Prentsa oharra

Online argitalpen hau urtean bitan plazaratuko da, eta kultura zinematografikoak beste diziplina zientifiko eta humanistiko batzuekin dituen loturak aztertuko ditu, arreta berezia eskainiz euskal zinemari

Lehenengo alean Nestor Basterretxearen zinematografia lana aztertu da, konstruktibismoaren ikuspuntutik, eta Maria Jesusen ‘Tatus’ Fombellidaren lana aurkeztu da.

ZINE: ikerketa zinematografikorako koadernoak Elias Querejeta Zine Eskolak, Euskadiko Filmategiak eta Donostia Zinemaldiak plazaratutako argitalpen akademikoa da. ZINEren helburua ikerketa originalak argitaratzea da, ikasketa zinematografikoen arloan ezagutza espezializatua lortzen laguntzeko, diziplina arteko ikuspegi batetik.

Alorrerako garrantzitsuak diren ekarpen mota guztiak onartzen dituen arren, ZINEren helburu nagusia da euskal zinemaren eta ikus-entzunezkoen ondareari eta kulturari buruzko begirada berriak proposatzen dituzten lanak babestea eta argitaratzea, dela kontakizun kanonikoetatik kanpo geratu diren ikerketa kasuak aztertuz eta horiei balioa emanez, dela figura finkatuen berrikuspen kritikoa eginez, dela tokiko tradizio akademikoan horrenbeste garatu ez diren diziplina arteko metodologia berritzaileak praktikan jarriz. Laburbilduz, ZINE berrikuntza espazio gisa planteatzen da, eta euskal zinemari buruzko ikasketen mugak zabaltzea ez ezik, zinema ikasketenak ere zabaltzea proposatzen du Euskal Herritik.

ZINEren banaketa online egingo da, oso-osorik. Argitalpena proiektuan parte hartzen duten hiru instituzioen webguneetan egongo da eskuragarri, nahi duen orok euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez edo frantsesez deskargatzeko.

Harkaitz Millán Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura-diputatuaren iritziz, “ikerketa sustatzeko argitalpen-ildo bat sortzea bat dator zentroaren helburuekin eta haren ikerketa-jarduerarekin”. Diputatuak azpimarratu du euskal zinemaren azterketan arreta jartzea eta bertako ikertzaileek egindako lanaren zabalkundea sustatzea ere garrantzitsua dela. Euskadiko Filmategiarentzat koherentea da argitalpen honen garapenean parte hartzea, euskal ikus-entzunezkoen ondarea ikertzeko eta babesteko bokazioa baitu. Tabakaleran jarri zenetik erakundeak egiten dituen jardueren zati handi baten dibulgazio izaeraren osagarri dira bi lan ildo eta helburu horiek. Bestalde, Zinemaldiak argitalpenean parte hartzea urte osoko jaialdi gisa duen konfigurazioaren parte da, bere burua pentsatzen duen eta zinemarekin zerikusia duten gaiei buruzko azterketa eta ikerketa sustatu nahi duen lehiaketa gisa.