Prentsa oharra

Gizarte eragileen arteko lidergoa eta bitartekaritza bere gain hartzea proposatu dio Foru Gobernuari, egoitzetako 5.000 langileen aldarrikapen nagusiak bilduko dituen hitzarmen bat bultzatzeko eta egoitzen kudeaketa kontrolatzeko mahai bat sortzeko.

Talde aurrerakoiak eskua luzatu dio Foru Gobernuari, pandemiaren une honetan, 2021eko aurrekontuetan balizko itun bat egiteko, baina Olanok uko egin dio hainbat urtez luzatu den gatazka konpontzeko eskaera horri erantzuteari.


Gipuzkoako Elkarrekin Podemos-IUk kritikatu du Aldundiak baztertu egin duela, astelehen honetan, 2021eko aurrekontuen inguruan akordio bat lortzeko egin dion proposamena, baldin eta Foru Gobernuak konpromisoa hartzen badu lurraldeko adinekoen egoitzetako langileei eragiten dien eta urteetan zehar irauten duen lan-gatazka konpontzeko. Talde aurrerakoiak adostasunera iristea proposatu du, eta horren truke, EAJren eta PSEren Exekutiboak lidergoa hartuko du, zentro horietako zaintzaileen aldarrikapen nagusiak bilduko dituen hitzarmen bat ahalbidetzeko. Horrela, langileentzako lan-baldintza duinak eskainiko lirateke, eta erabiltzaileen ongizatea eta kalitatea lehenetsiko dituen zaintza-eredu berri bat lortzeko bidean aurrera egingo litzateke.

Hala adierazi diote gaur goizean Maria Valiente, Arantza Gonzalez eta Joanes Fiel batzarkide taldeko ordezkariek Gipuzkoako ahaldun nagusiari, 2021eko aurrekontuei babesa emateko Markel Olanok Elkarrekin Podemos-IUko ordezkaritzarekin izan duen bileran. Hala ere, EAJren eta PSEren Exekutiboko arduradunak uko egin dio eskaerari erantzuteari, eta, hala, baztertu egin du taldeak ekitaldi honetako kontuen inguruan akordioa lortzeko emandako eskua.

Bilera horretan, Elkarrekin Podemos-IUko ordezkariek proposatu zioten Aldundiari gizarte-eragileen arteko bitartekaritza-konpromisoa har zezala, konpondu gabe urteak daramatzan eta Gipuzkoako egoitzetako 5.000 langileri zuzenean eragiten dien lan-gatazka bati amaiera emango dion hitzarmen bat lortzeko. Gatazka hori desblokeatzeko asmoz, enpresa pribatuen esku zeuden titulartasun publikoko egoitzen kudeaketa kontrolatzeko mahai bat eratzea proposatu zuen talde aurrerakoiak.

Elkarrekin Podemos-IUk planteatzen du Aldundiak kudeaketa hori zuzenean fiskalizatzea, hainbat urtez luzatu den lan-gatazka bat konpontzeko, horrek gure adinekoen zaintzan dituen ondorioekin. Koalizio aurrerakoiaren azken helburua da zaintza-sistema osoa publikoa egitea, egungo sistema enpresariala gailentzen ez duen bizitegi-eredu berri bat eratzeko. Hala ere, Foru Aldundiari epe laburrean egoitzen gatazka korapilatsuari konponbidea ematea proposatu dio, Foru Gobernuarekin aurrekontu-akordio batera iristeko benetako borondatearen erakusgarri.

Une honetan, herritarrek ziurtasuna eskatzen dute pandemiaren ondorio larrien aurrean. Hori dela eta, Elkarrekin Podemos-IUk, egungo krisiari erantzuna emango dioten aurrekontuak ez direla onartu arren, erantzukizunez, Markel Olanoren exekutiboari eskua luzatu zion akordio batera iristeko, lurraldeko herritarren bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko, zaintza-sistemaren kalitatea bermatuz. Maria Valientek gogorarazi du, iazko datuen arabera, egoitzetan lan egiten duten 5.000 pertsonetatik 300 pasatxo Kabia foru-erakundeak kontratatzen dituela, hau da, langile guztien % 6 baino ez, nahiz eta Gizarte politiketako Departamentuari atxikitako 40,8 milioi euroko aurrekontuaren % 70 egoitzetarako ondasun eta zerbitzuen gastu arruntera bideratzen den.

“Proposamena gaitzestea zaila zen; izan ere, pandemiaren aurrean ahulenak diren pertsonak zaintzen dituztenen lan erregulazioaren arazo larriari erantzun nahi zaio, eta oinarrizko zerbitzuetako langile guztiak bezain kutsatuta daude”, kritikatu du Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak, Aldundiak proposamenari uko egin diolako.