Prentsa oharra

“American Journal of Obstetrics and Gynecology” aldizkariaren ikerketa batek egiaztatu du emakume haurdun batek COVID-19 harrapatzen badu antigorputzak transferitzen dizkiola haurtxoari, eta ez birusa.

Koldo Carbonero ginekologoaren eta Quirónsalud-ek Euskadin eta Nafarroan dituen Laguntza bidezko Ugalketa Unitateen zuzendari medikoaren arabera, “ginekologiaren esparruan dagoen nazioarteko aldizkari mediko garrantzitsuenetako batean argitaratutako ikerketaren emaitzek erakutsi dute haurdun baten immunitate-sistemak haurdun egongo ez balitz bezala funtzionatzen duela”. Gainera, “amaren antigorputzak plazenta zeharkatu eta fetura iristen dira. Ez, ordea, birusa. Beraz, COVID-19 gaitzaren aurka borrokatzeko antigorputzekin jaiotzen dira haurtxoak”.

Ikerketa hori, obstetrizia eta ginekologiari buruzko Estatu Batuetako aldizkariak (American Journal of Obstetrics and Gynegology) berriki argitaratu zuena, New Yorken egin zen, 2020ko martxotik maiatzera bitartean, eta hainbat emakume haurdun aztertu ondoren ondorioztatu zuen emakume haurdunek eta haurdun ez daudenek antigorputzak sortzeko gaitasun bera dutela. Carbonerok adierazi duenez, datu hori “ez zen ezagutzen, emakume haurdunen immunitate-sistema nolabait deprimituta egoten delako”. Gainera, “haurdunaldian zehar koronabirusa harrapatu zuten emakumeen haur jaioberrien % 78k COVID-19ren aurkako antigorputzak zituen”, adierazi du ginekologoak ikerketari buruz.

Koldo Carbonero SEISEGO Espainiako Ginekologia eta Obstetrizia Elkarteko Antzutasun eta Ernalezintasun Saileko presidentearen eta Giza Ugalketa Lagunduaren Nazio Batzordearen kidearen aburuz: “berri bikain bat da. Haurdun dauden emakumeak asko lasaituko dituen aurkikuntza handia”. “Gainera, uste dut haurdun dauden emakumeei ere jar dakiekeela RNA mezulari bidezko txertoa, hala nola, Pfizerrena edo Modernarena. Txerto horiek ez dute kaltegarriak izan behar haurdun dagoen emakumearentzat eta, ikerketaren arabera, ama babesteko eta haurtxoarentzako antigorputzak sortzeko aukera emango diote. Oraindik ez dago teoria horri buruzko 3. faseko ikerketarik, baina uste dut hurbil gaudela”, esan du Koldo Carbonerok.

 Pandemiaren garairik gogorrenean, koronabirusarekin kutsatutako New Yorkeko 88 emakume haurdunek parte hartu zuten ikerketan, asintomatikoak batzuk eta sintomatologiarekin beste batzuk. Ikerketaren denbora osoan zehar egin zitzaien jarraipena, baita erditu ondoren haurrak aztertu ere, eta ondorioztatu zen haur gehienek antigorputzak zituztela gaixotasunaren aurka, baina batek ere ez zuela covid-ik harrapatu. Hau da, birusak ez duela plazenta zeharkatzen baina amak sortutako antigorputzek, bai.