Prentsa oharra

• REPLICATE Europako proiektua dela-eta Urumea Ibarrean ezarritako neurriek
emaitza bikainak izan dituzte, eta Europako erreferentziazko smart hiri gisa kokatu dute
Donostia.
• Gaur, ostiralean, proiektuaren amaieraren anfitrioi izan da Donostia. Hain zuzen ere,
proiektu honetan online parte hartu dute eta beren esperientziak eta emaitzak azaldu dituzte
beste bi itsasargi hiriek, Bristolek eta Florentziak.
• Gure hirian, CO2 gasen isurpenak murriztu egin dira, Txomin auzoko etxebizitzetan
eginiko energia birgaiketari esker.


REPLICATE proiektuaren gidari izan da Donostia, Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigotik, Donostia Sustapenaren bidez. Proiektua 2021eko urtarrilaren 31n amaitu zen, bost urteko ibilbidearen ondoren. Ia 30 milioi euroko finantzaketari esker, energia eraginkortasunaren, mugikortasun jasangarriaren eta IKT eta azpiegituren arloko ekintzak ezarri ahal izan dira parte hartu duten hirietan: Donostian, Florentzian eta Bristolen. Aurrekontu osotik, 11 milioi Donostiari egokitu zaizkio. Hiri honek Txomin auzoa kokatu du smart eta jasangarritasunaren arloko erreferente moduan. Auzo hori hartu du proiektu pilotuak esperimentatzeko gune gisa, proiektuak probatu eta hiriko beste esparru batzuetan edo Europako beste hiri batzuetan errepika daitezkeen ikusteko.

Donostiako alkateak, Eneko Goiak, adierazi duenez, REPLICATE proiektuari esker “hirian zenbait proiektu suspertu ahal izan dira, eta horiek gure herritarren bizitza kalitatea hobetzea ahalbidetu dute. Energia birgaiketaren, klimatizazio jasangarriaren edo garraio elektrikoaren arloan proiektu aitzindariak garatu ditugu. Gure hiriak jada baditu esperientzia nabarmenak arlo horietan”, adierazi du. Alkatearen ustez, REPLICATE gisako programei esker, gainera, Europako Batasuneko erakundeak ikusgarri egiten dira eta herritarrentzat nabarmenak diren alderdietan gauzatzen dira. “Hori da modurik onena Europako eraikuntza proiektuari prestigioa eta balioa emateko, alderdi sozialari eta ingurumen lidergoari dagokienez”.

Bere aldetik, Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Marisol Garmendiak honakoa adierazi du: “Donostiak emaitza bikainak lortu ditu proiektu honi esker. Horrek erantzukizun plus bat dakarkigu, Europako beste hiri batzuek eredu hori jarraituko dutelako. Txomin Enea berrian ezarri diren neurriei esker, auzoa erabat eraldatu da, bai gizarte eraginaren arloan (bizi kalitatea hobetzea), bai ingurumen arloan (kontsumoa eta isurpenak murriztea), bai ekonomiaren arloan (aurrezpenak eta ekonomia injekzioa enpresentzat). Neurri horiek eredu gisa balioko digute, hiriko etorkizuneko auzoetan ezartzeko. Hain zuzen ere, egin diren proiektu batzuek, adibidez District Heating proiektuak edo urrutiko smart kudeaketak, hiri batzuen interesa piztu dute; hori da, adibidez, Suitzako Laussane hiriaren edo Alemaniako
Essen hiriaren kasua”.


Donostian abian jarritako REPLICATE proiektua hiru atal nagusitan banatu da:
1.- Energia eraginkortasuna. Txomin auzoan energia birgaiketa egin da (aurrealdeak, leihoak eta estalkiak), 156 etxebizitzatan eta 34 merkataritza lokaletan, eta bizilagunek onura handia lortu dute arlo hauetan: erosotasuna areagotu da, urtean 95 tn murriztu da negutegi efektuko CO2 gasen isurpena, soinu kutsadura murriztu da, eraikinen energia kalifikazioa hobetu da, estetika homogeneoa da eta etxebizitzen balioa igo egin dira.

Gainera, District Heating proiektuak, 773 etxebizitzari berokuntza sistema eta ur beroa ematen dienak, negutegi efektuko CO2 gasen isurpena murriztu du. Bestalde, etxebizitzetako kontsumoak monitorizatzen ari gara plataforma baten bidez, eta plataforma horri esker bertako bizilagunek beren energia kontsumoak denbora errealean ezagutu
ditzakete.


2.-Mugikortasun jasangarria. Bi autobus elektriko erosi ziren, eta, horiek, beste hiru autobus hibridorekin batera, Urumea Ibarra eta hiriaren erdigunea lotzen dituen autobusen 26.linea osatzen dute. Udal flotarentzat erositako lau ibilgailu elektrikoekin batera, eta trafikoko agenteentzat erositako sei moto elektrikoekin eta sei taxi elektrikorekin batera, urtean 300 tn murriztea lortu da CO2 gasen isurpena.

3.- IKTak eta azpieguturak. Hobetu egin da hiriko haririk gabeko eta abiadura handiko sare mugikorra, Donostia Sustapenak kudeaturikoa, eta, modu horretan, zerbitzua hobetu egin da. Gainera, udaletxeko udal zerbitzuei buruzko informazio guztia kudeatzea ahalbidetzen duen Smart plataforma bat garatu da. Era berean, herritarrek parte hartzeko plataforma bat ere jarri da abian. Plataforma horrek zenbait prozesu jada egin ditu, eta baita argiztapen sistema adimenduna ere 27. poligonoan; horri esker, CO2 gasen isurpenetan aurrezpenak izan dira (20 tn gutxiago urtean), eta elektrizitate gastua % 70 murriztu da. EKINTZA AKTIBOAK TXOMIN AUZOAN Energia eraginkortasunaren arloko aholkularitza. Une hauetan, energia eraginkortasunaren arloko aholkularitza eskaintzen ari gara Txomin auzoko etxebizitzei eta merkataritza establezimenduei. Beraien kontsumo elektrikoari buruzko banakako aholkularitza da, eta kontsumo hori murrizteko proposamenak. Herritarren partaidetza. Txomin auzoan, auzoan bertan parte hartzeko prozesu bat egin da. Elkarlanean gogoeta bat egin da, auzoaren ko-diseinu prozesuan herritarrek parte har dezaten; horretarako, pertsonen beharrei, kezkei, ohiturei eta usteei buruzko inkestak egin dira, banakako elkarrizketak pertsona desberdinei. Taldeko tailerren bidez, etorkizunean izan daitezkeen agertokiak aztertu dira, eta auzoan garatzeko ekintza proposamenak kodiseinatu eta lehenetsi dira.

SmartHomes proiektua. SmartHomes proiektu pilotua egin da Txomin auzoko etxebizitza sozialen udal eraikinean, Etxegintzarekin lankidetzan. 162 etxebizitza dituen eraikin honetan, monitorizazio sistema aurreratu bat jarri da. Sistema horretan, etxebizitza guztiek sentsore espezifikoak dituzte, eta bi etxebizitza pilotuk gailu eta sistema osagarriak dituzte. Modu horretan, errentari bakoitzak eskura ditzake bere berokuntza sistemaren eta ur bero
sanitarioaren kontsumoak, energia elektrikoaren kontsumoak, barne tenperatura, hezetasun maila, CO2 etab. Horrela, beren etxebizitzetako baliabideen erabilera ezagutu dezakete, eta erabakiak errazago hartu, etxebizitzetan erosotasun handiagoa lortzeko eta baliabideen erabilera optimizatzeko; horren bidez, etxebizitzaren eta eraikinaren eraginkortasuna sustatuko da.

REPLICATE proiektua Europako Batzordearen Horizon 2020 programak finantzatzen du (Ikerketa eta Garapenaren Esparru Programa Europan) Smart Cities and Communities (Hiri Adimendunak) deialdian. Helburua da hiriak, industria eta herritarrak biltzea, errepika daitezkeen negozio ereduak eta soluzioak erakusteko; negozio eredu eta soluzio horiek, gainera, etekin neurgarriak dakartzate energia eraginkortasunaren, mugikortasun jasangarriaren eta azpiegitura jasangarrien arloan.


INFO: https://replicate-project.eu
BIDEOA: https://www.youtube.com/watch?v=FXEN2eEtg1k