Prentsa oharra

Larunbat honetan, otsailaren 20an, amaituko da Ekonomia Bultzatzeko zinegotzigoak Donostiako Sustapenaren bidez abian jarritako kanpainari atxikitako Donostiako ostalaritza-establezimenduetan trukatzeko online deskontu-bonuak erosteko epea. Bonuak http://www.donostiapikotea.eus webgunean eros daitezke, eta 2021eko apirilaren 30era arteko epea dute horiek trukatzeko. Bonuen bidez, % 30eko deskontua eskaintzen da, hiriko taberna eta jatetxeetako kontsumoa bultzatzeko

Marisol Garmendia Sustapen Ekonomikoko zinegotziak adierazi duenez ”orain, ostalaritza irekita dagoenez, sektoreari laguntzeko aukera eskaintzen diegu herritarrei, eta, aldi berean, % 30eko deskontua izango dute beren kontsumizioetan, dela lokalean egindakoetan, dela eramateko enkarguetan.Sektorea indartzeko eta negozioen biziraupena eta, ondorioz, sortzen dituzten enpleguak bermatzeko programak eta laguntzak ari gara sortzen”.

10€-ko bonuak dira; horietatik 7€ ordaintzen ditu bezeroak, eta gainerakoa Donostia Sustapenak. Bonuak online erosi behar dira, aukeratutako ostalaritza-establezimendu bakoitzeko, eta bezeroak jarri behar du harremanetan establezimenduarekin zer kontsumo mota egin nahi duen zehazteko: lokalean bertan izan daiteke edo etxera eramateko eskaera egin daiteke.

Pauso hauek eman behar dira erosketa egiteko:

1.- Erosleak zer establezimendutan kontsumitu nahi duen aukeratzen du. Plataforman, auzoka, establezimendu motaren arabera edo bilatzailean izena jarrita aurki daitezke establezimenduak.

2.-Establezimendu bakoitzeko erosi nahi den 10€-ko bonu kopurua aukeratzen da.

3.- Ordaintzeko orduan, 10€-ko bonu bakoitzeko 3€ deskontatzen dira; beraz, bonu bakoitzagatik 7€ ordaindu behar du bezeroak. Nahi adina bonu eros daitezke establezimendu bakoitzeko.

4.- Erosleak mezu elektroniko bat jasotzen du, kode batekin, bonuen erosketa berretsiz. Ostalariak mezu elektroniko hori bera jasotzen du, kontsumitzeko orduan bonuen aldaketa berretsi ahal izateko.

5.- Aldi berean hainbat establezimendutan eros daitezke bonuak, eta, ondoren, erosleak nahi duenean alda ditzake.

6.- Bezeroak erabakitzen du eskatutakoa etxera eramatea nahi duen ala establezimenduan bertan kontsumitu nahi duen.

7.- Trukatzeko epea 2021eko apirilaren 30an amaituko da.

Sustapen Ekonomikoko udal-arloa Donostia Sustapenaren bitartez eskaintzen ari den laguntzen barruko ekimena da honakoa. Hain zuzen, Covid-19ak eragindako krisiak hirian gehien erasan dituen sektore ekonomikoei zuzendutako Ekonomia Indarberritzeko Planaren bitartez ari da ematen laguntza horiek.