Prentsa oharra

Aho batez onartu da EH Bilduren proposamena. Pandemiaren ondorioei aurre egiteko sektoreak egin duen eskaera bati erantzuten dio.

Donostiako ostalaritza txikiaren kezka oso handia da, mobilizazioetan adierazten ari diren bezala. COVID-19 dela eta administrazioek ezarritako murrizketen ondorioak konpentsatzeko, sektoreko langileek laguntza ekonomikoak eta udal tasak barkatzea eskatu dute. Eta ez bakarrik itxi behar izan duten egunengatik, baita kopuru eta ordutegi mugatuekin irekita egon diren egunengatik ere.

Gaurko osoko bilkuran, Udal Jabari Publikoa Erabiltzeari eta Ustiapen Bereziari dagozkion 2020ko tasen (terrazen tasa) bigarren seihilekoko hobariak eztabaidatu dira.

Iazko irailean, Udalbatzak onartu egin zuen Udal Gobernuak eta EH Bilduk adostutako hobari bat, urteko lehen seihilekoan zoru publikoa mahaiekin eta aulkiekin okupatzegatiko tasaren gainekoa.

Gainera, pandemiaren garapenak izan zitzakeen eraginak aurreikusirik, EH Bilduk proposatutako beste hobari2
bat ere onartu zen, 2020ko bigarren sehilekoan administrazioren batek titularrari establezimendua irekitzea eragotziz gero ezartzekoa. Udalbatzarrean hasierako onarpena eman ostean, Gipuzkoako Ostalarien Elkarteak alegazioa jarri zuen eskatzeko hobarien ondorioak zabaltzea Covid-19aren eraginpeko epealdi osora, baita zabalik baina mugatuta egondako aldira ere. Horiek horrela, 2020ko bigarren seihilekorako % 33ko hobari bat ezartzea proposatu zuen Udal Gobernuak.

Proposamen horren aurrean, eta sektorearen eskaerak entzun ondoren, EH Bilduren ustez, beharrezkoa zen, alde batetik, laguntza horiek zabaltzea irekita baina mugatuta egon diren egunetara eta, beste aldetik, establezimendu txikienei arreta berezia jartzea (lehenengo seihilekoko hobariaren logika berari jarraiki), zaurgarrienak baitira. Horregatik, EH Bilduk ZUZENKETA egin zion Udal Gobernuaren proposamenari, eta Udalbatzak ONARTU egin du.


Honela geratu da hobari berria:
Kuotaren % 90eko hobaria jabari publikoa 10 mahai edo gutxiagorekin okupatzen duten establezimenduei, eta % 33ko hobaria jabari publikoa 10 mahai baino gehiagorekin okupatzen duten establezimenduei, ordenantzaren 2. eranskineko C) ataleko 1, 2, 3, 4a eta 4b epigrafeetan zehaztutako okupazioetarako.

Horrela, hobari hori eta iazko irailean onartutako beste biak BEHIN BETIKO ONARTUTA geratu dira. Esan beharra dago EH Bildurena izan dela eztabaidatu den zuzenketa bakarra, Elkarrekin Donostiaren eta PPren zuzenketak baztertu egin baitira akats formalengatik.

Bestalde, zuzeneko laguntzak eta hobari fiskalak kudeatzean Udal Gobernua erakusten ari den inprobisazioa salatu behar dugu. Pandemiaren hasierako asteetan egon zen ezjakintasuna igaro ondoren, uste dugu badela garaia laguntzak diseinatzeko irizpideak eta prozedurak behingoz argitzeko.

Nolanahi ere, pandemiaren ondorioei aurre egiteko fiskalitatearen eta laguntza publikoen erabilera sustatzen jarraituko du EH Bilduk. Izan ere, LABIren erabaki bakoitzarekin batera, erabaki sanitarioek eta politikoek sortzen dituzten kalteak konpentsatzeko laguntza ekonomikoen programa bat gehitu beharko litzateke.