Prentsa oharra

Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensio pozik agertu da Gipuzkoak 2020an hiri-hondakinen %55 gaika bildu dituelako, hau da, dagoeneko lortu duelako Europar Batasunean 2025erako ezarri duen helburua.

Diputatuak ez du esan, ordea, lorpen hori hondakinen %55 ez baizik eta %70 edo are gehiago gaika biltzen duten herriei zor zaiela eta hainbat borroka politikoaren ondorio dela. Borroka horietan gipuzkoar gehinek hartu dute parte, hautes-interesetatik harago, baita batzuek jarritako oztopoetatik harago ere. Izan ere, PSE eta Asensio bera daude oztopoak jarri dutuztenen artean, baina hori ere ez du diputatu jaunak esaten.

Asensio diputatuak iazko hondakin-bilketaz egin duen irakurketan oraingoan ere ezkutatu duena da Donostia, alor honetan, “zona gorrian” dagoela.

San Marko Mankomunitatearen 2019ko datuen arabera (2020koak oraindik ez ditu webgunean argitaratu), DONOSTIAK HONDAKINEN %42 BAINO EZ DU GAIKA BILTZEN, hau da, 16 puntu Gipuzkoako bataz bestekoaren azpitik.

Datu honen argitan eta gaur egun indarrean dagoen hiztegia erabilita, Donostia zona gorrian dago, gaikako hondakin-bilketari dagokionez, eta, beraz, perimetralki itxi egin beharko litzateke.

Donostia inguratzen duten herri gehienak (Errenteria, Usurbil, Hernani eta Astigarraga) zona berdean daude. Horien artean Errenteria eta Usurbil dira hondakinak gaika gutxien eta gehien biltzen dutenak, %60 eta %80, hurrenez hurren.

Pasaia, berriz, zona laranjan dago, %54rekin.

Eta zona gorrian, esan bezala, Donostia (%42) eta Lasarte-Oria (%45).

(Donostiak eta neurri apalago batean Lasarte-Oriak garrantzi demografiko handia dutenez, San Markoren bataz bestekoa ez da %50era iristen).

Gauzak horrela, Asensio diputatuak Gipuzkoako datuengatik bere burua zoriontzea sarkasmo hutsa iruditzen zaigu. Izan ere, esan bezala, Donostia eta Lasarte-Oria gainerako herrien bataz bestekoaren oso-oso azpitik daude, eta, hara, bai Donostian eta bai Lasarte-Orian hondakin-bilketa Asensioren beraren alderdikideen ardurapean daude.

Are gehiago, Donostiako, Lasarte-Oriako edota Ermuako “alferkeriak” neurri batean zapuzten du Gipuzkoako herri ertain eta txikien ahalegina.

Ingurumen diputatuak bere greenwashing politika behingoz alde batera utzi beharko luke. Herritarrak benetan “kontzientziatu” nahi baditu, has dadila alor honetan ardura zuzenak dituzten alderdikideekin. Bilketa-datuak herrialde osoan antzekoak izan arte, behintzat.

Hondakin-bilketari dagokionez, premiazkoa da Donostia eta Lasarte-Oria zona gorritik ateratzea. PSEk eta Asensiok berak oraindik gainditu ez duten erronka da.