Prentsa oharra

Euskadiko garapenerako GKE-ek egiaztatzen dute pandemiak desberdinkeria larriak eragin dituela herrialde zaurgarrietan baita galgatu ere pobrezia ezabatzeko eta giza eskubideen alde azken hamarkadetako aurrerapenak.

  • GGKE-ek hamaika urtez herritar ahulenei laguntzen egindako lana balio handikoa izan da krisialdi honen ondorioak arintzeko.
  • Elikagaien eta prebentziorako materialen banaketa, osasun-laguntza eta herritar ahulenekiko arreta izan dira euskal lankidetzaren ardatzak pandemiako urte honetan.
  • Dei egiten diete diru-sarrera oparoko herrialdeei txertoak eta tratamenduak metatu ez ditzaten, baliabide gutxiko herrialdeei ere horiek eskuratzeko aukera zabaltzeko.

Mundu mailako pandemiak urte bat betetzen duenean, nazioarteko lankidetzan ari diren 79 GKE biltzen dituen Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundeak Urtebeteko pandemiaren eragina euskal lankidetza lanean ari den herrialde kalteberetan izeneko txostena prestatu du. Bertan, larrialdi-egoerak herrialde pobretuetan izan dituen ondorioen balantzea egin dute, orobat erreparatuz ondorio horiei aurre egiteko Euskaditik elkartasunez emandako erantzunari eta garapenerako GKE-ek (GGKE) egindako lanari. Lan hori prestatzeko informazioak GGKE-ek, kooperanteek eta tokian tokiko lankideek eman dituzte (eskuragarri euskal kooperanteen kontaktuak).

Balantze horrek erakusten du pandemiak gogor jotzen duela Afrika, Asia eta Erdialdeko zein Hegoaldeko Amerikako herrialdeetan. Izan ere, horietan lehendik ere arazo larriak zituzten ekonomia, ingurumen, osasun, hezkuntza edo gatazka armatuen arloetan eta giza eskubideen bestelako urraketetan. Zaurgarritasun egoera horrek baldintzatu eta mugatu du larrialdiari emandako erantzuna. Gainera, pandemia honek agerian utzi ditu herrialde pobretuetako gabeziak, non euskal lankidetza aspaldi ari den lanean. Hain zuzen ere, GGKEak aspalditik ari dira bidegabekeria horiek salatzen.

Garapenerako lankidetza, irtenbidearen parte bat

Txosten honen arabera, GGKE-ek 12 hilabete hauetan egindako lana eta aurreko hamarkadetan zehar egindakoa balio handikoa izan da krisialdi honen ondorioak arintzeko. “Euskal lankidetzari, GGKE-ei eta gure gizartearen elkartasunari esker, nolabait samurtzen ari gara larrialdia; gure laguntzari esker, hobea da egoera oso txarrean diren milaka lagunen bizimodua, eta haien giza eskubideak bermatzen dira”, gogorarazten duten.