Prentsa oharra

Sail Ofizialean lehiatu zen ‘Akelarre’ filmak bost sari jaso ditu, eta New Directors sailean hautatutako ‘Ane’-k, hiru: egokitutako gidoi onena, emakumezko aktore protagonista onena eta emakumezko aktore berri onena.

Donostia Zinemaldian aurkeztutako zortzi filmek hemezortzi Goya sari lortu dituzte Malagan. Zinemaldiaren azken edizioan estreinatu ziren Akelarre eta Ane euskal ekoizpenek zortzi sari jaso dituzte.

Sail Ofizialean lehiatu zen Pablo Agüeroren Akelarre filma honako kategoria hauetan nagusitu da: jatorrizko musika (Aranzazu Calleja eta Maite Arroitajauregi), zuzendaritza artistikoa (Mikel Serrano), efektu bereziak (Mariano Garcia Marty eta Ana Rubio), jantzien diseinua (Nerea Torrijos) eta makillaje eta ile-apainketa (Beatushka Wojtowicz eta Ricardo Molina). Kuantitatiboki, Akelarre izan da galan sari gehien lortu dituen filma: bost.

David Pérez Sañudoren Ane filmak, New Directors sailean hautatua izan zenak eta Euskal zinemaren Saria eskuratu zuenak, emakumezko aktore protagonista onenaren saria (Patricia López Arnaiz), aktore berri onenaren saria (Jone Laspiur) eta egokitutako gidoi onenaren saria (David Pérez Sañudo eta Marina Parés Pulido) irabazi ditu.

Gainera, Fernando Truebaren El olvido que seremos Iberoamerikako film onenaren saria jaso du.

The Father filma, Toronton izan ondoren Perlak sailean aurkeztu zena eta Donostia Hiria Publikoaren Saria irabazi zuena, Europako film onena aukeratu dute.

RTVE galan estreinatutako Cesc Gayren Sentimental filmak antzeztaldeko gizonezko aktore onenaren saria (Alberto San Juan) jaso du.

Victor Monigotek eta Eduardo Gondellek zuzendutako La gallina turuleca lanak animaziozko film onenaren Goya saria irabazi du.au

Berlinalen estreinatu eta Malagan saritua izan ondoren, Made in Spain sailean aurkeztutako Las niñas filma irabazle nagusia izan da. Guztira, lau ‘Goya’ irabazi ditu: film onenaren saria, zuzendari berri onenaren eta jatorrizko gidoi onenaren sariak Pilar Palomerorentzat eta argazki zuzendari onenaren saria (Daniela Cajías); lehen aldiz, emakume batek sari hori irabazi du. Halaber, La boda de Rosa filmak –Malagako zinema-jaialdian ekin zion bere ibilbideari eta Made in Spain sailean ere parte hartu zuen– antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren saria (Nathalie Poza) eta jatorrizko abesti onenaren saria (Rozalén) jaso ditu.