Prentsa oharra

Ianko Gamboa: “EAJ-PNVk aurkeztutako zuzenketak apustu sendoa dira krisi soziosanitarioari aurre egiteko, ekonomia suspertzen laguntzeko eta pandemiaren ondoren Gipuzkoako ekonomiaren oinarriak ezarriko dituzten proiektu estrategikoak bultzatzeko”

 “EAJ-PNVk aurkeztutako zuzenketek 2021eko Foru Aurrekontuaren Proiektua hobetzen duten doikuntzak dakartzate. Krisi soziosanitarioari aurre egiteko, ekonomia suspertzen laguntzeko eta pandemiaren ondorengo Gipuzkoako ekonomiaren oinarriak ezarriko dituzten proiektu estrategikoak bultzatzeko apustu sendoa diren zuzenketak”, adierazi du EAJ-PNV btzarkide Ianko Gamboak, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordeko bozeramaileak, 2021erako Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Aurrekontu Orokorren zuzenketa partzialen eztabaida eta bozketa dela eta.

EAJ-PNVk gobernuko kideekin batera aurkeztutako zuzenketen artean, Ianko Ganboak COVID-19 laguntzen finantzaketari buruzko partidak azpimarratu ditu, eta horien artean, adineko pertsonentzako egoitzetako unitate psiko geriatrikoentzat gehikuntza zuzenketa bat nabarmendu du, partida guztira 3.957.062 eurokoa izanik.  Edo bestetik, gizarte-dinamizazioa, Gipuzkoako Foru Aldundiak Pasaiako biziberritzean hartutako konpromisoa, Lurraldeko Trantsizio Ekologikoaren garapen-prozesua indartzea, familia-zaintzako patroiei, adimen artifizialari eta bizitegi-ereduari buruzko aholkularitza, URArekin sinatutako esparru-akordiora bideratutako partida handitzea, berezitasun kulturala duen turismoa indartzea edota UNED Bergara Fundazioaren finantzaketa sustatzea dakarten zuzenketak. “Krisi soziosanitarioari aurre egiteko, politika sozialak sendotzeko eta ekonomia suspertzeko ahalegin sendoa egiteko zuzenketak –  azpimarratu du Ganboak –“.

EH Bilduk aurkeztutako zuzenketei dagokienez, EAJ-PNVko batzarkideak deitoratu du EH Bilduko batzarkide taldeari aurkeztu zaizkion zuzenketetatik bakar bat ere ez onartu izana. “Aparteko egoera bizi dugun arren – adierazi du Ianko Ganboak – EH Bilduk aurreko ekitaldietako argudio berberak ekarri ditu aurrekontuen zuzenketen eztabaidara eta gaur egun existitzen ez diren diru-sarrera fiskalen iturriak erabili ditu bere zuzenketen finantziazioa oinarritzeko”.

Azkenik, Ianko Gamboa Ogasun eta Finantza Batzordeko bozeramaileak azpimarratu du, egungo Foru Gobernuak negoziatzeko eta akordioak lortzeko azaldu duen konpromisoa, “Egungo gobernu taldearen jarrera negoziatzailearen erakusle da Podemosekin eta Alderdi Popularrarekin 44 zuzenketa adostu ditugula. Horien artean, nabarmentzekoak dira – jarraitu du – Emakumeen ahalduntze eta partaidetza soziopolitikorako programa, memoria historikoaren transmisioa eta dibulgazioa sustatzea, Berdintasunerako organoaren ekintzen garapena, Kultura Demokratiko programak, prestazio ekonomikoen jarraipenari buruzko hitzarmenak Gipuzkoako udalekin, lurraldearen trantsizio ekologikoaren garapen-prozesua indartzea edo txirrindularien eta oinezkoen mugikortasuna bermatzeko ahalegin publikoa areagotzea, besteak beste”.

“Azken finean, lurraldearen benetako beharrei aurre egiteko pentsatutako aurrekontua hobetzen duten doikuntzak dira, krisia gainditzen eta Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei aurre egiten lagunduko digutenak – amaitu du –“.