Prentsa oharra

2020ko uztailean, Tokiko Gobernu Batzordeak onartu zuen Donostiako Udalaren eta Sociedad Vascongada de Publicaciones SAren arteko hirigintza-hitzarmen bat, Diario Vascok Igaran dituen instalazioak hartzen dituen partzelaren zati handi baten hirigintza-birkalifikazioa egiteko. Zortzi hilabete beranduago, hitzarmen hau hasierara itzuli da, eta gaurko Tokiko Batzordeak aldaketa garrantzitsu batzuek onartu ditu.

Proposamen berrian, Gobernuak 3275 m² gehiago baimentzen ditu etxebizitza eraikigarritasunerako (% 18 gehiago) eta 325 m² gehiago erabilera komertzial/tertziarioko eraikigarritasunerako (% 118 gehiago). Era berean, babes-sozialeko etxebizitzaren figura agertzen da hitzarmen berrian (% 20), hasierako proposamenean ez zegoena. Horrela, hasierako hitzarmenean aurreikusitako etxebizitza tasatuen % 20 kontuan hartuta, Lurzoruaren Euskal Legean aurreikusitako gutxieneko % 40ra iristen da.

Eraikigarritasuna handitze horrekin, Gobernuak konpentsatu egiten du operazioan babessozialeko etxebizitzen kupo jakin bat sartu behar izateak dakarren errentagarritasun-jaitsiera.

Uztaileko proposamenean, babestutako etxebizitzei dagokienez, % 20 sustapen pribatuko araubide orokorreko Udal etxebizitza tasatuak aurreikusten ziren, hau da, etxebizitza babestuen artean modalitaterik garestiena. Ez zegoen aurreikusita baliabide gutxien dituzten kolektiboei zuzendutako babestutako etxebizitza publikorik.

Izan ere, EH Bilduk orduan ohartarazi zion Gobernuari, operazio pribatua izan arren, baliabide gutxien dituzten kolektiboei zuzendutako babes-etxebizitzarik ez aurreikustea legez kanpokoa izan zitekeela, azkenaldian ateratzen ari diren zenbait sententzia judizialetan frogatzen ari den bezala. Beraz, hirigintza-hitzarmenean sartu duten zuzenketa honek arrazoia ematen digu EH Bilduri eta etxebizitzarako eskubidearen alde borrokatzen ari diren Donostiako eragile guztioi.

Hala ere, hitzarmen honek onura handiegia izaten jarraitzen du alderdi pribatuarentzat, donostiar jendarteari ekarriko dizkion onurekin alderatua. Eraikigarritasuna handitzean, Eneko Goiaren Gobernuak ahalbidetu nahi duen birkalifikazioak Sociedad Vascongada de Publicaciones S.A.ren etekin ekonomiko maila mantentzea du helburu. Izan ere, birkalifikazio honek El Diario Vascori milioika euro erakarriko dizkio.