Prentsa oharra

Pandemiak gogor kolpatu du Donostiako eredu sozio-ekonomikoa, gure inguruko hiriak baino gehiago, eta areagotu egin ditu aurretik zetozen desorekak eta joera negatiboak (langabezia eta prekarietatea, zahartzearen ondorioak, auzoen arteko desorekak,
etxebizitzaren arazoa…). Horregatik, aurtengo aurrekontu-egitasmoak izaera estrategikoa izan behar du. Hala ere, aurkeztu den aurrekontu-egitasmoa arrunta da. Iazko aurrekontu berak dira, baina diru-sarreren jaitsierari egokituak. Ez dago lehentasun politikoen birbanaketarik. Alegia, pairatzen dugun pandemia egoera kontuan hartzen ez duten aurrekontuak dira.

Aurrekaririk gabeko krisi sanitario, sozial eta ekonomikoan murgilduta gaude. Pandemiak agerian utzi ditu egungo hiri-ereduak zaintza arloan dituen gabezia larriak, auzoen arteko desberdintasunak areagotu egin dira, etxebizitzarekin ditugun arazoak biderkatu dira eta klima-aldaketaren aurkako borrokan atzera egiten ari garela ikusi da. Horregatik, aurtengo aurrekontuek balio behar dute Donostiak esparru horietan guztietan daraman norabidea zuzentzeko eta hiriak dituen erronka historikoei aurre egiten hasteko.

EH Bilduk lau lehentasunezko erronkak identifikatu ditu:
• Larrialdi soziosanitarioa: pandemian guztiok egiaztatu dugun bezala, Donostiak zaintza-sistema berri bat behar du. Neurri berriak behar dira irtenbideak emateko zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei, mendekotasunen bat dutenei, etxerik gabeko pertsonei, klaseak on line jarraitu ezin dituzten haurrei, eta abarri. Udal Gobernuak aurkeztutako aurrekontu-proiektua aztertu ondoren, pandemiak eragindako krisi soziosanitariori aurre egiteko neurri berezirik ez dagoela nabarmendu behar da. Izan ere, politika sozialeko partida gehienak pandemiaren aurretik bezala mantentzen dira, eta horietako batzuk ere jaitsi egiten dira.

• Etxebizitza-larrialdia: Donostia da Estatu osoko etxebizitzaren preziorik garestienak dituen hiria, bai erosketa-prezioari dagokionez, bai alokairuari dagokionez. Pandemiak ez du azken urteotako joera moteldu, areagotu baizik. Babestutako etxebizitza bat eskuratzeko 20.000 eskaera baino gehiago daude erregistratuta Etxegintzan, eta bizilagunak, batez ere gazteak, euren auzoetatik inguruko herrietara kanporatzeko prozesua horren guztiaren ondorio zuzena da. Hala ere, Udal Gobernuak zero euro
erabiliko ditu babes publikoko etxebizitzetarako 2021ean.

• Larrialdi klimatikoa: 2020ko martxoan, Udal Gobernuak “larrialdi klimatikoaren” egoera deklaratu zuen hirian. Adierazpen horretan, zenbait erronka zerrendatzeaz gain, Gobernuak politikak aldatzeko eta behar diren baliabideak emateko konpromisoa hartu zuen. Baina Larrialdi Klimatikoaren adierazpena gauzatzeko unea iritsi denean, aurrekontu-proiektuan ez da aipatu ere egiten larrialdi klimatikoaren egoera. Ekologia Departamentuaren partidak oso eskasak dira. EH Bilduren ustez, klima-aldaketaren aurkako neurri estrategikoak ere beharrezkoak dira krisi honetatik ateratzeko, egin behar ez denaren lezioa ikasi dugula adieraziz.

• Auzoen arteko desberdintasunekin haustea: aurrekontu-proiektu honek agerian uzten du udal-gobernu honek hiri-eredu zentralista baten alde egiten jarraitzen duela. Auzoetan proiektu ekonomiko traktoreak sortzeko asmorik ez dago, eta hori
funtsezkoa da auzoen arteko desberdintasun ekonomiko eta sozialekin amaitzen hasteko.