Prentsa oharra

Kutxa Kultur Plazako erakusketak 1953 eta 1970 arteko hogeita hamar argazki bildu ditu.

Erakusketaren komisario-lanak Zinemaldia 70: historia posible guztiak proiektuko lantaldeak egin ditu (Estatuaren Loteria eta Apustuen sozietatean diruz lagundutako proiektua).

Lehen Urratsak. Beste begirada batzuk Donostia Zinemaldiaren historia bisualari (1953-1970) erakusketa inauguratu da gaur Kutxa Kultur Plaza aretoan, Tabakalerako laugarren solairuan. Donostia Zinemaldiak, Kutxa Fundazioak eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatu dute erakusketa, eta berrogeita hamar urtetik gorako hogeita hamar irudi biltzen ditu. Zinemaldiaren argazki-funtsetatik eta Kutxatekako bildumatik atera dira irudiak.

Zinemaldia 70: historia posible guztiak (Z70) proiektuko lantaldeak egin ditu komisario-lanak, Pablo La Parra Pérezek zuzenduta. Z70 proiektuak 2020an ekin zion Zinemaldiaren argazki ondarea lantzeari, bi lan-ildotan: Zinemaldiko artxiboaren argazki-funtsa kontserbatzea, katalogatzea eta ikertzea; eta Kutxatekaren bildumako funtsak aztertzea eta katalogazioa hobetzea. Erakusketa hau oraindik abian den lan horren lehen emaitza publikoa da.

Sail Ofizialean lehiatu ziren emakumezko lehen zuzendariak

«Lehen urratsen» ideiak bi zentzu ditu: Zinemaldiaren lehen urratsei egiten die erreferentzia baina, aldi berean, Z70 proiektuaren esparruan Zinemaldiaren argazki-ondarean murgiltzen garen lehen aldia ere bada. Erakusketak hausnarketarako bi bide irekitzen ditu, Zinemaldiaren estreinako edizioetako tentsioak aztertzeko: politikoak, generokoak eta klasekoak.

Horrela, alde batetik, erakusketa honek emakumeengan jartzen du arreta, baina izarren ohiko iruditik haratago doa: Zinemaldian parte hartu zuten emakumeak aurkezten zaizkigu, komunikabideen begiradatik urrun egon zirenak edota zinemaren historia ezarrian bazterrean utzitakoak, hala nola zuzendari- edo gidoilari-lanetan aritutakoak edo langileak berak. Adibidez, erakusketan jaso dira Sail Ofizialean lehiatu ziren emakumezko lehen hiru zuzendarien argazkiak: Julia Solntseva (1965), Tatiana Lioznova (1966) eta Judit Elek (1969). Erakusketak star zinematografikoak eraiki eta komunikabideen kontsumo- eta miresmen-objektu bihurtzeko mekanismoak ere aztertzen ditu. Adibide paradigmatiko gisa, erakusketan aztertzen da komunikabideek nola eraiki zuten Marisolen rola Pepa Floresekin, Donostian 1960an lehen aldiz agertu zenetik, hamabi urte baino ez zituenean, hurrengo urteetan izar ospetsu gisa egin zituen agerraldietara arte.

Bestalde, Lehen Urratsak. Beste begirada batzuk Donostia Zinemaldiaren historia bisualari (1953-1970) erakusketak beste tentsio puntu bat ere aztertzen du: herritarren artean Zinemaldiak sortzen zuen ikusminaren eta ekitaldi ofizial gehienen esklusibotasun eta elitismoaren artekoa, alfonbra gorriaz haratagoko mundua erakusten duten argazki batzuen bidez. Era berean, Zinemaldiaren alderdi instituzionalenak erakusten ditu, bai eta diktadura frankistak egiten zuen instrumentalizazioa ere, erregimenaren nazioarteko erakustoki bezala erabiltzen baitzuen. Esate baterako, Carmen Polo eta erregimenaren beste handiki batzuk Zinemaldian erakusten dituzten irudiak, agintari zibil eta militarren presentzia ekitaldi ofizialetan, baina baita askatasunerako zirrikitu batzuk ere, hala nola Astorian 1968an egin zen Ama Lur filmaren proiekzio ospetsua.

Z70 Donostia Zinemaldiaren eta EQZEren ikerketa-sailaren elkarlanaren emaitza da. Ikerketa-proiektu hau Estatuaren Loteria eta Apustuen sozietateak lagundu du diruz, eta kolaboratzaile izan dira Kutxa Fundazioa, Euskadiko Filmategia eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa. Proiektuak agerian utzi du zer garrantzitsuak diren Zinemaldiaren dokumentu-funtsak (gutunak, argazkiak, egunkari eta aldizkarietako kritikak eta berri laburrak), 1953tik Zinemaldiaren artxiboan gorde direnak. Proiektuaren helburu nagusia da hausnarketa bat piztea Zinemaldiaren iragan, orain eta etorkizunaren inguruan, bai eta zinema-sorkuntzarekin eta pentsamendu garaikidearekin kritikoak diren elkarrizketa batzuk bultzatzea ere.

Zinemaldiak urte osoko jarduera bat izan nahi du, eta helburu horri erantzuten dio erakusketak. Ildo horretan, erakusketari lotuta, martxoaren 20an Zinemaldia + zikloaren barruan Judit Eleken film bat proiektatuko da, Zinemaldian lehiatzeko aurkeztu zuena, hain zuzen: Sziget a szárazföldön (The Lady from Constantinople, 1969).  Pablo La Parra Pérez proiektuaren arduradunak eta Anna Babos EQZEko ikasleak aurkeztuko dute filma.

Erakusketa gaur inauguratuko da, otsailak 24, eta apirilaren 25era egongo da zabalik.  9:00etatik 21:00etara egongo da irekita astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 22:00etara larunbatetan eta 10:00etatik 21:00etara igandeetan.