Prentsa oharra

Ekainean Zubieta kalean, metro-pasantearen obretan agertu zen lehen zuloaren ondoren, Euskal Trenbide Sareak (ETS) lurra finkatzeko esku-hartze bat iragarri zuen. Zehazki, abuztuan, prentsa-ohar batean, injekzio-elanen iraupena 3 hilabetekoa izango zela adierazi zuen. Epea igaro ondoren, eta azaroan bigarren zuloa agertu ondoren, ETSko zuzendariak esan zuen obrak beste 2-3 hilabetez luzatzen zirela. Orain Udalak jakinarazi du lan horiek beste 3 hilabete luzatuko direla, luzapenaren arrazoiei buruzko azalpenik eman gabe.

2020ko abuztuaren 3an, prentsa-ohar baten bidez, ETSk jakinarazi zuen Kontxako hondartzako arkupeetan, kabina kolektiboen eta erlojuetako sarbidearen arteko tartean, metro-pasantea igarotzen den lurra finkatzeko injekzio-lanak hasten zituela. “Ekainaren 5ean izandako gertakariaren ondorio gisa definitu diren jarduketa osagarriak” ziren. Jakinarazi
zuten injekzio-lan horiek 3 hilabete iraungo zutela.

Hala ere, jarduketa horiek ez zuten lortu azaroaren 17an Zubieta kalean agertu zen bigarren zuloa saihestea. Horren aurrean, EH Bilduk eskatu zuen ETSren obren jarraipenerako Udal Batzordearen bilera deitzea, eta Batzorde hori amaitzean, ETSko zuzendariak prentsaren aurrean jakinarazi zuen hilabete batzuk gehiago luzatuko zirela injekzio-lanak, “Aste Santura
arte, gehienez ere”.

Orain, Eneko Goiaren Gobernuak jakinarazi du Kontxako arkupeetako injekzio-lanak beste 3 hilabetez luzatuko direla. Atzoko oharraren testua abuztuaren 3ko ETSko oharraren berdina da, baina 7 hilabete geroago. Halere, Udalak ez du informazio gehiagorik ematen atzerapen berri honen arrazoien inguruan, ez eta arazo gehiago atzeman dituzten ere.

Jakina denez, Easo-Mirakontxa tartearen bigarren lizitaziorako lehiaketa publikoa irekita dago une honetan. Momentuz, % 130 gainkostua pilatu du zati honek eta, gainera, zuloak agertu ondoren, ETSk esan zuen metro-pasantea martxan jartzea 2022tik 2024ra atzeratzen zela. Ondoren Arriolak 2025era arte atzeratzen dela adierazi zuen.

Laburbilduz, metroko pasanteak iluntasuna, bizilagunen eta langileen segurtasunerako arriskua, inprobisazioa, gainkostuak eta atzerapenak metatzen jarraitzen du. Obra faraoniko honek eragiten duen zulo ekonomiko eta soziala gelditzeko garaia da.