Prentsa oharra

Aditu guztiak bat datoz honetan: COVID-19 kutsatze gehienak espazio itxietan gertatzen dira. Horregatik, ikastetxeetan karpak jartzea funtsezkoa da pandemiari aurre egiteko. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak ez du aparteko ahalegin ekonomikorik egin arlo horretan, ohiko dirulaguntzak birformulatzera mugatu da, ekarpen ekonomikoa handitu gabe. Laguntzak tramitatzeaz arduratzen den Donostiako Udal gobernuak ere ez du aparteko ahaleginik egin.


Horren guztiaren ondorioz, bi ikastetxek bakarrik baliatu ahal izan dute diru-laguntza hori karpak jartzeko, azken egunotan ikusi dugun bezala, eta laguntzarik kanpo geratu dira gainerako ikastetxeak.

2020aren amaieran, Eusko Jaurlaritzak Udalaguntza-2020 urteko laguntza ekonomikoaren deialdia argitaratu zuen, udal-jabetzako higiezinetan obrak gauzatzeko eta karpak hornitzeko eta instalatzeko gastuak finantzatzeko helburuarekin. Udalaguntza-2020 urtero esleitzen den laguntza da, baina aurtengo berrikuntza da, ikastetxeak dauden udal eraikinetako hobekuntza lanak egiteaz gain, diru-kopuru berarekin, COVID-19 pandemiaren testuinguruan, ikastetxeek karpak instalatzeko dirulaguntza ere jaso dezaketela.

Pandemian bete-betean sartuak egonagatik, eta kontuan hartuta Eusko Jaurlaritzaren gidalerroek gomendatzen dutela ahalik eta jarduera gehien aire zabalean egitea eta ikastetxe batzuen azpiegiturak kontuan izanik, egun inoiz baino garrantzitsuagoa da ikasleek aire librean eta patioan jolasteko aukera izatea. Hala eta guztiz ere, aurten Eusko Jaurlaritzak ez du aurreko urtean baino zentimo bat gehiago erabiliko (6.000.000 €).

Diru-laguntzak eskatzeko prozedurari dagokionez, udalen ardura zen ikastetxeen beharrak aztertzea eta karpa bat behar ote zuten erabakitzea. Dirulaguntza hau eskuratzeko, Donostiako hainbat ikastetxek egin dute patioan karpak ezarri ahal izateko eskaera, baina Udalaguntza-2020ak dituen diru-kopuru mugak direla-eta, ezin izango da eskola hauen guztien eskaera bete. Jakin dugunez, Donostiako bi ikastetxeren eskaerei besterik ez zaie aurre egingo: beste hainbat ikastetxe laguntza gabe geratuko dira.

EH Bilduren iritziz, ezinbestekoa da hezkuntza-komunitate guztien errealitate desberdinetara egokitutako alternatibak eskaintzea, eta gure hiriko klimatologia kontuan izanik, ezinbestekoa ikusten dugu dirulaguntza hau beharra adierazi duten edo izan dezaketen ikastetxeetara zabaltzea, inor kanpoan utzi gabe.

Hori guztia dela eta, osteguneko osoko bilkurari begira, EH Bildu udal taldeak adierazpen instituzional bat erregistratu du, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari udal-jabetzako higiezinetan karpak hornitzeko eta instalatzeko gastuak finantzatzeko berezko dirulaguntza bat ezar dezan, Udalaguntza-2020 dirulaguntzaz gain, horretarako beharra duten edo izan dezaketen ikastetxeen eskaerak bete ahal izateko.