Prentsa oharra

EH Bilduk zuzenketa bat aurkeztu dio aurrekontu proiektuari Emakumeen Etxea Easoko suhiltzaileen eraikin zaharrera aldatzeko.


Ahots ugari ari dira esaten, behin eta berriz, beharrezkoa dela genero desberdinkeriak amaitzeko estrategiak ezartzea, batez ere pandemia honetan. Donostian, tresna indartsuenetako bat dugu arazo unibertsal horri heltzeko: Emakumeen Etxea.

Topaketa, laguntza, ahizpatasun, ahalduntze, aholkularitza, prebentzio eta antolaketarako gune bat da etxea, eta urtean milaka emakume joaten dira bertara, dozenaka ikastaro, lantegi, lan aholkularitzako zerbitzu, aisialdiko jarduera eta abarretara.

Zoritxarrez, Udalak eta Emakumeen Etxearen Koordinakundeak elkarren artean kudeatutako zerbitzu horren jarduera ikaragarri gutxitu da azken urtean, sarbidea mugatu eta neurri soziosanitarioak ezartzearen ondorioz; gainera, egoera hori areagotu egiten du jadanik ezaguna den espazio faltak.

Egoera horrek arriskuan jartzen du etxeak berak jarritako helburuak lortzea: “Hori oinarri izanda, Etxea, batetik, desberdintasuna errotik kentzeko borrokan aritzen diren talde eta elkarte guztiak antolatzeko esparrua da eta, hala, indarrak eta sinergiak sortzen dituen topagune bilakatu da”. Eta bestea: “Etxeak beste eginkizun bat betetzen du, aurrekoa bezain garrantzitsua: mugimendu feminista hazi eta indartzeko balio duen esparrua da. Izan ere, sentsibilizazioaren bidez eta Etxearen programazioari esker (lantegiak, hitzaldiak, e.a.), elkarte batean parte hartzen ez zuten emakumeak Etxearen elkartearen bitartez antolatu egiten dira eta, hala, mugimendu feminista handiagoa egiten da”.

Egoera horri aurrea hartuz, eta lehenbailehen neurri zuzentzaileak ezarri eta irtenbiderik onenak eman nahian, EH Bilduk proposatuta, Udalbatzak txosten bat egitea onetsi zuen, COVID-19ak jardueretan zer eragin izan duen eta egoera horrek zenbat emakumeri eragiten dien ikusteko.

Eskaera hartatik zortzi hilabete igaro dira, eta Berdintasun Bulegoak bidalitako dokumentu hau jaso dugu: “COVID-19ak eragindako krisiak Emakumeen Etxean izandako eragina”. Dokumentu hori, ordea, ·Emakumeen Etxearen 2019-2020 Memoriaren bertsio laburtu bat besterik ez da.

Eta oraindik ez dakigu eragin horrek zer ondorio izango dituen bertaratze datuetan, ez eta jarritako helburuak lortzeari ere. Gobernu honek milaka emakumeri eragiten dien arazo bat konpondu nahi badu eta Emakumeen Etxearen helburu eta proiektuak bete-betean babestu nahi baditu, guztiz beharrezkoa da egoera hau bideratzeko pauso irmoak ematea.

Hori dela eta, EH Bilduk INTERPELAZIO bat aurkeztu du, Udal Gobernuak erantzun dezan:
• Zer dela-eta ez da egin pandemiak Emakumeen Etxearen jarduera eta zerbitzuetan izan dituen ondorioen diagnostikorik?
• Zer dela-eta ez dakigu oraindik zer ondorio izango dituen aurrez aurreko zerbitzu eta jardueretara bertaratu ezin diren emakume horiengan guztiengan? Zenbat emakumeri eragin die orain arte zerbitzuak eten eta aldatzeak? Non biltzen dira lehen etxean elkartzen ziren taldeak? Zenbat jarduera aldatu dira? Zenbat jarduera eten behar izan
dira?
• Zer estrategia ezarriko du Udal Gobernuak programatutako jarduerak, ikastaroak eta zerbitzuak egin ahal izateko pandemia egoera mantentzen den bitartean?