Prentsa oharra

Maria Eugenia Arrizabalaga: “ Gipuzkoako 2021erako aurrekontu-proiektuak hiru jarduera-ardatz nagusi ditu: krisi soziosanitarioari aurre egitea, ekonomia suspertzen laguntzea eta pandemiaren ondoren Gipuzkoako ekonomiaren oinarriak ezarriko dituzten proiektu estrategikoak bultzatzea”

“Gaurko Osoko Bilkura honetan, datorren urterako Foru Aldundiko aurrekontuen tramitazioan aurrera-pausu handia eman dugu, aurkeztu diren osoko zuzenketei Ganbara honetako ordezkaritza demokratiko zabal batek ezezkoa eman dielako. Berri ona, Gipuzkoarentzat”, adierazi du Maria Eugenia Arrizabalaga EAJ-PNVren bozeramaile Gipuzkoako Batzar Nagusietan, 2021erako Foru Aurrokontuei osoko zuzenketen eztabaidatzeko Osoko Bilkuran. “Foru Aldundiak aurkeztutako aurrekontu-proiektua bat dator bizi dugun egoera pandemikoarekin. Gipuzkoak epe labur eta ertainean dituen erronkei aurre egiteko sortutako aurrekontu-proiektua da, baina, aldi berean, etorkizuneko Gipuzkoaren oinarriak finkatuz. Egoera zail honetan gure herritarrei eta gure industria-sareari laguntzera bideratutako aurrekontua da, krisialdi soziosanitarioari aurre egiteko baliabideak eskaintzen dizkiguna, Covid-19k eragindako krisi ekonomiko larriari erantzuteko”.

Ondoren, Maria Eugenia Arrizabalaga bozeramaile abertzaleak egoera pandemikoari aurre egiteko funtsezkoa den departamentu bati buruz hitz egin du. “EAJ-PNVko batzarkide-taldeak berriro ere eskertu nahi dugu Maite Peña Diputatuak zuzendutako Gizarte Politiketako Departamentuak egindako lana, krisi garai honetan desberdintasun sozialari aurre egiteko ezinbesteko tresna baita. Gizarte Politiketako Departamentuaren aurrekontua 419 milioira iristen da Aurrekontu Proiektuan – azpimarratu du Arrizabalagak –. Iaz baino 19 milioi gehiago, % 4,8ko igoera. Eta, gainera, gizarte-arazoei aurre egiteko helburua zeharkako helburu gisa ere aurkezten zaigu aurrekontuan: beste 12,4 milioi Adinberri zentrorako eta 3,3 milioi Ekonomia Sustatzeko Sailak Proiektu Estrategikoen esparruan jasotzen duen Elkar-Ekin ekimenerako. Guztira, ia 435 milioi euro gure babes sozialeko sistema indartzeko ” – azpimarratu du – .

Oposizioko taldeek aurkeztutako osoko zuzenketei dagokienez, EAJ-PNVko bozeramaileak galdetu du, “Bizi dugun egoera ezohikoaren aurrean eta aipatutako datu guzti horien aurrean, zer diote eh Bilduk eta Podemosek Gipuzkoan? Betiko diskurtso agortua. Aurreko ekitaldietako aurrekontuen eztabaidan erabilitako argudio berberak. Biek ala biek zalantzan jartzen dute Foru Aldundiak Gizarte Politiken arloan duen konpromisoa. Baina, egia esan, urtero gainditzen da gizarte-gastuaren errekorra. 600 euro gipuzkoar bakoitzeko 2021erako – nabarmendu du –. EH Bilduren osoko zuzenketak, besteak beste, “Covid Tasaren” proposamena du oinarri, Europako erakundeek gomendatutako neurria dela argudio faltsua erabiliz, nahiz eta jakin, Europak emandako gomendioak kontrako norabidean doazela. Batzar Nagusiek dagoeneko eztabaidatu dute “Covid tasaren” proposamena, eta gehiengo handiz baztertu dute. Baina zergatik ez zuen planteatu EH Bilduk tasa hori Madrilgo Aurrekontu Orokorren negoziazioan? Bitxia da horretaz Eusko Legebiltzarrean eta Batzar Nagusietan bakarrik gogoratu izana” – azpimarratu du Arrizabalagak –. “Elkarrekin Gipuzkoak aurkeztutako zuzenketari dagokionez, bere taldeak, Podemosek, beti joko bera egiten duela gogoraraziko dizuet: Ahaztu ezazue gobernatzen dudan tokietan ez dudala egiten, gobernatzen ez dudan lekuetan egin behar dela eskatzen dudana”. “Egungo egoeran, eraginkorrak eta erabakigarriak izan behar dugu. Egoera honetan Gipuzkoak, inoiz baino gehiago, erakundeei laguntza eskaintzea eta agintari eta talde politikoen ardura eta erantzukizuna behar ditu. Titular deigarrien bilaketa alde batera utzi eta interes orokorrean pentsatzeko garaia da, guztiok batera lan egiteko unea. Beste jarrerek ez baitiote inongo ekarpenik egiten Gipuzkoako interes orokorrari, ezta gure lurraldeko herritarrei ere – gaineratu du – “.

Amaitzeko, Maria Eugenia Arrizabalaga EAJ-PNVko bozeramaileak adierazi duenez, “Gipuzkoarako aurrekontu-proiektuak pandemiak sortutako Lurraldearen benetako egoerari erantzuten dio, eta hiru jarduera-ardatz nagusi ditu oinarri: krisi soziosanitarioari aurre egitea, ekonomia suspertzen laguntzea eta pandemiaren ondoren Gipuzkoako ekonomiaren oinarriak ezarriko dituzten proiektu estrategikoak bultzatzea”. “Azken finean – gaineratu du – krisia gainditzen eta Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei aurre egiten lagunduko diguten aurrekontuak dira. Gipuzkoak behar dituen aurrekontuak”.