren eskumen esklusiboa baita. Ez da aitzakia gehiago emateko garaiak: EAJk eta PSEk beren erantzukizun politikoa onartu behar dute zentzugabekeria juridiko eta politiko honengatik eta herritarrek etxebizitza duina izateko eta euren auzoetatik kaleratuak ez izateko duten eskubideari egindako kalteagatik.