Prentsa oharra

Azken aldian, konfinamendu perimetralak eta segurtasun neurriak tarteko, jende asko etortzen ari da Igeldora. Arazoa da horietako batzuk zaborra edonon botatzen dutela eta ingurua penagarri uzten dutela. Herritarrak oso kezkatuta gaude eta horren aurrean, Herri Kontseiluak deialdia zabaldu zuen (igandea) auzolanean zabor bilketa egiteko. Ekimenarekin agerian utzi nahi izan dugu Igeldon gertatzen ari dena, hau da, zabor ugari pilatzen ari dela bide baztarretan, zelaietan, arroka inguruetan, kaxkoan… Horren aurrean, bi eskaera ditugu. Alde batetik, hona etortzen direnei eskatu nahi diegu Igeldorekin errespetuz jokatzeko eta zaborra behar den lekuan botatzeko. Eta bestetik Donostiako Udalari eskatzen diogu zabor bilketako zerbitzua indartzeko. Guk gaur egin duguna Udalak bermatu beharreko zerbitzua da. 


Igandeko ekimenaren kronika:Goizeko 10etan egin dugu hitzordua plazan eta gehienak hantxe elkartu bagara ere, batzuk abisua pasa dute zuzenean zaborra pilatzen den punturen batera joango direla esanaz, eta beste batzuk berriz, beranduxeago elkartu dira. Denera 80 bat lagunek egin dugu bat ekimenarekin.Plazan elkartutakoak talde txikitan banatu gara (segurtasun neurriak kontuan hartuz) eta puntu ezberdinetara joan gara. Zaborra gehien pilatzen ari den puntuak identifikatuta, hara abiatu gara: amezti-tximistarriko itsasertza eta miradorea, lasarmendi bidea, mendizorrotzeko antenen ingurua eta bentarako bidea, kaxkoa eta agitiko arrokak… jende asko elkartu garenez, beste txoko batzuk garbitzera ere joan dira batzuk ondoren.Denetarik jaso dugu, baina batez ere, edari eta janari arrastoak: zerbeza latak, freskagarriak, likore botilak, jakien plastikoak… Denera 45 bat zabor poltsa haundi bildu ditugu. Bakoitza dagokion lekuan bota ostean, amaitutzat eman dugu ekimena 13:00ak aldera. Lan ona eginaren sentsazioarekin bukatu dugu denok, pozik, baina gehiagotan halakorik egin behar ez izateko nahiarekin.

Errespetatu eta zaindu Igeldo!