Agerraldia

Hurrengo astelehenean, martxoaren 8an, 20 urte beteko dira Asier Garcia eta Jon Zubiaurre altzatarrak atxilotuak izan zirela hemendik gertu, Buenavista auzoan. Ertzaintzak bost egun eduki zituen inkomunikatuak eta epailearen aurrean tortura latzak salatu zituzten. Baltasar Garzon epaileak, Jonen egoera ikusirik (aurpegiko eta sabeleko markak, burua altxa ezinik), salaketa ikertzea eta expediente bat irekitzea erabaki zuen. Hala ere, azkenerako, salaketa artxibatua izan zen.

Geroztik, eta beti sakabanaturik, Espainiako Estatuko hainbat espetxetan egon dira preso: isolaturik askotan, orain arte beti lehen graduan, haien senide eta lagunengandik ehunka kilometroetara… Alcala Meco, Soto de Real, Valdemoro, A Lama, Jaen, Badajoz, Puerto I, Burgos eta Villabona. Zerrenda luzea. Milaka eta milaka mendeku kilometro egin behar izan ditugu Jon eta Asierren senide eta lagunok, baita dispertsioaren aurpegi ilunena ezagutu ere: Jonen aitak eta Asierren bikotekideak izandako istripuak ahaztu ezinean gaude. Ezin ahaztu ere ez Jon eta Asierrek agurtu ezin izan dituztenak: Asierren aita Mikel, osaba Joxean, Olaia,
Imanol, Arantza…

Azaroan Jon Burgoseko espetxera hurbildu zuten eta Asier duela bi hilabete mugitu zuten Asturiasera. Biek bigarren graduan sailkatzea lortu dute eta aldaketa horiei esker haien zein senide eta lagunon zama pixka bat arinduko da. Eta poztekoa da hori.

Baina ezin ukatu nahikoa ez zaigunik. ETAk bere burua desegin zuenetik 10 urte igaro dira, hiru urte Euskal Preso Politikoen Kolektiboak hausnarketa abiatu eta espetxeak husteko eta dispertsioarekin amaitzeko bidea marraztu zuenetik. Bada garaia beraz, Asier eta Zubirekin batera, eta herri honetan elkarbizitza, bakea eta askatasuna erdietsi dezagun, euskal preso politikoak etxean eta geure artean izateko.

Horregatik, hurrengo larunbatean, martxoaren 13an, Asier eta Zubiren senide eta lagunok antolatu dugun kalejiran parte hartzera dei egin nahi dugu. Hiru zutabe aterako dira arratsaldeko 17:00etan, lehena Bidebietako Isasa parketik, bigarrena Altza Kaskotik eta hirugarren San Pedroko frontoitik. 17:30ean elkartuko gara Nornahi plazan eta Herrerako San Luis plazan emango diogu amaiera kalejirari. Zabal dezagun mezua badiako lau haizetara, eta iritsi dadila espetxe ilunen barren-barrenera!

Asier eta Zubi Altzan nahi ditugulako. Konponbidea, bakea eta askatasuna nahi dugulako.
Euskal preso eta iheslariak etxera