Prentsa oharra

Martxoaren 23ko prentsaurrekoan salatu genuen bezala, Donostiako Egia kaleko 22. zenbakian, SAREBek pultsu bat du lau etxebizitzetako bizilagunekin. Erakunde horrek eta bere kudeatzaile nagusietako batek, Haya Reale Estatek, ez dituzte alokairu kontratuak berritu nahi. 12 auzokideri eragiten diete alokairu-kontratu horiek, eta gaur egungo kontratuak amaitu ahala, maizterrak botatzeko prozesuak bultzatzen hasiko dira. Kudeatzaileak ez du elkarrizketarik egin nahi izan negoziazioa irekitzeko eta, une honetan, 87 urteko emakume bat egoera irregularrean dago. Alokairua ordaintzen ari da kontratua amaituta izan arren, eta ez daki noiz jasoko duen gutuna etxetik botatzeko datarekin. Gainerako maizterrak ere kontratuz kanpo geratuko dira hurrengo hilabeteetan; lehen familia aurtengo urrian, eta hurrengoa datorren urteko otsailean.

Argi utzi nahi dugu, gaur arte SAREBek uko egin diola maizterrei inolako azalpenik emateari, eta negoziazio-bideak ireki ordez, Real Haya Estate gestorearen bidez egoera desbideratu eta hondatzen saiatu dela.

Egia 22 blokeko etxebizitzen maizterrak jasaten ari diren biolentzia inmobiliarioa salatu nahi dugu. Biolentzia inmobiliarioa maizterrei presio eta xantaia etengabeak eginez, etxetik ateratzeko mehatxuak eginez, etab. burutzen du Cerverus putre-funtsaren jabetza den Haya Real Estate inmobiliariak.

Eta, batez ere, argi eta garbi esan nahi dugu ez dugula amore emango itxitura horren aurrean eta biolentzia hauei guztiei aurre egiteko martxan jarri garela. Auzoko hogei bat auzo-, gizarte-, kultur-, hezkuntza- eta gazte- elkartek sinatutako auzo-akordioan jasotako aginduari jarraituz, joan den martxoaren 23an SAREBek erakutsitako itxitura hausteko ekimenak iragarri genituen. Horrela, ekimen bikoitza burutu dugu eremu instituzionalean, lehenik eta behin Udal Gobernuari SAREB-en aurrean bitartekaritza eskatuz, eta, bestetik, Udaleko talde politiko guztiekin maizterren egoera eta Egia 22 kasuaren inguruan adostu dugun auzo-akordioan proposatu diren konponbidearen giltzarriak aurkeztuz (maizterren kontratuak egungo baldintzetan berritzea, hutsik eta salgai dauden etxebizitza eta lokal komertziala berreskuratzea, haien izaera publikoa bermatuz: alokairu sozialeko etxebizitzak, etxebizitzen kasuan, eta
AUZOAK KUDEATZEKO ESPAZIO KOMUNITARIOA, merkataritzako lokalaren kasuan). Honetaz gain, sozializazio- eta mobilizazio dinamika bat aurkeztu dugu, zeina apirilaren 30ean egingo dugun manifestazio batekin amaituko den lehenengo fase honetan .

Egia 22 Etxebizitza Asanbladatik positiboki baloratzen ditugu eremu instituzionalean egindakoak. Udal Gobernuari
planteatutako bitartekaritza-proposamenari dagokionez, joan den apirilaren 14an, maizterrek eta asanbladako kideek osatutako ordezkaritza bat udal-ordezkariekin bildu ginen, eta ordezkari horiek bitartekaritzarako eta SaAREBekin negoziatzeko prest zeudela adierazi ziguten. Bitartekaritza hau gainera, Auzo Akordioan planteatutako gakoak defendatuz egingo zutela baieztatu ziguten; bai maizterrak egungo egoeran egongo direla bermatzeari dagokionez, bai salmentan dauden etxebizitzak eta lokala berreskuratzeari dagokionez.

Oposizioko talde politikoekin izandako bilerei dagokienez, azpimarratu nahi dugu maizterren egoerari buruz haiek guztiek erakutsitako kezka, zein, Auzo Akordioan proposatzen ziren gakoetan oinarrituz gatazka konpontzen laguntzeko erakutsi duten jarrera.

Ekimen instituzionalarekin batera, Egia 22ren inguruko sozializazio- eta mobilizazio-kanpaina bat jarri dugu abian datorren apirilaren 30erako deitu dugun manifestazio baten bidez eta atxikimendu handia lortu duen manifestu baten bidez. Horrela bada, apirilaren 30erako deitu dugun manifestazioak hiriko eragile sindikal, sozial eta politiko askoren babesa jaso du. Adierazpen horretan, atxikitako kolektibook zera azpimarratzen dugu: “Hau guztia administrazio publikoek eta erregimen inmobiliario ekonomiko-finantzieroek sustatzen duten espekulazio urbanistikoaren beste aurpegi bat besterik ez da; oinarrizko ondasun bat merkatuaren logikapean jartzen dute, gure auzoetatik eta espazio partekatuetatik kanporatzen gaituzten bitartean. Auzoa, hiria espazio kolektibo izateari utzi eta komuna den guzti hori merkantilizatzen dute, bizimodu kolektibo eta herritarrak garatzeko aukeraz desjabetzen gaituztelarik.”

Horrenbestez, argi eta garbi esan nahi dugu ez diegula utziko gure auzoak desjabetzen jarraitzen eta, honen aurrean, Egia 22 asanbladak dei egiten die bai Donostiako, eta bereziki, Egiako biztanle guztiei, Egia 22ko maizterrak babesteko eta defendatzeko mobilizazioekin bat egin, eta, finantza-erakunde horien jardueren aurrean gaitzespena agertu dezaten.

Manifestazioa Plaza Berritik abiatuko da 18:30ean (Iruresoro plaza) eta, auzoko kaleak zeharkatu ondoren, ekitaldi labur batekin bukatuko da Plaza Handian (Martín Santos plaza). Gure osasun-egoeraren jakitun, batzorde antolatzaileak beharrezko baliabide guztiak jarriko ditu distantzia soziala eta dagozkion neurriak (musukoa, etab.) bermatzeko. Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu talde sinatzaile guztiei eta auzotarrei.