Prentsa oharra

Generoa identifikatzeko txostenak emakume profesional gehiago hauteman ditu hautatuko filmetan ikuskatutako film guztietan baino, baina ehunekoa ez da inoiz %40 baino handiagoa izan.

Donostia Zinemaldiak genero-identifikazioaren bigarren txostena argitaratu du, hain zuzen ere, Donostia Zinemaldiko hautespen batzordeak ikusitako eta, azkenean, 68. edizioan programatutako filmetan lan egiten duten pertsonei dagokienez –zuzendaritza, ekoizpena, gidoia, argazkia, musika eta muntaketa kategorietan lan egiten dutenak–. Ezohiko urtea izan da arlo guztietan, baina ondorioak ere atera daitezke. Txosten honetan EAEko eta Espainiako ekoizpenen datuak genero-ikuspegiarekin jaso dira, gertueneko errealitatearen analisi zehatza izateko.

Hautespen batzordeak 2019ko urritik 2020ko irailera ikusitako 2.487 filmetatik kasuen % 65 eta % 80 artean egileak genero maskulinoarekin identifikatzen diren profesionalak izan dira. Berriz ere, ekoizpena, gidoia eta muntaketa izan dira arlorik proportzionatuenak. Batzordeak hautatutako 110 filmen artean genero femeninoak presentzia handiagoa izan du kategoria guztietan, baina ez du inoiz % 40ko parte-hartzea gainditu.

Analisiak bi salbuespen nabarmen ditu, eta bat datoz aurreko urteko atal desorekatuenetako birekin. Batetik, Perlak; kasu horretan, hautatutako filmen % 70 baino gehiago emakume batek zuzendutako filmak dira. Bestetik, Horizontes Latinos; kasu horretan emakume gehiago daude zuzendarien artean (% 61), gidoilarien artean (% 62), argazki-zuzendarien artean (% 54) eta muntatzaileen artean (%52). Zinemaldiaren 67. edizioarekin modu orokorrean erkatuz gero, genero femeninoaren partaidetzaren ehunekoak gora egin du, ez batzordeak ikusitako filmetan, baina bai aztertutako kategoria profesional guztietan hautatu eta programatutako filmetan, bereziki zuzendaritzan (% 10,5 gehiago), musikan (% 8,2 gehiago), gidoian (% 8 gehiago) eta ekoizpenean (% 7,6 gehiago).

Hala ere, ezin da ahaztu jaialdia ezohiko testuinguru batean egin dela; hain zuzen ere, pandemiak markatutako urtean. Nest saileko eta Ikusmira Berriak proiektuak garatzeko egonaldien datuak fidagarriagoak dira; izan ere, 2019an bezala, zuzendari eta gidoilari emakumezkoen parte-hartze handiagoa izatea babestu da. Horren haritik, Zinemaldiak hartutako konpromisoari eusten dio, jarraipena egin eta egiaztatzeko New Directors saileko zuzendari eta gidoilari emakumezkoen proiektu berriak hurrengo urteetan zinema-jaialdi honetako edo nazioarteko beste batzuetako lehiaketa ofizialetara iristen diren, eta zinema-eskoletako ekoizle, argazki-zuzendari, muntatzaile eta musika-konpositore emakumezkoek ibilbide zinematografikoa egiten duten edo ez.

Iaz bezala, Zinemaldiak emakumeen parte hartzea duten proiektu zinematografikoen presentziari buruzko datuen azterlana lehen aldiz argitaratu zuenean, irudi horrek abiapuntu gisa funtzionatzea espero da, datozen urteetan bilakaera nabarmena ikusi eta horren parte izate aldera. 2020ko edizioan, maskarez eta gel hidroalkoholikoaz gain, irudi bati eutsi nahi diogu; hain zuzen ere, Zinemaldiko lehiaketa-sailetako epaimahai guztiek saritutako zuzendari emakumezkoen irudiari –Sail Ofiziala, New Directors, Horizontes Latinos, Zabaltegi-Tabakalera eta Nest, hurrenez hurren–: Dea Kulumbegashvili (Georgia, 1986), Isabel Lamberti (Alemania, 1987), Fernanda Valadez (Mexiko, 1981), Catarina Vasconcelos (Portugal, 1986) eta Ashmita Guha (India, 1991).