Komunikatua

Eusko Alkartasunak ibilbide historikoa du, eta beti izan du jarrera irmoa pertsona guztientzako giza eskubide guztien defentsan, eta urteetan zehar lan egin du gure herriaren bakegintzaren eta bizikidetza demokratikoaren alde.

Horregatik, Donostiako Hiri-erakundean beti babestuko ditugu norabide horretan ematen diren urrats guztiak. Gure hiriak eta gure gizarteak asko sufritu dute indarkeriaren ondorioz, eta biktima guztiek, errekonozimenduaz gain, egia, justizia eta erreparazioa merezi dute, eta biktimek ez dute inolaz ere merezi bere birbiktimizazioan sakondu dezaketen jarrerak edo ekintzak bizitzea; zenbait ekitaldi publikok eragiten duten mina ez dator bat biktimek merezi duten errespetuarekin.

Kasu honetan, udal-talde politiko guztiek aho bateko akordioak lortzea nahiko genuke, bizikidetza demokratikoaren bide horretan aurrera egitea ahalbidetuko duten konplizitateak ehuntzen jarraitzeko.

Eraiki nahi dugun bizikidetzan elementu asko hartu behar dira kontuan, eta horietako bat sortutako biktimekiko enpatia da, biktima horiek jasandako indarkeriaren jatorria edozein dela ere; izan ere, guztiek dute, salbuespenik gabe, egiarako eta justiziarako eskubidea. Gainera, kontuan izan behar da bizikidetza espazio komunean eraikitzen dela, eguneroko bizitzan, hiri-paisaian, indarkeria jasan zutenekiko errespetutik. Beraz, partekatu besterik ezin dugu egin zenbait omenaldi ezin direla eman bide publikoan.

Azkenik, Udaleko Giza Eskubideen Batzordeak bizikidetza demokratikoa lantzen jarraitzea nahi dugu, memoriaren, bizikidetzaren eta indarkeriaren deslegitimazioaren balioak sendotzearekin batera.