Prentsa oharra

18 hilabete luze igaro dira Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak Belartza gainatik pilaturiko harriak ateratzeko agindua eman zuenetik. 2 hilabeteko epea ematen zion Udalari epaian lanei ekiteko eta kostak ordaintzera kondenatu zuen. Salatu genuen urtebete pasata ez genuela sosik kobratu, baina azkenean hori bete zuten eta ordaindu zuten. Harriek ordea han diraute eta koskor bat bera ere ez da atera. Esan bezala, 2 hilabeteko epea eman, eta 2 urte egitera doazenean Donostiako Udalak aitzakiatan jarraitzen du Epaitegiak emandako agindua bete
gabe.

Badira 5 urte Belartza gainean Europa mailan intereseko habitata izendaturiko eta babesturiko belardi eta landa eremua suntsitzen hasi zirenetik. Irregulartasun eta ilegalitate andana salatu genituen eta Donostiako Udalaren atzetik ibili behar izan genuen. Hala eta guztiz ere, Auzitegi Nagusiak berretsi zuen bezalaxe Udalak legez kontrako baimena luzatu zion enpresari babesturiko habitat horretan aldi baterako harri pilaketa egiteko. Enpresak ez zuen bete, ez, baina baimena bera legez kontrakoa zen. Epaia betetzetik harago, babesturiko habitata, sega-belardia, lehenbailehen lehengoratu beharko litzateke. harriek gainera inguruko baso misto eta hariztian eragin negatiboa ere badu. Hortaz, Donostiako Udalari betearazpen subsidiarioa exekutatu eta bete dezala exijitzen diogu, harri guztiak luze gabe ateraz eta habitata berreskuratuz.

Udalak berak Larrildi klimatikoa aitortu eta aldarrikatu zuen harro eta ozen. Deklarazioan Lurraren defentsa hartu zuen argudio eta ingurune naturalaren artifizializazioa eta okupazioa kritikatu zituen, gelditzen diren berdeguneen defentsa
eginez. Horregatik hain zuzen ere, mundu mailan Lurraren Eguna ospatzen den honetan Donostiako Udalari koherentzia eskatzen diogu, hiria barrurantz eraikitzeko konpromisoa behingoz aintzat harturik. Ezin da artifizializazioa kritikatu eta aldi berean proiektu okupatzaileak sustatu. Belartza Goikoan lagundu nahi duten industrialde egitasmoak orain eremu naturala den tokia suntsituko luke hiriko gerriko berdeari kolpe latza emanez. Udalak epaia bete behar du lehenbailehen eta erabat zaharkituta gelditu den 2010eko Plan Orokorraren berrikusketa eta berridazketarekin batera Belartza Goikoa landa eremu gisa sailkatu behar du Unanue Landa Parkean txertatuz eta hura
garatuz.

Munduko arazo orokorrek, krisialdi ekologikoa ekarri digutenek, tokian tokiko erantzuna behar dute eta koherentziak nagusi izan behar du. Basozabalgo urbanizazio egitasmoa atzera botatzeko gauza izan diren bezalaxe, Antondegin edo Auditz Akularren etxebizitza andana eraikitzeari uko egin dioten bezalaxe, Antondegirako edo Belartza Goikorako dauden artifizializazio egitasmo guztiak baztertzea eta berriro landa eremu gisara sailkatzea eta Donostiako gerriko berdea sustatzea eskatzen diogu.