Manifestua

Aurreko urteko egoera zailak erabaki gogorrak hartzera eraman gintuen: erabaki gogorrak eta zuhurrak. Osasuna eta bizitzak erdigunean jarri genituen, eta horregatik, gure jaiak bertan behera uztea erabaki genuen. Honen aurrean, ez
genituen besoak gurutzatu, eta jaiak ospatzeko modu berriak asmatzeri ekin genion gure herritarren osasun baldintzak lehentasuna izanik, noski. Eta ez, ez dugu Udalaren laguntza inondik inora jaso, trabak besterik ez ditugu aurkitu elkarrekin egin genezaken bidean: zuekin elkartzeko zailtasunak jarri zenizkiguten, dirulaguntzak ukatu, erantzunik jaso gabe gelditu ginen hainbat jai batzorde… Zuen erantzun bakarra honako hau izan zen: ez genuela gure hiritarren osasuna bermatzeko nahikoa baliabiderik. Guk argi dugu: zuek hiritarren osasuna bermatzeko baliabideak lortzen laguntzeko egin duzuen ahalegin bakarra dirulaguntzak kentzea izan da.

Gurekin jolastu zenuten, eta ongi gainera, sinestarazi baitzeniguten, jaiak berrasmatuz gero, posible izango zirela beste jai mota batzuk. Hau guztia, guretzat, denbora galtzea izan zen. Hasieratik argi zenuten: ez zenuten jai herrikoiak aurrera ateratzeko asmorik. Hori bai, turismoari bideratutako jaiak/kultur ekintzak antolatu zenituzten ZUEN “EZ JAIEKIN”. Berriro ere argi erakutsi duzue zein den zuen asmoa, eta jakin ezazue aurrean edukiko gaituzuela. Jai herrikoi, parte hartzaile eta euskaldunak bizirik daude zuek isildu nahi duzuen Donostian. Eta bai, posible da: posible da, osasuna lehentasun izanda, momentuko egoera kontuan hartuz, jaiak aurrera ateratzea.

Dagoeneko, aurten ere, lanean hasi gara. Hainbat jai batzorderen bilera eskaerak jaso dituzue, eta aurreko urteko bideari jarraiki, epe hau luzatzen hasi zarete: udaberrian oraindik ez dakigula zein izango den egoera, txertaketa kanpainaren arabera… luzatzen… Aitzakiak eta aitzakiak jarriz.

Bitartean, Jon Insausti Kultura Zinegotziak, Diario Vasco egunkarian, kulturaz beteriko udara izango dugula adierazi du. Guk ez al dugu, ba, kulturarik egiten? Zuek dagoeneko esan duzue zein asmo duzuen: aurreko urtekoaren antzekoa egingo duzue. Beraz, daukagun osasun egoerak, ez al du garrantzirik zuen jaiak/kultur ekintzak antolatzeko? eta gure jaiak/kultur ekintzak antolatzeko bai? Donostia Kulturako estatutuetan (“ GIPUZKOAKO A.O.—2007 martxoak 7 N.o 47 II. KAPITULUA EGITEKOAK ETA AHALMENAK 6. artikulua. Erakundearen egitekoak”) adierazita duzuen helburuetako bat, jaiak lagundu, bultzatu eta kultura sustatzea da. Hau da, zuen ekintzek adierazten dutenaren kontrakoa egitea.

Badakizue dirulaguntzak beharrezkoak direla gure jaiak/kultur ekintzak aurrera ateratzeko, eta oraindik ez dugu horren berririk. Baimenak normalean denbora dezenterekin aurkeztu behar izaten ditugu… Zuek aurtengo egoerara egokituko zarete edo soilik zuen ereduari begira geldituko zarete? Egoera ikusirik, elkarrekin bide bat egitea adostu dugu Donostiako jai batzorde ugarik, eta hainbat eskaera ditugu zuentzat:

Dirulaguntzak mantentzea.

Dagoeneko hainbat jai batzordek bete ezingo dutenez, jaiak baino 45 egun lehenago baimenak sartzeko epea, egoerara moldatzea. Jaiak/kultur ekintzak egiteko aukerarik balego, Udalak azpiegiturak jartzea.

Giza baliabideak beharko bagenitu, horiek eskaintzea.

Eskaera hauek momentuko egoeraren araberakoak izango dira, noski. Ez dira lehengo jai berberak izango, eta gure konpromisoa adierazi nahi dugu: geu ere egoerara moldatuko gara, momentuan momentuko neurrien araberako jaiak/kultur ekintzak antolatuko ditugu; guri dagozkigun osasun neurri guztiak beteko ditugu eta horretarako, zuen laguntza eta babesa ezinbestekoak izango dira.

Guk gure konpromisoa hartu dugu, eta zuek? Argi esan nahi dizuegu: eskaera hauei ezezkoa erantzuten badiezue, edo erantzunik jasotzen ez badugu, ez gara isilik geldituko. Gertatzen ari dena oso larria dela uste dugu, eta Udalak arduraz jokatu behar du, bai herritarrekin baita kulturarekin ere. Posible da Jai herrikoi osasuntsuak egitea denok gure aldetik jartzen badugu.

Orain arte ez duzue gurekin biltzeko asmorik adierazi, eta berriro egiten dizuegu gurekin biltzeko eskaera honetaz guztiaz hitz egiteko. Uste dugu egiten dugun lana hiriarentzat eta hiritarrentzat aberasgarria dela, eta Udalak, gutxienez, gu entzun behar gaituela. Beraz, zuek esango duzue noiz, baina denborak aurrera darrai, eta hainbat jai berehala izango dira.
Zuen erantzuna ahalik eta azkarren jasotzea espero dugu.

Gutun hau honako eragileok aurkezten dugu:


Antiguoko jai batzordea
Intxaur jai batzordea
Karmengo Jaiak
Amarako jai batzordea
Amara Berriko jai batzordea
Loiolako jai batzordea
Groseko jai batzordea
Igeldoko jai batzordea
Añorga Txikiko jai batzordea
Ibaetako jai batzordea
Larratxoko jai batzordea
Herrerako jai batzordea
Porrontxo jaiak
Añorgako jai batzordea
Intxaurrondo Zaharreko jai batzordea
Txomin Eneako jaiak
Amara Berri ABAE
Donostiako Piratak
Ipar Intxaurrondoko jaiak ( San Juan jaiak)
Martuteneko jaiak