Prentsa oharra

Tabakalerako pantaila partekatuko hileroko fokuak, ostiral honetan, Eduardo Crespo, Mina Fitzpatrick, Manuel Muñoz Rivas, Magdalena Orellana eta Marina Palacioren lanak erakutsiko ditu

Larunbatean, Víctor Iriarteren ‘Etorkizuna’ podcastaren grabazioan, beraien hurrengo proiektuez hitz egingo dute.

Tabakalerako pantaila partekatuan, ostiral honetan (apirilak 2), Ikusmira Berriak programaren edizio berri honetan aukeratuak izanik egunotan Donostian beren zinema-proiektu berriak prestatzen ari diren zuzendarien bost film labur emango dira. Eduardo Crespo, Mina Fitzpatrick, Manuel Muñoz Rivas, Magdalena Orellana eta Marina Palaciok, Ikusmira Berriak programako zazpigarren deialdiko egoiliarrek, beraien aurreko lanak aurkeztuko dituzte Zinemaldia + Plus hileroko fokuko saio berri batean, 19:00etan hasita.

Larunbatean (apirilak 3), eguerdian, Tabakalerako Zinema eta Ikus-entzunezkoen programako arduradun Víctor Iriartek gidatuko duen mahai-inguru batean, zentroan prestatzen ari diren proiektuen berri emango dute. Bost zuzendariek Iriartek berak sortu eta zuzendutako El futuro podcastaren grabazioan parte hartuko dute. Podcast horretan, lantzen ari diren filmetako prozesuak, irudiak eta soinuak partekatuko dituzte harekin.

Bi saioak osagarriak dira eta Ikusmira Berriak programako egoiliarren bai iraganeko ibilbidea bai etorkizuneko proiektuak ezagutzeko aukera emango dute, zinemagile gisa egiten ari diren lanaren ikuspegi osoa izateko.

Eduardo Crespo zuzendari, gidoilari eta argazki-zuzendariak (Crespo, Argentina, 1983), zeina Donostia Zinemaldiaren azken edizioko Sail Ofizialean lehiatu baitzen bere hirugarren film luzearekin (Nosotros nunca moriremos/We will never die, 2020), bere zinemagile-ibilbidearen hasierako film labur bat aurkeztuko du, Amaina (2010). Crespo Ikusmira Berriak programako egonaldian prestatzen ari den proiektuaren izenburua La gruta del viento da. Aita batek eta bere alabak Italiako Toscanako kobazuloen paisaian izango duten berrelkartzeari buruzko istorioa da.

Mina Fitzpatrickek (1989) Wandervogel erakutsiko du. 2017an Nest sailean parte hartu zuen film horrekin eta orain izen bereko film luzea garatzen ari da Ikusmira Berriak programako egonaldian. Zuzendari estatubatuarrak, proiektu honetan, Texaseko basamortuaren gogortasunaren eta arroztasunaren erdian bere lekua bilatzen ari den parrizidioaz akusatutako gazte baten erretratua planteatzen du.

Bestetik, Manuel Muñoz Rivas (Sevilla, 1978) –Berlinalen El mar nos mira de lejos (2017) lehen lana estreinatu zuen–, Manantial film luzea prestatzen ari da, adineko senar-emazte batek Cazorla mendilerroan dagoen Guadalquivir ibaiaren sorburura egingo duen azken bidaiari buruzkoa. Zinemaldia + Plus saioan berak egindako Con el viento (2009) film laburra emango da.

Magdalena Orellanak (Buenos Aires, 1990), EQZEko bigarren promozioko ikasleak, A Smile Is Not a Paradigm film laburra aurkeztuko du. Bitartean, Hasta que el lugar se haga improbable film ertaina bukatzen ari da, Ipar Poloko misterioak ezagutzeko espedizio baten itxura duen fantasia bat. Errealizadore argentinarrak honako espazio hauetan erakutsi ditu bere lanak, besteak beste: TheFilmmakers’- Coop-en, Arte Ederren Zirkuluan, Cinetecan, MediaLab Pradon, BilbaoArten, CCCBn eta Madrilgo Erkidegoko Gazte Artea Aretoan.

Elías Querejeta Zine Eskolako (EQZE) lehenengo promozioko ikasle izandako Marina Palacio (Donostia, 1996) Y así seguirán las cosas izenburua duen bere lehen film luzea lantzeko baliatzen ari da Tabakalerako egonaldia. Proiektu horrek, zeinak Eusko Jaurlaritzaren Noka Mentoring programan ere parte hartu baitzuen, Palentziako herri bateko lagun talde baten nerabezarotik haurtzarorako bidea arakatzen du –denboran atzera eginda–. Zinemagile donostiarrak Ya no duermo (2020) film laburra aurkeztuko du Zinemaldia + Plus-en –iaz Zabaltegi-Tabakaleran programatu zen eta Kimuak katalogoaren parte izan zen–.